Ikastola-eredua garatzeko konpromisoan, urrats berriak

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2019ko ira. 3a, 17:21

Konfiantzaren Pedagogiarekin abiatutako bidean aurrera egin du Arizmendi Ikastolak eta aurrerago joateko plana prestatu du, eta hain justu, aldaketa horren teoria jasotzen du Ametsak betetzeko daudelako! liburuak, hau da, egiten ari den eraldaketaren kontakizuna.

Gaztelupe gunean aurkeztu dute liburua gaur, martitzena, eta han izan dira Arizmendi Ikastolako zuzendari orokor, Iñaki Etxezarreta; Berrikuntza Pedagogiaren zuzendari Amaia Antero, eta Prototipoaren Garapenerako arduradun Unai Legarda eta Jaione Uriarte.

Pertsona kooperatiboa eta euskalduna heztea helburu

2009an abiatu zuen Arizmendi ikastolak Leintz Bailaran ikastola-eredua garatzeko bidea, bere egitasmo pedagogiko propioa eraikitzen hasiz; eta bide horren lehen urratsak eman zituen Konfiantzaren Pedagogiaren baitan, hau da, bizitzako egoerei erantzuten dakien pertsona kooperatiboa eta euskalduna garatzeko helburuarekin. Mugarri horretatik, bide luzea egin du Arizmendik eta ondorengo ikasturteetan zehar, aldaketa sakona egin gura du Lehen Hezkuntzaren azken mailetan eta DBHko lehenengoetan. Orain arte egindakoaren eta aurrerantzean egin nahi denaren zergatia eta, bere aldaketaren teoria da, hain justu, gaur aurkeztu duten Ametsak betetzeko daudelako! liburuak jasotzen duena.

Bi hizkuntzatan argitaratu dute, euskarazko eta gaztelerazko bertsioan, eta erabiltzaile profilei eskainitako gida bana: landuagoa edo zabalagoa, irakasleentzako, eta, eta bestea, berriz, gurasoei eskainitakoa. Taldean sortutako liburua izan da, askotariko pertsonen ekarpenak jasota sortutakoa.

Datorren ikasturtean liburukoa, praktikara

Oinarri pedagogiko berriak finkatuta, aurrez Haur Hezkuntzan egin izan duten moduan, 2020-21ko ikasturtean Lehen Hezkuntzan eta DBHn ezartzeko asmoa dute, eta horretarako, ari dira dagoeneko Unai Legarda eta Jaione Uriarte material didaktikoa prestatzen.

Arizmendi Ikastolaren proiektua den arren, Konfiantzaren Pedagogian bidelagun dituzten beste ikastola batzuekin, eta Euskal Herriko Ikastolen Elkartearekin ere partekatu gura izan dute liburuan jasotakoa, etorkizunean ere elkarrekin pausuak eman ahal izateko, eta asmo horrekin gonbidatu zituzten atzo, astelehenean Arizmendi gunean egin zuten aurkezpenera.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak