Bego Gainza: "Negozio huts bihurtzen ari dira zaharren egoitzak"

Eneko Azkarate Laspiur 2019ko urr. 12a, 08:00
Bego Gainza Bergarako Mizpirualde egoitzaren aurrealdean.

Zaharren egoitzetako langileak greban daude azkeneko hilabeteetan, sektorean nagusi den ELA sindikatuak deituta. Gaur, Eskoriatzan eta Arrasaten egin dituzte protestak.

"Zerbitzu minimoak %70 eta %80koak dira; hortaz, kalera atera behar dugu protesta, igarri dadin", dio Bego Gainza ELAko ordezkariak. Bergarako Mizpirualde egoitzan egiten du lan. 1991 ezkero dihardu bertan.

Noiztik daroazue mobilizazioetan?
2018ko irailean hasi genituen mobilizazioak. Ez da greba etengabea izan, egun batzuetan egin dugu. Azkenekoz, irail erdialdean ekin genion eta urriaren 18an amaituko dugu. Donostia Zinemaldian, Keen Loach-ek bat egin zuen gure aldarrikapenekin. Azken egunotan, ibilaldiak egiten ari gara. Gauzak ez badira konpontzen, mugarik bako grebari ekiteko gertu gaude. 

Lan hitzarmen "duinak" aldarrikatzen dituzue.
Bai. 2012tik 2014ra bitarteko lan hitzarmena sinatu genuen; baita 2015koa eta 2016koa ere, hainbat borrokaren ostean. Orain, 2017, 2018, 2019 eta 2020koa sinatzeko, patronalak eta Gipuzkoako Diputazioak soldatak ez igotzea proposatu digu. Ez gaude onartzeko gertu. Mileuristak gara. Negoziatu egin nahi dugu, lan baldintzak hobetzeko.

Soldata igoera eskatzen duzue?
Ez bakarrik. Lanaldi partzialak ditugu gehienok. Egunero joaten gara bi edo hiru bider lanera. Goizean goiz hasi eta gauera arte. Laneko kalitatea ez da egokiena eta, gainera, langile batzuek %60ko lan-jarduna daukate. Eta bajei dagokienez, lehen, arazo fisikoek eragindakoak ziren gehienak, ziatikak eta halakoek eragindakoak; gaur egun, laneko estresak eragindakoak dira. 

Eskaintzen duzuen lanaren kalitateagatik kexu zarete?
Lan baldintza kaskarrek ez dute ahalbidetzen lana modu duinean egitea eta, ondorioz, zerbitzu egokia eskaintzea. Ez dugu astirik zaharrak dagokien moduan zaindu ahal izateko haiekin egoteko, gosari, bazkari edo afariak lasaitasunez emateko… Gure lan baldintzak hobetu eta lana kalitatez egin nahi dugu. Zaharren egoitzak ez dira merkeak eta, bestetik, eskaintzen den zerbitzuaren kalitatea asko hobetu daiteke. Negozio huts bihurtzen ari dira zaharren egoitzak.

Zenbat langile zaudete egoera honetan?
Mizpirualden, 90 bat. Gipuzkoa osoan, 5.000. 

Gehienak, emakumezkoak. Zaintza lanak ez dira behar beste baloratzen?
Zaharren egoitzetako ia langile guztiak gara emakumeak. Hor dago arazoa. 
Tamalez, egiten dugun lana ez da behar den moduan baloratzen. Borroka feminista da.  Lehen, senarra zihoan lanera eta zaintza lanetan ziharduen emakumeak irabazten zuena gehigarria zen; gaur egun, etxe askotan, zaintza lanetan diharduen emakume askorena da soldata bakarra. Kaleko garbitzaileek, esaterako, batez beste, 6.000 euro gehiago jasotzen dute. 

Diozue Gipuzkoako Diputazioa dela egoeraren erantzule. Zergatik?
Ez dauka jarrera egokia. Ez dago gertu negoziazio mahaian esertzeko eta adostasunera heltzeko. Zerbitzu publikoa da eta Diputazioa da zerbitzuaren jabea –Kabiaren bidez–, nahiz eta enpresa pribatuek kudeatu. 

Ze enpresak kudeatzen dituzte zaharren egoitzak?
Eskoriatza, Soraluze eta Mutrikukoa patronatu publikoek kudeatzen dituzte. Eibar, Elgoibar, Bergara, Oñati eta Bergarakoak azpikontratatuta daude. Aita Menni, Eulen, Egogain… Patronatu publikoek kudeatzen dituzten egoitzetan ere bertsuak dira lan baldintzak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak