HARIRA

Gipuzkoako hautagaiekin mahai-ingurua

Goiena Telebista 2019ko mai. 10a, 21:00

Gipuzkoako ahaldungai, Markel Olanok (EAJ), Juan Karlos Izagirrek (EH Bildu), Denis Itxasok (PSE-EE) eta Maria Valientek (Elkarrekin Podemos), ekonomia, pentsioak, bide eta ingurumen azpiegiturak eta abar, izan dituzte hizpide mahai-inguruan. 

Maiatzaren 26an egingo dituzte udal eta foru hauteskundeak, eta, horren harira, probintziako lau alderdi nagusietako ahaldungai nagusiak mahai-inguru batean batu dituzte Infosarek eta Goienak elkarlanean, Miramongo Parke Teknologikoan.

Markel Olano (Beasain, 1965) da EAJko zerrendaburua, 2015etik Gipuzkoako diputatu nagusia dena, hain zuzen. EH Bilduren zerrendaburua Juan Karlos Izagirre da (Donostia, 1963), 2011tik 2015era Donostiako alkate izandakoa. Denis Itxaso (Donostia, 1975) da PSE-EEko ahaldungai nagusia, 2015etik Kultura, Turismo, Gazteria eta Kiroletako diputatua. Azkenik, Elkarrekin Podemosen zerrendaburua Maria Valiente da (Salamanca, 1961), Gipuzkoako batzarkidea 2015etik.

Ekonomia ereduaz eztabaida

Ekonomiari buruz hitz eginez eman diote hasiera mahai-inguruari. Izagirrek hartu du hitza lehenik, eta "lorpen faltsuak" adieraztea ez dela ona leporatu dio EAJri. "Kezkatzen gaituena da genero arrakala handia, aberatsen eta langileen arteko diferentzia, baita gazteen prekarietatea ere. Sistema honek prekarietatea sustatu eta ingurumena apurtzen du".

Olanok erantzun dio esanez Europako herrialde aurreratuenen eredua dela hemengoa, eta ez duela alternatiba proposamenik ikusten. "Zein eredu da hobea? Venezuelakoa? Nikaraguakoa?", zuzendu zaio Izagirreri.

Itxasok uste du "lan ona" egin dela azken lau urteotan; hala ere, onartu du badagoela lana egiteko oraindik. "Esportazioak hazten ari dira, enplegua ere gorantz doa, baita soldatak ere. Horrek ez du esan nahi, ordea, guztia ondo dagoenik. Aitortu behar dugu desberdintasunak badaudela oraindik, eta emakumezkoak enplegu falta dutenen gehiengoa direla".

Krisia langileek ordaintzen dutela azpimarratu du, azkenik, Valientek. "Enpresariak dira onuradun handienak, krisia mauka da haientzat. XXI. mendean enplegu mota aldatzen ari dela kontuan hartuta, plan estrategiko bat landu beharra daukagu, eta etorkizuna enplegu berdearen bidez eraiki. Enplegu zuzena eta tokiko merkataritza bultzatzea ezinbestekoa da, gure ustez", zehaztu du.

Zerga-politika eta aberatsak

Elkarrekin Podemoseko batzarkideak "justizia fiskala" eskatuz hasi du zerga politikaren tartea. "Gehiago irabazten duenak gehiago ordaindu behar du. Sozietate zerga igotzeaz gain, zerga iruzurraren aurka borroka egin behar dugu. Paradisu fiskalak bukatu beharra dago", dio.

Itxaso ere zergak progresiboak izatearen alde agertu da, eta harmoniaren aldeko apustua egin du. "Modu harmonizatuan diseinatu beharko genituzke zergak. Hala ere, ongizatea bermatzeko zergak ondo kudeatzen ari dira, eta hala jarraitu behar dugu".

Izagirrek ere uste du zergak modu justuan banatu beharko liratekeela, eta EAJri leporatu dio ondasun handien gaineko zerga kendu izana. "Aberatsek Gipuzkoan zuen garaian baino gehiago ordaintzen dute orain. Ondasunen zerga egokiagoa da etorkizunaren eta enpresen osasunaren ikuspegitik. Oso aurrerakoia den fiskalitatea daukagu egun Gipuzkoan", erantzun dio Olanok.

Bide-azpiegiturak bukatuta?

Olanok adierazi du lau urte hauetan aurrerapauso handiak egin direla bide-azpiegiturei dagokienez. "Deskarga 5-6 urte oso modu arriskutsuan egon da. Orain, arriskua ekiditeaz gain, autobidea martxan jarri dugu, eta Gipuzkoako herritarrek 15 kilometrora autobide bat daukate. Hori albiste pozgarria da".

Itxasok ere bat egin du. "Hiru lorpen nabarmenduko nituzke: Gipuzkoako biribilgunea bukatu dugu, biztanle orok 15 kilometrora gaitasun handiko errepide bat du, eta bidesarien arazoa konpondu dugu. Kanpotarrek ere ordainduko dute eta kamioiek ere lagunduko dute errepidea mantentzen. Azkenik, tarifa laua Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Horrek lagundu du autoa erabiltzen dutenentzat merkeagoa izan dadin probintzia arteko ibilbidea".

Valientek ohartarazi du autobidea ordainduta dagoen arren herritarrek ordaintzen jarraitzen dutela. "Saltzen digute errepidea konpontzeko eta egoera hobean egoteko erabiltzen dutela diru hori, baina errealitatea da AP-8a penagarri dagoela, zuloz beteta, segurtasun gutxirekin, argitasun faltarekin, eta abar".

Izagirrek bide beretik jarraitu du. "Sare nagusia egina dago, baina ekintza puntualak egitea falta da orain. "Mantentze-lanek asko kezkatzen naute. N-1 errepidea oso gaizki dago, eta beste batzuk ere bai. Zaharberritu egin behar dira".

Genero berdintasuna

Turismoa lurralde osora

PSE-EEko ordezkariak hasi du turismoaren gaineko erronda, adieraziz kostaldeko turismoaren eta barnealdekoaren arteko aldea orekatuz doala pixkanaka. Hala ere, onartu du oraindik aldea handia dela. "Lortu behar dugu Donostiara datozenak gainontzeko eskualdeetara ere joatea. Horrekin lanpostu duinak lortu behar ditugu, ostalaritzan ere hitzarmen kolektiboa bermatuz".

Valientek erantzun dio esanez "abandonatuta" dagoela barneko turismoa. "Turismoak lurralde osoan eduki behar du eragina, eta barnealdeko turismoa ez dago bermatuta", dio. Gaineratu du sektore honetako langileen baldintzak "prekarioak" direla.

Ondorio positiboak eta negatiboak aipatu ditu Olanok. "Positiboa da gure lurraldea geroz eta erakargarriagoa dela. Negatiboa, berriz, masifikazioa ere handia dela. Turismoa dibertsifikatu eta barnealdera erakartzea lortu behar dugu. Hala ere, barnealdeko eskualdeak ez daude lo, eta etorkizun oparoa dutela uste dut".

Izagirrek masifikazioari erreparatu dio. "Eskaintza zabala daukagu Gipuzkoan, potentzialitate izugarria; beraz, zabaldu dezagun lurralde osora. Denok gara turistak, eta turista arduratsuak behar ditugu. Turismo jasangarria eta ez masifikatua". Era berean, azpimarratu du turismoa ezin dela "ekonomiaren motorra" izan, "osagarri" bat baizik.

Pentsioak: lorpenak eta premiak

Olanok adierazi du EAJ izan dela euskal pentsiodunen alde zerbait lortu duen bakarra: "Gure eskuduntza ez den arren; izan ere, pentsioak Espainiako Estatuaren eskuduntza dira, eta Estatuan EAJ izan da PPrekin negoziatu eta pentsioak hobetzeko. Euskal pentsiodunek hilero onura bat jasotzen dute orain".

Itxasok dio arlo honetan aldaketa bat izan dela Pedro Sanchez Espainiako gobernuburu izendatu zutenetik. "Sanchez pentsioak eguneratzen ari da. Sozialistok Toledoko Itunaren alde gaude pentsioak bermatu daitezen, eta KPIaren arabera igo, eskuina etorri ez dadin horren inguruan murrizketak egitera".

Valientek, Olanori erantzunez, adierazi du ez zaiola dominak jartzea gustatzen. Gero, gaineratu du Toledoko Ituna "gardena eta irekia ez den bitartean", pentsioak KPIaren arabera igotzea legez onartu beharreko gauza bat dela, eta erretiroa hartzeko adinaren muga 65 urtetan jarri. "Inor ez dadin 70 urterekin oraindik lanean egon".

Izagirrek aldarrikatu du gutxieneko pentsio 1.080 eurokoa izan beharko litzatekeela. "Nahiz eta Diputazioaren eskuduntza ez izan, Eusko Jaurlaritzatik asko egin daiteke, eta lau urte hauetan atzera egin dugu".

Erraustegiaren alde eta kontra

Ingurumena izan da jorraturiko azken gaia. "Hitza bete" dutela esanez hasi da Olano. "Esan genuen hondakinen kudeaketaren arazoa konponduko genuela, eta bete dugu. Zubietako azpiegitura batzuk dagoeneko martxan daude", dio.

Itxaso ere "harro" azaldu da hondakinen kudeaketaren arloan egindako lanarekin. "Birziklapen-tasak gora egin du, azpiegiturak eraiki ditugu, zabortegiak itxi, ez dugu zaborra esportatzen jarraitu beharko aurrerantzean eta energia berriztagarria sortuko dugu".

Valientek dio azken 20 urteetan ez zaiola tratamendu onik eman zaborrari. "Ekonomia berdea aldarrikatu gura dugu, eta erraustegia oztopo bat besterik ez da bide horretan. Zaborra erretzea beharrezkoa izango da, eta Gipuzkoa 35 urterako hipotekatu duzue".

Izagirrek ere bat egin du azken horrekin. "Erraustegirik gabeko kudeaketa publikoa gura dugu, eta erabiltzen diren azpiegiturak gipuzkoarren nahietara egokitutakoak izatea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak