ALBISTEAK

Debagoieneko EH Bildu: "Arazo larri bat sortu da gaika bildutako hondakinetan, inpropioen maila oso altuengatik"

Amaia Txintxurreta Guridi 2019ko mai. 13a, 19:56

Eskualdeko EH Bilduko ordezkariek agerraldia egin dute Debagoieneko Mankomunitatean. Bertako jarduna izan dute berbetarako gai, baita egoera sozioekonomikoa ere.

Eskualdeko EH Bilduko hautetsiak eta hautagaiak izan dira agintaldi amaierako bileran eta euren irakurketa orokorraren puntu nagusiak zeintzuk diren azaldu dute.

Ingurumena

Ingurumenari dagokionez, alderdiko Mikel Biainek adierazi du 2015ean Mankomunitateko Gobernu Junta berria eratu zenean, edukiontzi bidezko sistemara aldatzearen ondorioz, "debagoiendar guztiondako kostu aurrezpen bat" iragarri zutela ordezkari berriek. Baina, gaineratu du datuek erakutsi dutela, ez dela horrela izan: "Kosturik ez murrizteaz gain, arazo larri bat sortu da gaika bildutako hondakinetan inpropio maila oso altuagatik", azaldu du. Eta hauxe gaineratu: "Egoera honek ondorio ekonomiko sakona izan dezake, hondakina organiko plantan ez hartzeak, errefusa bezala hartzeko arriskua dagoelako, eta ondorioz, tratamendu kostuak asko igoko liratekeelako".

Ekonomia garapena

Ekonomia garapena kontuan hartuta, Biainek esan du Mankomunitatetik eta "eskualdeko erreferente" den Arrasateko Udal gobernutik ikusi duten jarrera "kanpora begirakoa" dela. Kanpoko inbertsioa erakartzeko "nahi handiak" ikusi dituztela argudiatu dute, eta aldiz, bertako kooperatiba eta gainontzeko enpresekin elkarlanerako "egitasmo eta lidergo falta" somatu dutela.

Argi utzi nahi izan dute eskualde honetako ekonomia "modu orekatu eta sendo" batean geratuko bada, "garapen endogeno bati esker" izango dela, eta bertako enpresekin eta eragileekin "elkarlan estua" derrigorrezkoa dela. Kooperatiba munduaren bultzadaz, berriko sortu den Gizarte Berrikuntza Plataforma horren adibide garbia dela gaineratu dute.

Salatu dute, bestetik, deigarria egin zaiela Mankomunitateko Lehendakaritzatik Foru Aldundiaren Etorkizuna eraikiz ekimenaren baitako egitasmo bakar bat ere ere eskualdera ekartzeko "ahaleginik egin ez izana".

Bukatzeko, azaldu dute Debagoieneko Mankomunitatea "hondakin zerbitzuak eskaintzeaz haratago, eskualdeko garapenari begira" jarri behar dela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak