"Orain, EHU-UPVko irakasle batzuk egindako ikerketa baten, Confebaskek diktatua dirudiena, langileak egin nahi dituzte egoeraren erantzule; lan baldintzak prekarizatzen jarraitzeko estrategia patronalaren urrats bat gehiago ikusten ari gara", diote LABetik eta gaineratu dute bazkideak ordezkatzen dituen Kontseilu Sozialari bota nahi zaiola errua, nahiz eta kontsultarako organoa izan hori.
Kontratazio sistema "nepotista"-ren gainean zera diote: "Esan dute abizenak gehiago balio zuela kualifikazioak baino. Errealitatean, ordea, ekoizpen postuetan sartzen ziren langileek gehiegizko kualifikazioa zuten. Horietako asko emakumeak ziren gainera, industrian
emakumeen sarbidean Fagor Etxetresnak aitzindari izan baitzen". Eta benetako arazoa zuzendaritzako kideen kontratazioa izan zela gaineratu dute: "Etekinik eman ez zuten Brandt eta beste enpresa batzuk erosten 200 miloi euro gastatzeko erabakia hartu zutenak, esaterako".
Langileen absentismoa jaso dela arazo nagusi gisa ere badiote, eta makinak ez direla aipatzen "azpierabiliak" zeudenean, "gehienezko ekoizpenetik urrun": "Ez ziren langileak falta, lana falta zen. Ez zen izan absentismoa 1.000 milioiko zorra sortu, eta Polonia eta Frantziako proiektuak finantzatzen jarraitu zuena".
Ikerketan jaso ez den bestelako egoera bat ezagutu zutela eurek diote LABekoek: "Elkartasunez eta berekoikeriarik gabe proiektu eta proposamen desberdinetan lan egin zen. Bideragarritasun planak landu ziren elkarren artean. Erabatekoa izan zen inplikazioa".
Eta gertatutakotik ikastera dei egin dute: "Ikas dezagun gertatutakoaz, etorkizunera begiratzeko, baina zorroztasunez eta era objektiboan. Egindako lanaren ondarea geratzen zaigu. Ea etorkizunean baliagarria den, bai sindikalgintzarentzat eta baita kooperatibismoarentzat ere".
Ordaindu "harrituta"
Ordainduko hainbat kide "harrituta" agertu dira Fagor Etxetresnen porrota gertatu zela ia sei urte bete direnean ikerketa hori egin izana EHUk: "Bitxia, kontuan hartuta Mondragonek MU duela kide, eta horrek ezin hobeto ezagutzen duela kooperatiben funtzionamendua eta bitartekoak. Bitxia, halaber, ia berrogei urtean bazkide izan garenoi kooperatibak eta Mondragonek ez digutela inolako azalpenik eman eta EHUren bitartez jakin behar izan dugulako gertatutakoa."
Hala, agerian utzi gura izan dute Fagor Etxetresnen zein Mondragonen zuzendaritzako kideen erantzukizunik ez agertu izana ikerketa horretan: "Kooperatibako zuzendarien eta Mondragonen erantzukizuna "egiten uztea" izan dela diote. Gogoan izan behar da Fagor Etxetresnetako zuzendari ohiez beteta zegoela Mondragon eta erabaki estrategiko guztietan hartzen zuela parte".
Pertsonal politika zabalkunde proiektuei (Brandten erosketa eta Poloniako hedapena…) lotua egon dela diote, kooperatibaren zuzendaritzak proposatu eta babestuak horiek guztiak Mondragonen abalarekin: "Hedapen-politika horiek sekulako porrota izan dira. Enpresa multinazional kooperatibo ertainetan, bazkide xeheek ez dute ez bitartekorik ez ezagutzarik ordezko proiektuak proposatzeko".
Ikerketa horretan jasotako hainbat kontu eztabaidagarriak direla ere gaineratu dute. Bazkideak hautatzeko modua, esaterako: "Politika bera darabilten beste kooperatiba batzuk bizirik jarraitzen dute, eta emaitza bikainekin, gainera". Baita absentismo-indizea ere, gainerako kooperatibetan baino "apur bat handiagoa" delako.
Eta beste era bateko hausnarketa bultzatu beharko litzatekeela diote, Fagor Etxetresnen porrota "langile-politikaz harago" doala: "Kooperatibako zuzendarien hutsegite taktiko eta estrategikoen ondorioz hondoratu zen Fagor Etxetresnak, eta Mondragonek horiek babestu eta onartu zituelako". Eta Mondragonek, bere baliabideak erabilita, sakon aztertu beharko lituzkeela "zuzendaritzak egindako hanka-sartze estrategikoak eta horien ondorioak".