Intxorta 1937 Kultur Elkartearen eta Debagoieneko udalen ekimenez omendu dituzte diktadura frankistaren biktimak. Bertan, frankismoaren errepresioak erail edo desagerrarazi zituenen omenez 2003an ezarri zen monolitoari sei izen berri gehitu dizkiote, gainera, 116tik 122 izatera igaroz: Isidro Monge Alonso eta Victor Uribe-Etxeberria Bengoa aretxabaletarrenak; Blas Unamuno Amutxastegi bergararrarena; Guillermo Ugarte Aeta oñatiarrarena; Dimas Aranzeta Etxezarreta elgetarrarena; eta Eusebio Mentxaca Turiel arrasatearrarena.
Omenaldian zehar, sei pertsona horien senideek Iñigo Arregiren Egiaren iturria eskultura jaso dute ibarreko alkate edo zinegotzien eskutik. Zazpigarren eskultura Francisca Garciak jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiko Ion Gambraren eskutik –urtebeterekin, ihes egin behar izan zuen arrasatearrak–. Bailarako udal guztietako ordezkariak izan dira ekitaldian. Alkateak: Maria Ubarretxena, Gorka Artola, Unai Elkoro, Joserra Zubizarreta, Beñardo Kortabarria eta Iraitz Lazkano; baita beste hainbat zinegotzi ere. Oñatiko udalaren izenean, Anik Zubizarreta.
Horretaz gain, beste erakunde batzuetako hainbat ordezkari ere. Beste batzuen artean, Maribel Vaquero (EAJ) eta Koldo Martinez (Geroa Bai) senatariak Espainiako senatuan, eta Mertxe Aizpurua (EH Bildu) diputatua Espainiako kongresuan.
Frankismoaren biktimen senideen hitzartzeak izan dira plazan –Nati Roa, Maite Uranga eta Julia Monge–. "Erregimen frankistaren ondorioak oso latzak izan ziren. Gure bailaran, 700dik gora hil zituzten eta beste asko eta askori kristorenak pasarazi zizkieten: kartzela, tortura, kontzentrazio-eremuak, bortxaketak, erbestea, depurazioa, bonbardaketak, euskararen debekua… zerrenda amaigabea", zioen Maite Urangak. Francisca Garciaren seme Eric Vermandek ere hartu du hitza, berak hala eskatuta.
Frankismotik ihesi
Francisca Garciak, urtebete zeukala, Arrasate, jaioterria, utzi behar izan zuen, frankismotik ihesi; geroztik, ez zen inoiz Arrasatera itzuli, eta gaur izan da lehen aldia, 84 urterekin. Une bereziak bezain hunkigarriak bizi izan dira omenaldian.
Arrasate 1936-56. Gerra, erresistentzia eta frankismoa liburuan gorderik daude Francisca Garciaren hitzak: "Gerra hasi zenean, gure aitak, Felipe Garcia Lumbrerasek, esan zigun gerrak ez zuela luze joko, eta irten ginen ihesi.... Iritsi ginen Frantziara itsasontzi baten bodegetan. Lehenengo egon ginen Perpinyan-en, errefuxiatuen eremu batean. Hartu gintuen gure osabak eta joan ginen bizi izatera berarekin Luchon-era. Ordurako, hilda zeuden gure anaia Agapito, Espainian, eta gure arreba Angela, 5 urte zituela, Frantzian. Gure amak jakin zuen aita hil zutela. Oso gogorra izan zen denontzat. II. Mundu Gerra hasi zenean joan ginen bizi izatera mendietara... ".
Arrasateko Udalarekin kontaktuan jarri zen Garcia, bere aitaren hilketaz galdetzeko, eta Udalak Intxorta 1937 Kultur Elkartearengana jo zuen. Bere seme Eric Vermandek gaurko ekitaldian honela zioen: "Nire amaren historia familia askoren historia da, tamalez".
Bertsoak, musika eta dantza
Manex Agirre eta Ane Zuazubiskar bertsolariekin batera, Arrasateko Txikitxu-Arrostaitz dantza taldeko lagunek ere hartu dute parte, aurreskua eta ikurrin dantza egin dituzte; azken hau, Eusko gudariak abestiaren doinuarekin. Lore eskaintza ere egin dute monolitoan, eta, momentua girotzeko, bailarako musikari eta abeslarien doinuak izan dira entzungai, Izaskun Zubizarreta biolin-jotzailearekin, besteak beste. Horretaz gain, Arrasate Musikaleko metal boskoteak, perkusio joleek eta Debagoieneko hainbat abesbatzak, guztiek elkarrekin Internazionala eta Pablo Sorozabalen Gernika kantata –Nemesio Etxanizen letrekin– abestu dituzte, Xabier Barriolaren zuzendaritzapean. Bailarako abesbatza gehienek hartu dute parte; denera, 90 laguneko taldea osatu dute.