Euskal Herriko jardunaldi feministan parte hartzeko dei egin dute

Mireia Bikuña 2019ko ira. 20a, 08:43

Salda badago! jardunaldien bosgarrena Durangon egingo dute azaroaren 1ean, 2an eta 3an. Guztira, 110 ponentzia, eztabaida eta tailer proposamen egin dituzte ordurako, Euskal herriko Mugimendu Feministek. Dagoeneko zabalik dago izena-emateko epea, urriaren 7ra arte. "Olatu hau geldigaitza da eta ezin duzue galdu", esan dute Arrasateko aurkezpenean.

Debagoieneko mugimendu feministetako hainbat ordezkari elkartu dira Seber Altubeko ekitaldian. Guztiak, katilua eskutan. "Su motelean luze irakin dugun iraultza gara. Salga gara. Askotarikoak. Anitzak. Zahar bezain berriak. Handik eta hemendik datozenak. Doazenak. Ezagunak eta ezezagunak. Guztiak ongi etorriak. Katiluz katilu, lapikoak gainezka egin arte", esan dute.

Maiatzean, bosgarren jardunaldi feministak aurkeztu zituztenetik, lanean ibili da buru-belarri Euskal Herriko sare feminista. Eta horren adibide dira, egitaraua osatzeko jasotako proposamen guztiak: 38 ponentzia proposamen eta 70 tailer. "Hiru egunetan askotariko gaiak landuko ditugu. Norberak gustukoena aukeratu dezake. Egungo errealitateari eta premiei erantzuteko, ardatz ezberdinetan multzokatutako gaiak landuko ditugu", azpimarratu du Jasone Giraldok.  

Azaroko jardunaldietarako gonbidapena egin ostean, ekitaldian parte hartu duten herritar guztiek, topa egin dute, katiluak altxatuz."Mugimendua garelako. Iraultzan gaudelako. Indarkeria eta zapalkuntzei plato egiten diegula, salda badago", oihukatu zuten.

Bost mahai inguru

Ildo nagusiak mantenduz, bost mahai inguru nagusi egongo dira Durango jardunaldietan: 

  • Azaroak 1, egubakoitzean: Dekolonitatea eta gure bizitzak erdiguneratzeko agenda partekatua eta burujabetzak delakoa.
  • Azaroak 2, zapatuan: Gorputzak eta sexualitateak eta indarkeriarik gabeko bizitzak eraikitzen delakoa.
  •  Azaroak 3, domekan: Mugimendu feministaren erraiei begira delakoa.  

Mahai inguru nagusien ostean, hamabost tailer inguruko eskaintza egongo da. Azken egunean, batzar erraldoia egingo dute, jardunaldiei itxiera borobila emateko.

Mugarri garrantzitsua

Azkeneko jardunaldi feministak duela hamaika urte ospatu ziren Portugaleten. "Mugarri garrantzitsua da guretzat. Elkarrekin bildu eta datozen urteetako lerro nagusiak marraztuko ditugu. Portugaleteko jardunaldietatik asko aldatu da testuingurua, eta Mugimendu Feminista ez da geldi egon tarte horretan", esan du Jasone Giraldok, Arrasateko aurkezpenean. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak