Deba ibaia, gorritik berdera

Amaia Zabala 2019ko eka. 8a, 09:00
Arrasate Herri Eskolakoak pasa den larunbatean Deba ibaia garbitzen.

Ekainaren 5a ingurumenaren Nazioarteko Eguna izan da eta, horretaz gain, aste hau plastikoren aurkako izendatua dute. Gaia eskualdera ekarriz, jakina da Deba ibaiaren egoera "asko" hobetu dela, baina zelakoa da bertako uraren kalitatea?

Ura agentziaren neurketen ekologikoaren mapek Leintz Gatzagatik Osintxuraino doan ibai zati ia osoari kalifikazio "ona" ematen diote, oso onera iritsi gabe. Salbuespen bakarrak Antzuola eta Ubera errekak dira. Antzuola errekaren kalitatea "eskasa" moduan baloratua dago eta Elgetako Sesto errekatik Deba ibaira doan Ubera erreka, berriz, "neurrizko" moduan. Gainontzeko guztiek balorazio "ona" dute.

Ur zikinen kudeaketa

Antzuola eta Ubera erreketan uraren kalitatea baxuagoa iza-tea kolektore faltarekin bat dator. Izan ere, Elgetan, esaterako, ur zikin guztiak Sesto errekara doaz zuzenean eta hortik, berriz, Ubera errekara. Iraitz Lazkano alkateak argitu du "2007az geroztik ur saneamendu lanen zain" daudela, eta, Eusko Jaurlaritzako Ura agentziarekin sinatu berri duten hitzarmenaren arabera, "2021a baino lehen" egingo direla lan horiek.

Antzuolaren kasuan, Debagoienean kolektorea izan zuen lehen herria da, 1980ko hamarkadan. "Ur zikin guztiak kolektore orokor baten jasotzen dira eta herri barruan ur zikinak errekara ez dira joaten. Herria pasatu eta gero, Arizti baserritik 500 metro behera, kolektorea bukatzen da, eta hor bai, hor errekara joaten da. Orain bukatuko den obrarekin, kolektorea luzatu egin da eta bidegorri azpitik Galartzako zubiraino joango da, ia gure udalerriren mugan. Beste zati bat falta da, zubitik Bergararaino, eta hor dago hitzarmen bat egiteke Ura agentziarekin", argitu du Valen Moñuxek, Antzuolako Udaleko aparejadoreak.

Debagoieneko gainontzeko herriei dagokienez, ur saneamendu sistemak herriaren gehiengoa hartzen du eta baserri eta etxe bakarrek, berriz, euren putzu beltz propioa dute, legeak agintzen duen moduan. Dena den, badira oraindik ere konpondu beharreko puntu beltz batzuk."Bergaran urtero puntu beltz bati konponbidea ematen diogu, baina oraindik ere geratzen dira batzuk konpontzeko; San Lorenzoko industrialdea eta Katabia inguruak, esate baterako. Eta baita erreka alboetan dauden etxe solteak ere, hauek zuzenean isurtzen baitituzte ur zikinak errekara", argitu du Lander Arregik, Debagoieneko Mankomunitateko Hondakinen Kudeaketa Batzordeko presidente eta Bergarako Udaleko Obra eta Zerbitzuetako zinegotziak.

Oñatin ere, Udalak aditzera eman duenez, Correos inguruan eta unibertsitate atzean dauden etxebizitza batzuk ur saneamendu sistematik kanpo daude egun, eta Osiñurdineko industria batzuetan ere zuzenean egiten dira isurketak oraindik.

Arrasateko Udalak, berriz, jakinarazi du "hiru etxebizitzatako eraikin batek soilik" isurtzen dituela ur zikinak zuzenean ibaira, Ur Kontsortzioko kolektorea urrun dagoelako.

Leintz Gatzagako, Aretxabaletako eta Aramaioko Udalek jakinarazi dutenez, ez dute ibaira ur zikinen isurketa zuzena duen punturik. Eskoriatzako Udalak ez du informaziorik eman.Guztiaren gainetik, Ura agentziak argitu du egoera "ona" dela eta 2021erako markatuta dituzten helburuak lortuko dituzten itxura guztia duela ibaiak, eboluzioa "oso positiboa" ari delako izaten, euren iritziz. Agentziak gaineratu du neurriak baino gehiago denbora dela ibaiak behar duena egoera biologiko egokira bueltatzeko. "Lehenik eta behin, uraren egoera fisiko-kimikoa konpondu behar da, eta, hau egonkortzean, pixkanaka joango da ibaian bizitza sortzen. Bost urtean egoera asko hobetuko dela uste dugu".

Errekaren ekosistema helburu

Oñatiko Natur Eskolako ingurumen adituek ederki ezagutzen dute Deba ibaiaren egoera, ibaia euren lanjardunaren parte baita. Horretaz gain, Oñatiko Udalarekin elkarlanean, urtero, urrirako, garbiketak antolatzen dituzte, herritarrentzat.

Aimar Uribesalgo Oñatiko Natur Eskolako ingurumen hezitzailea da, eta ibaiaren egoeraz hitz egitean bi faktore hartu behar direla kontuan azaldu du: uraren kalitatea, batetik, eta errekaren ekosistema, bestetik. "Nahiz eta azken urte hauetan uraren kalitatea hobetu, erreka ekosistema ez dago egoerarik onenean. Izan ere, gizakiok erreka ondoan egin ditugun ortuen, errepideen, etxeen eta enpresen erruz, erreka alboko basoak desagertu egin dira eta, horrekin batera, honek dituen funtzioak ere bai", dio ingurumen hezitzaileak.

Basoak ibaiari ekartzen dizkion onurak ere aipatu ditu Uribesalgok: "Esaterako, basoak ibaiari gerizpea ematen dio, eta, horri esker, udan ibaia tenperatura baxuagoan mantentzen da, bertako faunaren mesederako. Horretaz gain, basoko zuhaitzei esker, fruituak eta loreak errekara erortzen dira. Bertako xomorro eta arrainentzako elikagai izateko. Eta horrela, bata bestearen elikagai dira eta natura zikloa osatzen dute. Hain zuzen, basoak erreka ekosistemaren oinarri dira". Horretaz gain, basoek babesgune funtzioa ere egiten dutela argitu du Uribesalgok; batez ere, hemen inguruan hain ohikoak diren haltzek.

Deba ibaiko "bizitza"

Deba ibaian bizi diren espezien berri ere eman du Oñatiko Natur Eskolak, eta ez dira gutxi: karramarroak, amuarrainak, aingirak, apoak, sugeak, lertxunak, martin arrantzaleak eta buztanikara horiak, esaterako.

Lander Arregik ere nabarmendu du ibaian fauna asko agertu dela urte hauetan eta bizia berreskuratu duela: "Uste ez zuten kopuruetan". Gaineratu du, ordea, uraren kalitatea berreskuratu eta fauna hobetu arren, erreka ertzeetan zabor ugari ageri direla oraindik, eta, hori dela eta, erreka egunak egiten ari dira Debagoieneko herri gehienetan azken urteetan herritar taldeak, Mankomunitatearen eta udalen babesarekin. "Horrek kontzientziazioan eragina izan du eta gero eta zabor gutxiago botatzen dira ibaietara", argitu du Arregik.

Horren adibide dira Arrasate Herri Eskolakoek zapatuan auzolanean egin zuten erreka garbiketa. "Iaz, San Andrestik anbulatorio ondoko biribilgune-raino egin genuen garbiketa, eta, orduko arrakasta ikusita, aurten, biribilgune horretatik beherako zatia garbitu dugu. Helburua haurrak kontzientziatzea da, eta ikus dezaten gozoki-pakete bat lurrera botata noraino iritsi daiteken", dio Ane Miren Gorostizak, Arrasate Herri Eskolako Guraso Elkarteko kideak. Tabernetan kafearekin ematen duten gozokiaren ehunka zorrotxo, sei koltxoi, Gabon zaharreko apaingarriz betetako kaxa bat, zartagina, aterkia, bizikleta zatiak, mantak, toallak eta ateratzea lortu ez zuten somier bat zeudela azaldu du Gorostizak.

Bainua hartzea posible ote?

"Ametsa da Usondo parkearen inguruan ur lamina bat sortuta bertan bainua hartzea, zoragarria litzateke. Arazoa da, ordea, udan gero eta ur maila baxuagoa izaten dugula Deba ibaian eta kantitate gutxi izateak uraren kalitatea jaisten duela", azaldu du Arregik. Uribesalgok dio Deba ibaian ezetz, baina Oñatin eta Osintxun badirela bainurako egokiak diren errekatxoak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak