Amaia Izko abokatuak adierazi du azken makroepaiketetako bide bera hartu dutela, nahiz eta kasu hau bereziki zaila izan den, bi auzipeturen kartzelaratzea dela eta; Arantza Zulueta eta Jon Enparantza bost hilabeterako kartzeralatuko dituzte.
Ekain Zubizarreta arrasatearrak erabaki gazi gozoa izan dela adierazi du, akusazio gogorrak onartu behar izan dituztelako eta kontraesanez betetako bidea izan delako. Gaineratu du, etorkizunera begira, hartutako erabaki izan dela adierazi du.
Zigor eskaera 13 urte eta 6 hilabetekoa zen Zubizarretaren kasuan, eta urtebete eta sei hilabetean utzi diote; bihar baieztatuko du sententzia epaimahaiak. Kartzela zigorra saihestu duen arren, izango ditu beste ondorio batzuk, hiru urteko inhabilitazioa esaterako. Aurrerantzean zer galdetzean, berriz, argi du Zubizarretak, Euskal Herria beste eszenatoki batera eraman arte.
Babes "handia"
Herrirako kideak, Etxeratekoak, presoen osasunaz arduratzen den Jaiki-Hadi elkartea, abokatuak eta bitartekariak dira 11/13 sumarioko 47 auzipetuak.
Fiskalak 601 urteko espetxe zigorra eskatua zuen, guztira. "Erakunde terroristako kide" izatea leporatzen zien auzipetu guztiei, eta ETA finantzatzea horietako askori. Ordea, akordioa medio, aldatu egin ditu leporatzen zaizkien delituak.
Uda osoan babesa adierazteko ekitaldiak egin dituzte Euskal Herri osoan. Azkena larunbatean Bilbon egindako manifestazio jendetsua izan zen. Milaka lagunek egin zuten bat Giza eskubideak. Askatasuna. Etorkizuna. Herrian lelopean deitutako mobilizazioarekin. Asko izan ziren bertaratu ziren debagoiendarrak ere.
Erabakiarekin "desadostasunak"
Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak "katastrofikotazat" jo du 11/13 sumarioako auzipetuek Espainiako Audientziarekin sinatutako akordioa: "Edozein gizakiaren kartzelatzea tragedia pertsonala bihur daitekeela onartuta ere, esan behar dugu kartzela beste borroka esparrutzat hartu dugula historikoki. Militante politikoak garen (eta diren) heinean, militante gisa hartzen ditugun erabakiek, ondorio pertsonalez gain, ondorio politikoak ere izan ditzaketela jakin badakigu. Irailaren 16 honetan sinatutako akordioak akusatuen egoera pertsonala arindu dezake, baina maila politikoan katastrofikotzat baino ezin dugu kalifikatu".
Mugimenduak gaineratu du, erabakiak "ondorio politiko larriak" dakartzala errepresaliatuen inguruan lan egiteko borondatea daukan antolakunde zein militante ororentzat. Amaitzeko, borondate "oneko" jendeari hilabeteetan egindako "iruzurra" salatu dute: "Auziperatuen aldeko kanpaina aurrera eraman dutenek ez dute herriarekiko zintzotasunez jokatu. Fiskaltzaren eskua estutzen zuten garai berean, Euskal Herriari existituko ez zen hilabete luzetako epaiketari begirako elkartasuna eta laguntza eskatzen aritu dira".