Mendeko bigarren maiatzik hotzena izan da aurtengoa

Amaia Txintxurreta Guridi 2019ko eka. 5a, 13:42

Euskal Meteorologia Agentziak adierazi du 2013koaren atzetik tenperaturei dagokienez pasa den maiatza izan dela mendeko hotzena Euskal Autonomia Erkidegoan. Pello Zabala eguraldi adituak, bestetik, adierazi du gurean zehazki maiatza nahiko “normala” izan dela eguraldi aldetik.

Mendeko bigarren maiatzik hotzena izan da aurtengoa, Euskalmeten arabera. Euskal Meteorologia Agentziak adierazi du 2013koaren atzetik tenperaturei dagokienez pasa den maiatza izan dela hotzena, eta 1981-2010 aldiko batez besteko klimatologikoari dagokionez -1,3 ºC-ko diferentzia izan da Euskal Autonomia Erkidegoan.

Gurera etorrita baina, Pello Zabala eguraldi adituak adierazi du maiatza nahiko “normala” izan dela: “Hemengo datuetan behintzat ez. Esatearekin hilabeteko minimoak 10 gradutik ez direla jaitsi eta maximoak 32 graduraino iritsi direla... Bi datu horiek bakarrik ezin hartu, baina datuak orokorrean hartuta, maiatza nahiko normala eta polita izan da. Euri kontuak eta eguzki kontuak oso ondo eramanak izan dira”.

Maiatzeko eguraldia, egunez egun

Maiatzeko eguraldia, Arantzazuko datuak oinarri bezala hartuta.

Zabalak Arantzazun jaso dituen datuen arabera, azaldu du maiatzeko lehen hamar egunetatik zazpitan eguzkia izan zela, 60 ordu eguzki utzi zituzten egun horiek, eta euria egin zuen gainontzeko hiru egunetan, 37 litro euri jaso zituzten Arantzazun.

Maiatzaren 10etik 20ra bitartean, 7 egun eguzkitsu eta 82 eguzki ordu, eta hiru egun euritsu egin zituen, maiatzaren 17an, 18an, 19an. Hiru egun horietan, 91 litro euri egin zituen zehazki Arantzazun.

Eta maiatzaren 20tik 31ra bitartean, sei egun eguzkitsu 72 eguzki ordurekin, eta bost egun euritsu, 45 litro eurirekin.

Izotzik gainera, maiatzean gurean ez duela egin gaineratu du Zabalak. Eta laburbilduz, 11 euri egun eta 214 eguzki ordu izan dituela hilabeteak. “Maiatza hemen oso polita izan da eta ez dago natura begiratu besterik. Loreak, belarrak ekarri duen indarra… Alde horretatik udaberri giro eta kolorea izan du aurtengo honek”, adierazi du Zabalak.

Tenporak, laster

Aurrera begira, eguraldiak zer ekarriko duen galdetuta, tenporek zer dioten ikusi beharko dela gaineratu du Zabalak. Izan ere, datorren Pentekoste domekaren ostean, eguaztenean hasi eta aste osoa hartuko dute kontuan, udan egingo duen eguraldia iragartzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak