Debagoiena, klima aldaketari aurre egiteko laborategia

Miren Arregi Amasorrain 2019ko uzt. 12a, 10:39

Climate-KIC erakundearen babesarekin, trantsizio justuarekin, klima aldaketarekin eta berrikuntzarekin lotutako laborategi bihurtuko da Debagoiena. Jardun horren norabidea eta moduak diseinatzeko, prozesu irekia abiatu dute eskualdeko hainbat eragilek.

Debagoiena Entzuten Lankidetza Sareak antolatuta, trantsizio justuaren bidean Debagoienak erantzun beharko dituen erronkak identifikatzeko eta erronka horiei erantzuteko jarraitu beharreko ereduaren oinarriak zehazteko, jardunaldiak egin dituzte egunotan Garaia Berrikuntza Gunean. Berrikuntza Plataforma Ireki gisa jardungo duen Debagoiena Entzuten Lankidetza Sareak modu ireki, kolaboratibo, parte-hartzaile eta partekatuan garatu gura du jarduna, eta datozen hilabete eta urteetan garatuko den prozesu baten hasiera irudikatu dute egunotako jardunaldietan. Debagoieneko eta nazioarteko ordezkariak batu dira bertan; guztira, 60tik gora.

Climate-KIC erakundearekin elkarlana

Izan ere, Debagoiena Entzuten Lankidetza Sareak, EIT Climate-KIC erakundearen –Europar Batasuneko Berrikuntza eta Ezagutza Komunitatea– babesa jaso du, eta, ondorioz, trantsizio justuarekin, klima aldaketarekin eta berrikuntzarekin lotutako laborategi bilakatuko da gure eskualdea. Hala, trantsizio justuarekin zein klimarekin lotutako proiektu berritzaileak identifikatu eta bultzatuko dituzte, elkarlanean.

Trantsizio justua

Hain zuzen ere, Debagoieneko Berrikuntza Plataforma Irekiak esku artean dituen tresnak ahalbidetuko ditu, etorkizuneko erronka sozialei elkarlanean erantzunak bilatze aldera. Klima aldaketa eta karbonorik gabeko gizarte baterako trantsizioa, lanaren etorkizun iraunkorra, ekonomia zirkularra eta aukera berdintasuna dira erronka horietako batzuk.

Izaera askotariko erakundeak

Askotariko eragileek hartu dute parte: besteak beste, Arrasateko, Bergarako eta Aretxabaletako udalek; Gipuzkoako Foru Aldundiak; enpresa pribatuek zein kooperatibek eta bestelako eragileek –Goiener, Tecnalia, Garapen Agentzia, Mondragon, Huhezi, Naturtzaindia, Plastikoaren Aurkako Taldea, Goiena...–. Gainera, nazioartean erreferenteak diren London College Unibertsitateko ekonomialari Mariana Mazzucato, berrikuntza eta sormen arloan mundu mailako aditurik entzutetsuena den Charles Leadbeater eta klima aldaketara eta berrikuntzara bideratutako Climate KIC erakundeko ordezkari Michelle Zucker ere izan dira Arrasaten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak