Kakahuetea, meloia, sandia, udako espinaka eta lufa kalabaza ere hazten dira gurean

Larraitz Zeberio Lekuona 2019ko eka. 7a, 12:10

Gure baratzeetan landatzeko ohiturarik ez izan arren, badira gurean oso ondo ematen duten hainbat landare. Ezagutzea da kontua, eta saio berezia egin zuen martitzenean Baratze Parke Sareko teknikari Aitziber Otegik, Elgetan.

Elgetako hamar bat ortuzainek entzun zituzten landare exotikoen inguruko azalpenak martitzenean. Baratze Parke Sareko teknikari Aitziber Otegik argitu zuen bertakoak ez diren landare ugari dagoela, eta gurean ere oso ondo ematen dutenak. Tailerra Udalak, Kutxa Ekoguneak eta Kimu Bat enpresak antolatu zuten elkarlanean.

"Exotikoak esaten diegu hemengoak ez direlako, baina kontuan hartu behar dugu baratzeetan edukitzen ditugun patatak, tomateak, porruak... ez direla, berez, hemengoak. Exotikoak ziren bere garaian".

Tailerrean, physalisa, Zeelanda Berriko espinaka, cucamelon pepinoa, kakahuetea, meloia, sandia eta lufa izeneko kalabaza nabarmendu zituen, besteak beste. Horiek guztiak orain landa daitezke, eta emaitza onak ematen dituztela esan zuen.

'Physalisa' eta espinaka

Physalisa bola laranja bat da, berriki postreak egiteko erabiltzen dena. "Oso goxoa da. Orain landatzen da eta irailean hasten da ematen, eta ematen hasten denean asko ematen du".

Espinaka, hemen, negukoa da, baina Zeelanda Berriko espinaka orain landatzen da. "Hilabete eta erdiko epean hasten da ematen, eta ez du batere lanik. Oso landare txikia landatzen da, baina metro bateko diametroa hartzen du".

Pepinoa eta kakahuetea

Cucamelon delako pepinoa oso txikia da; igokaria, sarea ipintzen badiogu. "Balio du ozpinetan jartzeko edo baratzean ari garela gosetzen bagara zuzenean landaretik jateko. Goxoa da".

Kakahuetea ere hazten da gurean. "Gutxik dakiguna da lur azpitik ateratzen dela. Ez dugu sekulako produkzioa lortuko, baina landare bakoitzak eskukada bat emango digu irailean edo urrian, orain landatzen badugu".

Meloia, sandia eta 'lufa'

Txikiak, akaso, baina meloia eta sandia ere ateratzen dira. "Lufa, berriz, kalabaza bat da, eta, heltzen eta sikatzen uzten badugu, dutxarako esponja natural bat lortuko dugu", azaldu du Otegik.

---

Aitziber Otegi: "Probatzea da hemen kontua"

Landatzeko ohiturarik ez izan arren, hainbat landarek gurean erraz ematen dutela dio Otegik.

Zergatik ez ditugu landare horiek landatzen?

Ezagutzen ez ditugulako, baina nahiko erraz ateratzen dira hemen. Batzuek, gainera, landatzen ditugun zenbait landarek baino errazago ematen dute. Esaterako, boniatoa. Patataren oso antzerakoa da, eta, patataren aldean, batere lanik ematen ez duena. Jendea, pixkanaka, hasi da landatzen, baina gutxi oraindik.

Antzerako tailerrek badute eraginik?

Egia esan, bai. Normalean, zerbait berria denean kosta egiten zaigu aldatzea, baina probatzea da hemen kontua. Tailerrotan landare batzuk ere oparitzen ditugu, eta jendea badabil animatzen. Orain, antzerako landareen eskaera gero eta handiagoa da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak