Ireki ditu ateak 2deok, euskarazko ikus-entzunezkoen laborategiak

Maialen Regueiro 2019ko mai. 31a, 13:34

2deok, Tabakaleran kokatzen den euskarazko ikus-entzunezkoen laborategiak, gaur ireki ditu ateak. Aurkezpena eta ate irekiera ekitaldia gaur goizean egin da, laborategian bertan eta aurkezpenean, Iban Arantzabal, 2deo martxan jartzeko prozesuaren arduradunak, Markel Olano, Gipuzkoako diputatu nagusiak eta Edurne Ormazabal, Tabakalerako zuzendari nagusiak. 

Laborategiaren ezaugarriak

Euskarazko ikus-entzunezkoen laborategiak 500 metro karratu inguruko instalazioak ditu; horien artean, elkarrekintza sustatuko duten espazio irekiak, materiala ikusi eta editatzeko eremuak eta laborategiko langileen lan eremuak.  Espazioak era dinamiko eta eskalagarrian banatzen dira, unean uneko beharretara egokitu ahal izateko. 2deo Etorkizuna Eraikizeko sei erreferentziazko zentroetako bat da, Ziur zibersegurtasun zentroa; Mubil elektromugikortasun zentroa; Adinberri osasuntsu zahartzeko estrategia; LABe gastronomia digitalaren laborategia; eta Naturklima klima aldaketari aurre egiteko zentroarekin batera.

Proiektu estrategikoak sustatzea

Iban Arantzabalek honakoa aipatu du: "Euskarazko edukien kontsumoan eraldatzaile izango diren proiektu estrategikoak sustatuko ditugu. Horretarako, laborategira datozen proiektuen ahulgune eta indarguneak antzeman eta horietan eragingo dugu". Horrez gain, adierazi du, nazioartean mugitzen den behatzaile talde bat ere sortuko duela 2deok: “Euskal Herrira zein proiektu ekar daitekeen proposatuko dute, eta gero, gure errealitatera egokitu”. Arantzabalek honakoa ere nabarmendu du: "Gaurtik aurrera ere sektorearekin batera egingo da lan, sorkuntza oinarri proiektu esperimentalak sortuz”. 

Belaunaldi berriak

Markel Olanok, bestalde, proiektu honek belaunaldi berrietan izan dezaken garrantzia azpimarratu du: "Ikus-entzunezkoak dira gazte eta nerabeek beraien aisialdian gehien kontsumitzen dituzten edukiak, baina tamalez euskararen presentzia oso urria da arlo honetan. Sektorearekin elkarlanean, egoera hau iraultzean laguntzea da hain zuzen 2deoren xedea”.

2deo Tabakaleran

Azkenik, Edurne Ormazabalek 2deo kontextu egokienean abiatu dela adierazi du: “Tabakalerak anbizio eta ilusio handiarekin heldu dio Foru Aldundiak gure esku ipini duen proiektu honi, eta unerik egokienean, gainera, hain justu Tabakalera sormen eta industriei begira lanean jarri berri dugunean”.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak