EAE, Europako eskualde berritzaileenetatik kanpo

Amaia Zabala 2019ko eka. 28a, 18:00

Regional Innovation Scoreboard 2019 ikerketaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoa 110. postutik 132.era jaitsi da Europako eskualde berritzaileen rankingean. Eustat-en ikerketaren arabera, berriz, Debagoiena da EEEko eskualde berritzaileena.

Bi urtez behin kaleratzen den Regional Innovation Scoreboard 2019 ikerketaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoa 110. postutik 132.era jaitsi da Europako eskualde berritzaileenen rankingean. Hain zuzen, 2017tik hona 22 puntu jaitsi da.

Mikel Orobengoa ISEA kooperatibako zuzendari kudeatzailearen esanetan, "datu kezkagarriak" dira: "Europako Komisioko hainbat adituk egiten duten ikerketa konplexua da; izan ere, hainbat faktore hartzen ditu kontuan".

EAEk hain puntuazio baxua lortu izanaren faktore nagusiak hiru direla nabarmendu du Orobengoak: zientzia eta teknologian administrazio publikoek diru gutxi inbertitu izana, enpresek ikerketa eta garapenerako aurrekontua murriztu izana eta egindako ikerketa eta inbertsioak nagusiki prozesuen eta produktuen arloan oinarritu izana.

Administrazioen aurrekontua

"Zientzia eta teknologiaren alorrean Eusko Jaurlaritzak egindako inbertsioa asko jaitsi da eta, ondorioz, Europako beste eskualde batzuek aurre hartu diote. Urkulluren esanetan, aurrekontu osoaren %5 da egun arlo horretan inbertitzen dena".

Horrez gain, EAE postuz hainbeste jaistean "izugarri eragin" duena Espainiako Gobernuak zientzia eta teknologiara bideratzen duen diruaren mozketa ere izan dela arrazoitu du: "Enpresei berrikuntzan inbertitutakoaren %17 itzuli zitzaien 2017an; 2016an, %23; duela hogei urte, %33. Jaitsiera izugarria".

Enpresen aurrekontua

Orobengoaren esanetan, EAE Europako eskualde berritzaileenetatik kanpo geratzearen beste arrazoietako bat enpresen inbertsioaren beherakada da: "Krisialdiaren eraginez, enpresek ikerketa eta garapenerako aurrekontua murriztu egin dute. 2008an, esaterako, EAEko produktu gordinaren %2,1 ikerketa eta garapenera zihoan eta Europako batez bestekoan geunden. Azken lau edo bost urteetan kopuru hori murriztu egin da eta egun, %1,92 da. Eta, aldiz, enpresen egoera ekonomikoa ez da murriztu". Orobengoak gaineratu du Ameriketako Estatu Batuetako ikerketa batek dioela nahiz eta krisialdia gainditu, hori subkontzientean geratzen dela eta, ondorioz, enpresek diru gutxiago inbertitzen dutela marketin, berrikuntza, formakuntza eta halako arloetan.

Prozesua eta produktua nagusi

Euskal Autonomia Erkidegoan egiten diren ikerketa eta garapenen ehuneko handi bat prozesura eta garapenera doazela dio Orobengoak, beste arlo batzuk kanpo utziz: "Ikerketak hainbat faktore hartzen ditu kontuan eta horietako askotan, berrikuntzan eta marketinean, esaterako, EAEn ez da prozesuan eta produktuan adina inbertitzen".

Europa iparraldea nagusi

Europar iparraldeko herrialdeetako eskualdeak gailentzen dira berrikuntzaren ranking honetan, eta, Orobengoaren esanetan, ez da kasualitatea: "Alemania, Finlandia, Suedia eta Herbehereak bezalako herrialdeek urte asko daramatzate gizarte aurreratu eta garatu baten alde inbertitzen, eta hori ikusi egiten da".

Ikerketaren ondorioak

"Ikerketa honen emaitzei garrantzia eman behar zaie eta Eusko Jaurlaritzak ez du hala egin. Datu hauetatik ondorioak atera eta ikasi egin behar dugu. Nire ustez, Eusko Jaurlaritzak eta foru aldundiek patronalekin eta sindikatuekin batera akordio bat sinatu beharko lukete, berrikuntzara dirua inbertituko dela ziurtatzen duena. Horrelako beherakadak saihesteko, hain zuzen", dio Orobengoak.

Debagoiena nagusi EAEn

Eustat-ek apirilean kaleratu zuen ikerketaren arabera, Debagoiena da EAEn berrikuntzan gehien inbertitzen duen eskualdea, 6. urtez jarraian. "Zorionez, industriak pisu handia du gurean eta horrek garapen teknologikoa dakar; bestalde, unibertsitatea eta Ikerlan ikerketa zentroa ditugu gurean", dio Orobengoak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak