Seguruago eta ingurua babestuz eskalatzeko

Julen Iriondo 2019ko mai. 22a, 18:05

Gipuzkoako eskalada guneen proiektua eta zehazki Oñatikoen egoera zertan den azaltzeko agerraldia egin dute Mendizale Federazioko, Aldundiko, Udaleko eta herriko eskalatzaileen ordezkariek.

30-35 urte dira Araotzen eskalada bideak zabaltzen hasi zirela, eta hormetako ekipatze lanak, anklajeak jarri eta abar, eskalatzaileek eurek egin izan dituzte orain arte, euren poltsikotik ordainduta. Duela urte batzuk egin zen berrekipazio bat, baina zer gertatuko litzateke etorkizunean materiala berritzeko ardura hori inork hartu ezean? "Inork lan hori egin ezean, zahartzen joan ahala, istripuak hasiko dira"; Gaizka Galfarsoro eskalatzaile oñatiarrak azaldutako gogoeta horretatik abiatuta hasi ziren Gipuzkoa mailan eskalada guneen proiektu hau lantzen. Eskalada guneei kirol azpiegitura publiko izaera ematea da kontua, eta, horrela, eskalatzaileen segurtasuna ahal beste bermatzea. Gipuzkoako hainbat herritako 25 eskalada gune jarri zituzten jomugan, eta hamazazpirekin egin dute, oraingoz, aurrera: horietako bideak berrekipatzen ari da federazioa. Hamazazpi gune horietako bi daude Oñatin, Kortakogainekoa –42 bidetatik, 33 berrekipatu dituzte dagoeneko– eta Araotzekoa –400 bidetatik, laurdena berrekipatu dute–.

Udalak proiektuan sartzea erabaki zuen, kanpoko jende asko erakartzen duelako eta gehiago erakar dezakeelako eskaladak Oñatira, eskalatzaileen segurtasunagatik eta ingurua babesteagatik, Kirol batzordeko buru Borja Moiuaren esanetan. Udalak eskalada guneen eta bideen gaineko azalpenekin panelak jarri ditu, eta sarbideak-eta txukun izatea ere bere ardura izango da.

Ingurua babesteari dagokionez, Araotzeko gunean dauden bi aztarnategi arkeologikotan, adibidez, izan du eragina proiektu honek: "Bi aztarnategi arkeologiko hauek Euskal Herriko ondare errolda orokorrean sartuta daude, eta garrantzi handiko kultur ondare izendapena daukate. Horregatik, hogei metroko babes perimetro batean, baimenik gabe, debekatuta dago edozein jarduera egitea; bereziki, eskalatzea. Aipatutako bi guneetan badaude eskalada bideak, batez ere Sandailin –sarrerako sabaian eskalada bideak daude–, eta baita beste sektorean ere; beraz, Diputazioko teknikariek erabaki behar zuten ze bide desekipatu behar ziren"; eta alde denekin bildu ostean erabaki dute zortzi bide desekipatzea, ingurua babestearren, Gipuzkoako Mendizale Federazioko Ketxus Barandiaranen esanetan.

Gaiaren beste ertz bat izan da lur-jabeekin akordioak egitea. Araotzen, hainbat horma lur publikoetan daude, baina badira lur partikularretan ere. Denek utzi dute euren lurra eskaladarako, eta jarduera harekin lotuta gerta daitezkeenen gainean erantzukizun gabetu egin dituzte jabeak. Honen garrantzia azaltzeko, adibide bat Gaizka Galfarsorok: "Behin behor bat jausi zen goitik behera; ez zuen inor harrapatu. Baina pentsa harrapatu izan balu. Zeinena da erantzukizuna?". Proiektu honetan egin dutena izan da, beraz, balizko gertaeren erantzukizunak zehaztu eta erakundeen artean banatu. Adibidez, gaizki ekipatutako hormaren erantzule federazioa izango litzateke, arrazoi horregatik istripuren bat gertatuz gero.

Gipuzkoako Foru Aldundiak 233.000 euro jarriko ditu proiektu honetarako 2014tik 2020ra. Alde denen asmoa da 2020tik aurrera ere proiektuarekin jarraitzea, hasieran aurreikusitako 25 eskalada guneetako lanak egin arte, behintzat.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak