Gogora ekarri dute aurrena hondakinen arloan egindako aldaketa: "Kudeaketan eta akordioetara iristeko gaitasunean gabezia handia egon zen aurreko agintaldian, eta hori kalera eraman zen, eta kalean krispazio eta gatazka egoeran geunden, eta elkarbizitza urratuta zegoen. Akordioetara iristeko gure gaitasuna mahai gainean jarri genuen, herri bakoitzak bere bidea topatu du eta gure herri guztietan, gaur egun, eroso eta lasai jardun gaitezke, bilketa sistema aldatuta. Eta ez ditugu gure helburuak jaitsi; alderantziz, hobetu egin dugu, eta kaleko giroa hobetu egin da", zioen EAJren Bergarako alkate eta alkategai Elena Letek.
%77ko bereizketa tasarekin, Debagoiena Gipuzkoako lider dela azpimarratu dute jeltzaleek. Aurrera begira, edukiontzien irisgarritasuna hobetzeko neurriak, merkataritza sektoreko tasak hobetzeko ahalegina eta sentsibilizazioarekin jarraitzea iragarri dituzte.
Nabarmendu duten beste gai bat izan da argiteria publikoarena, Madrildik jasotako maileguari eta EVEren diru laguntzari esker egindako aldaketa: "Argiteriaren egoera oso eskasa zen, argi kopurua oso eskasa zen, eta kostua altua zen; hori bideratzeko, bailara mailan 4.100 argi puntu aldatu ditugu mailegu honen bitartez, jaitsi dugu kontsumoa nabarmen, eta, nola ez, urrats ekologikoaren neurria ere hobetu dugu nabarmen", zioen Letek; urtean 330.000 euro aurreztu eta 772 kilo co2 gutxiago sortuko dira, EAJren arabera.
Bestalde, Debagoiena gizarte zerbitzuen mapa duen Gipuzkoako lehen eskualdea dela adierazi dute, eta zerbitzuok areagotzeko eta hobeto kudeatzeko aukera emango duela horrek.
EAJk Deskargako autobide zatiaren arazoari irtenbidea eman izana ere goraipatu dute, eta jakinarazi dute milioi eta erdi euro bideratuko dituztela orain errepide zaharra hobetzeko. Eta errepideekin segituz, Kanpanzarko autobideari bultzada emateko konpromisoa hartu dute: "Badakigu proiektu horretarako Bizkaiarekin ere lankidetza egin beharra daukagula, zeren Gipuzkoak bere zatia egina dauka baina Bizkaia aldekoa falta da. Baina uste dugu instituzioen arteko elkarlana oso garrantzitsua dela; lau urte hauetan erakutsi dugu beste instituzioekin elkarlanean jarduteko ahalmena badaukagula eta horretarako predisposizio ona ere badugula, eta, esan bezala, honetan lidergoa hartzeko konpromisoa dugu", zioen Arrasateko alkate eta alkategai Maria Ubarretxenak.
Turismora begira Puntaik Punta ekimena martxan jarri eta kiroletan Debagoieneko Kirol Sariak berreskuratu izana ere aipatu dute.