Herritarren ekimen eta proposamenei zabalik

Txomin Madina Milikua 2019ko urr. 8a, 19:14

Orain urtebete zabaldu zuen Ezker Anitzak eskualdeko bere egoitza Arrasateko Aldai kalean. Lehen urtean antolatutako ekintzek emandakoaren balorazio positiboa eginda, aurrerantzean, 'Debagoieneko Ezker Kultur Gunea' izendapenarekin, edozein herritar edo talderen eskura jarri dute lokala.

Ezker Anitzak 2018ko urriaren 8an zabaldu zuen Arrasateko Aldai kaleko 9 zenbakian, eskualde mailako egoitza. "Urte honen balorazio positiboa egiten dugu oso. Gure egoitza izateaz gain, bost erakusketa egin ditugu bertan, eta Kulturaten egin diren bi hitzaldi ere bertatik irten dira", azaldu du Ezker Anitzako kide Juan Luis Merinok.

Orain, ateak ireki eta urtebetera, herritar guztiei zabaldu gura izan diete 'Debagoieneko Ezker Kultur Gunea' izenarekin. "Erakunde politiko soziala gara gu, eta sozialak asko esan gura du guretzat. Horregatik, muga batzuen barruan, edozein ideologiatako herritarrei zabaldu gura diogu lokala. Ekitaldiren bat, erakusketaren bat, libururen baten aurkezpena egin gura duenak, eskura izango du", gaineratu du Merinok. Azaldu duenez, lokala erabiltzeko interesa dutenek, 'debagoiena@ezker-anitza.org' helbidera idatzi behar du.

Lehen erakusketa, zabalik

Lau GKEren eskutik, migrazio fluxuen inguruko erakusketa ikusgarri dago dagoeneko Debagoieneko Ezker Kultur Gunea-n. Ongi etorri du izena erakusketak, eta fluxu migratzaileak ditu ardatz. Astelehenetik egubakoitzera egongo da zabalik, 18:30etik 20:00etara. Erakusketaren harira, urriaren 16an hitzaldi bat ere egingo dute hiru emakume migratzailerekin.

Gune berriak antolatutako ekitaldiak ez dira Arrasateko egoitzara mugatuko. Hala, azaroaren 14an aniztasun sexualari buruz Pedro Lopez artistak egindako eskulturekin beste erakusketa bat zabalduko dute Eskoriatzako Ibarraundi museoan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak