Gaur, egubakoitza, gauerdian emango zaio amaiera hauteskunde kanpainari, eta guztia prest dago hauteskunde hirukoitza izango den honetarako.
Udal hauteskundeei dagokienez, 49.980 debagoiendar daude botoa ematera deituta domekan –gogoratu Leintz Gatzagan ez dutela hautetsontzirik jarriko–. 108 zinegotzi aukeratuko dituzte domekan, eta herri bakoitzak duen biztanleriaren araberakoa izango da zinegotzi kopurua ere. Hori horrela, Arrasaten, 21 zinegotzi aukeratuko dituzte; Bergaran, 17; Oñatin, 17; Aretxabaletan, 13; Eskoriatzan, 11; Antzuolan, 11; Aramaion, 9; eta Elgetan, 9.
Behin hauteskundeak pasata, ekainaren 15ean egingo dute udalen eraketa, eta ostean Mankomunitatea ere eratuko beharko dute. Debagoieneko Mankomunitateak 16 ordezkari ditu, eta horiek ere herrien biztanle kopuruaren arabera aukeratzen dituzte. Beraz, Arrasatek lau ordezkari izango ditu, Bergarak eta Oñatik hiruna, Aretxabaletak bi, eta Eskoriatzak, Antzuolak, Elgetak eta Leintz Gatzagak bana. Azken horretako ordezkariak karguan jarraitu beharko du, hauteskundeak egin eta udal berria eratu arte.
Udal eta foru hauteskundeetarako errolda, herrika:
Herria | Errolda |
Antzuola | 1.630 |
Aramaio | 1.175 |
Aretxabaleta | 5.432 |
Arrasate | 17.349 |
Bergara | 11.512 |
Elgeta | 856 |
Eskoriatza | 3.168 |
Leintz Gatzaga | 187 |
Oñati | 8.858 |
Guztira | 50.167 |
Foru hauteskundeak
Udaletako ordezkariez gain, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako batzar nagusietakoak ere aukeratu beharko dituzte herritarrek domekan –50.167 debagoiendar daude deituta–.
Batzar nagusi bakoitzean 51 batzarkide aukeratu beharko dituzte herritarrek. Gipuzkoan lau barruti daude, eta Debagoiena Deba-Urola eskualdean sartzen da. Eskualde horretatik 14 ordezkari joango dira Gipuzkoako Batzar Nagusietara –Donostialdetik, 17; Bidasoa Oiartzundik, 11 eta Oria eskualdetik, 9–.
Arabako Batzar Nagusiei dagokienez, 51 batzarkide aukeratu beharko dituzte arabarrek, eta hiru barruti daude: Aiara barrutiak sei batzarkide izango ditu; Gasteizek, 38; eta Lur Jareek, zazpi. Aramaio azken barruti horretan sartzen da.
Barkosek karguari eutsiko dio?
Bestalde, Nafarroako Parlamentuko 50 diputatuak aukeratzeko eguna ere izango da domeka. 2015eko hauteskundeen ostean, UPN agintetik kendu zuen aldaketaren Gobernua moduan ezaguna izan denak, Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak osatutakoak.
Ikusi egin beharko da, ordea, aldaketa hori berretsiko den domekako hauteskundeen ostean. Izan ere, inkestek Navarra Suma koalizioari ematen diote garaipena –UPN, PP eta Ciudadanos–. Hala ere, lauko gobernua osatzen duten alderdiak ere gertu izango lituzkete garaileek. Ez da ahaztu behar, gainera, PSN bigarren indarra izango litzatekeela inkesten arabera, eta sozialistak erabakigarriak izan daitezkeela datozen lau urteetako Gobernuaren osaketan. Uxue Barkosek Nafarroako lehendakari izaten segituko duen edo ez inkognita handia da, beraz.
Debagoiendarrak batzarkide
Hainbat debagoiendar daude alderdi ezberdinetako zerrendetan, eta, beraz, batzarkide izateko aukerarekin. Gipuzkoako Batzar Nagusietako batzarkide izateko aukera gehien dituztenak, inkesten arabera, ondorengoak dira: Mikel Biain oñatiarra EH Bilduko zerrendaburua izango da Deba-Urola barrutian; Aintzane Oiarbide Bergaran bizi den errenteriarra hirugarrena izango da EAJren zerrendan, eta Aitor Arantzabal bergararra laugarrena izango da EH Bildurenean. Horiez gain, Juan Luis Merino eskoriatzarra hirugarrena izango da Elkarrekin Podemosen zerrendan eta Oscar Garcia arrasatearra, laugarrena PSE-EErenean.
Arabako Batzar Nagusietara begira jarrita, Pedro Elosegi Aramaioko EAJren alkategaia bigarren joango da EAJren zerrendan, eta Batzar Nagusietako presidente izateko hautagaia ere bada –gaur egun presidentea da–. Izaskun Moiua oñatiarra, berriz, hirugarrena izango da EAJren zerrendan.
Nafarroari dagokionez, Koldo Martinez arrasatearra hirugarrena izango da Geroa Bairen zerrendan –egun, alderdiko bozeramailea ere bada Parlamentuan–. Bestalde, Ainhoa Aznarez antzuolarra, gaur egun Parlamentuko presidente dena, Elkarrekin Podemosen bigarren zerrendakidea izango da.
Europar Batasuna, kolokan?
Europako Parlamentuko ordezkariak aukeratzeko hautetsontzia ere jarriko dute etzi Debagoienean. Hauteskundeok eguen batetik domeka batera bitartean egin behar izaten dituzte, legearen arabera. Beraz, herrialde batzuetan, atzo dagoeneko botoa emana zuten.
"Kontinente baten izaera definitzea" dago jokoan domekan, Mikel Lezamiz Mondragon Taldeko nazioarteko bisiten arduradunaren esanetan. Europar Batasuna momentu erabakigarrian eta, aldi berean, arriskutsuan dagoela ohartarazi du. "Ikusteko dago datozen lau urteetan Europak etorkinak hartuko dituen edo ez, kontinente demokratikoa izango den edo ez. Eskuin muturrak etorkinak ez babestea dago jokoan eta, ondorioz, kontinente arrazista bat izatea edo ez izatea".
Eskuin muturra da "mehatxu nagusia", Lezamizen esanetan. "Ikusiko dugu eskuin muturrak benetako indarra hartzen duen, edota ezkerreko, zentroko eta eskuineko alderdiek hartuko duten boterea. Eskuin muturra nagusitzen bada, etorkinek gaizki pasatuko dute, eta baita txiroek ere. Klase ertainak ere okerrera egingo du, eta pobrezia areagotu egingo da. Azken finean, eskuin muturraren filosofia neoliberalismo hutsa da", azpimarratu du.
"Mehatxu" horrekin Europar Batasuna bera kolokan egongo litzatekeela adierazi du. "Agintea eskuratuz gero, mugak itxiko lituzkete estatuetan, eta estatuek orain dutena baino botere handiagoa izango lukete Europar Batasunarekin alderatuz. Oso patriotikoak izango lirateke Europako estatuak, eta muga-zergak ezarriko lituzkete. Datozen lau urteetan hori datorkigu, eskuin muturrak irabaziz gero", dio.
Brexit-a ere bada hauteskunde hauetan eragina izango duen beste faktore bat. "Erresuma Batuan eskuin muturra nagusitzen bada, orain arte baino askoz ere errazago aukeratuko dute Europar Batasunetik irtetea. Eta hori gauzatzen bada, beste herrialde batzuek ere irten gura izango dute".
Europako legediari dagokionez, "orain ere botere handirik ez dauka", Lezamizen arabera. "Europako Parlamentuak ebazpenak eman edota konponbideak egiten ditu soilik, eta, sarritan, ezin izaten ditu lege erabakigarriak egin. Eskuin muturrak irabaziz gero, are urriagoa izango litzateke lege erabakigarriak gauzatzeko aukera, baita ebazpenak emateko ere. Europako Parlamentuaren zein Europar Batzordearen boterea gutxitu egingo litzateke".
Hala ere, eskuin muturrari aurre egiteko aliantzak sortuko direla uste du. "Eskuin muturrak gora egingo duela esnago nuke, baina betikoek irabaziko dute Europa osoan; hau da, eskuineko partiduek. Bigarren indarra sozialdemokratek osatuko dute. Eskuin muturrari aurre egiteko, aliantzak egingo dituztela uste dut. Izan ere, alderdi batek ez du gehiengoa edukiko: kristaudemokratak eta sozialdemokratak bat eginda, edota erdikoekin eta berdeekin elkartuta, ez diote utziko eskuin muturreko alderdiei Gobernuan egoten", nabarmendu du.
Adrian Zelaia Ekai Centerreko presidenteak ere ikusten du eskuin muturraren mehatxua, baina ez du uste gehiengoa lortuko dutenik. "Euroeszeptikoek eta ultraeskuinak pisu handiagoa lortuko dute Europako Parlamentuan, baina ez gehiengoa. Igoera horregatik eta Europa osoan gertatzen ari diren aldaketen ondorioz, Europa osoa joango da aldatuz. Parlamentuaren aldaketa, gehienez, Europa osoan datorren aldaketa hori bizkortzeko urrats bat izan daiteke, besterik ez".
EH Bildu eta EAJ Europan
Debagoieneko bi alderdi nagusiak beste alderdi batzuekin aurkeztuko dira Europako hauteskundeetara. EH Bilduri dagokionez, ERC eta BNG alderdiekin batera aurkeztuko da, Orain Errepublikak izenarekin. EAJ, berriz, Coalicion Canaria, Compromiso Por Galiza, Geroa Bai, Proposta Per Les Illes eta Democrates Valencians alderdiekin aurkeztuko da, CEUS izenarekin.