Legezko erreferendum bat lortzeko ekimena aurkeztu du Gure Eskuk Oñatin

Julen Iriondo 2019ko eka. 13a, 16:20

Fase berriko bozeramaile Amalur Alvarezek eta Josu Etxaburuk azaldu dute dinamika ez zela erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko jaio, erabaki hori gauzatzeko, baizik, eta orain arte egindako lana osatzera datorrela fase berria.

"Gaur hemen aurkeztutakoa ez litzateke posible izango aldez aurretik, bospasei urtetan, aurreko lan batzuk ez balira egin. Orain arte ibili gara erabakitzeko eskubidearen gainean hausnartzen eta eztabaidatzen, behetik gorako bide bat egiten; ibili gara, baita ere, hausnarketa bat herriz herri partekatzen estatus politikoaren inguruan; eta triangeluaren hirugarren erpinera jauzi egingo dugu orain: hirugarren erpin hori da erreferendum bat antolatzearen ideia horretaz erabakitzea", dio Josu Etxaburuk.

Aurreko fasean zioten erabakitzeko eskubidea garrantzitsuegia dela alderdi politikoen esku soilik uzteko; fase berrian diote, garrantzitsuegia dela Gure Eskuren esku soilik uzteko. Orain arte egindako ekintzak Gure Esku Dagoren izenean eta hark gidatuta egin dira, baina nahi dute aurrerantzean eragileak inplika daitezela zuzen-zuzenean. Erabakitzeko eskubidearekiko aldekotasuna praktikara eraman dezaten nahi dute fase berrian. Eta, honela jardunda, aukera ikusten dute legezko erreferendum bat lortzeko baldintzak sortzeko: "Ezer ez denean ziurra, dena da posible. Eta Egizu posible lelo horrekin baldin bagatoz, da ikusten dugulako alternatibak badaudela; eta alternatiba horiek jorratu nahi ditugu. Eta baldintzak egoteaz baino, nahiago dugu hitz egin baldintzak sortzeaz, eta baldintzak sortu nahi ditugu, hain zuzen ere, uste dugulako euskal herritarron ehuneko handi bat eta zabal bat erabakitzeko eskubidearen inguruan elkartu dezakegula".

Erreferenduma lortzeko bidean, tarteko helburu zehatzen beharra ikusten du Gure Eskuk, eta hori da, hain justu, helburu horietako bat, euskal gizartearen gehiengo zabal bat erabakitzeko eskubidearen alde dagoela bisibilizatzea.

Gure Esku ekimeneko bazkide egitearen garrantzia ere azpimarratu dute Oñatiko ekitaldian: erronkari aurre egiteko muskulu ekonomikoa behar delako; zenbat eta gehiago izan aintzat errazago hartuko dituztelako; eta ekimenak herritar aktibo eta parte-hartzaileak behar dituelako bere baitan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak