Miguel Altuna Lanbide Heziketa Eskolatik sortutako start-up enpresa albiste da, era berean, Viscoflan nafarrak erosi duelako haren zati bat. Animalien kolageno soberakina erabilita, bioplastikoa sortzen du, erabat degradagarria.
Kautxuaren ingeniaritzaren bitartez, bioplastikoa sortzeko apustua egin duzue. Zer da bioplastikoa?
Biodegradatzailea den plastikoa izan behar da, lehenbizi. Hau da, amaiera izan behar du, konposta egiteko hondakina izan behar da. Horretaz gain, lehengaiak iturri berriztagarrietatik etorri behar dira.
Zeintzuk dira erabiltzen dituzuen lehengai horiek?
Behi-larruak batez ere. Era berean, baita industriako hainbat hondakin ere: lumak, kafe hondarrak, konpostak, arrautza oskolak, artileak, paper lohiak… Horiek behi-larruarekin nahasten ditugu eta nahasketa hori zelan lortzen dugun patentatuta daukagu. Sekretua da. Nahasten ditugun produktuen arabera, mota bateko edo besteko materiala lortzen dugu. Material gogorragoa edo bigunagoa. Ondorioz, lortzen den bioplastikoak ere erabilera bat edo beste izango ditu.
Ze erabilera dute plastikoak horiek?
Kolagenoarekin bakarrik sortutako filmak, elikagaietan edo osasungintzaren erabil ditzakegu; artilearekin egindako plastikoak, baratzetan eta lorategietan, belar txarrak saihesteko eta ingurumenari kalterik ez egiteko; artilearekin edo arrautza oskolarekin egindako ileekin, beste hainbat erabilerarako.
Nola sortu zitzaizuen Ekolber enpresa sortzeko ideia?
Bergarako Miguel Altuna Lanbide Heziketa Eskolan sortu zen, Urrats bat programaren baitan. Kimikako departamentuan ikerketa egiten hasi ginen irakasle eta ikasleak. Ostean, bizpahiru urtez hasi ginen gaia lantzen eta patentea lortzeko bidean hasi ginen 2011n. Handik hiruzpalau urtera sortu genuen Ekolber. Oraindik enpresa berria da, hazten goaz, ikerketa prozesu etengabean.
Zenbat lagun ari zarete?
Sei, denak gara langile eta enpresako jabe. MIgel Altunako ikasle eta irakasle ohiak gehienak.
Viscofan multinazional nafarrak, haragien bilgarriak-eta egiten dituenak, erosi berri du Ekolberren zati bat. Albiste ona da?
Bai, bai, Viscofan enpresa indartsua da eta jakintza handia du. Horretaz gain, baita kapitala eta merkatua ere. Bazkide estrategikoa da. Merkaturatzeko prozesuan, batik bat, asko lagunduko digu.