Iaz, Arrasatek Antzuolari pasa zion Bailarako Dantzari Eguna ospatzeko testigua. Eta, aurten, anfitrioiak egun osoko egitaraua antolatu du sorpresaren bat tarteko. "Iaz Arrasaten, 25. urteurrena ospatu genuen. Bertan batu ginen Oinarineko hasiera-hasierako dantzariak eta baita ere berrienak, hasiberriak zirenak; hunkigarria izan zen. Eta biharko Antzuolako festara ere talde ugari etorriko da. Guztira, txistulariak eta dantzariak batuta, 170 lagun inguru elkartuko gara", azaldu du Oihane Lizarralde Oinarin taldeko dantzariak.
Hala, maiatzaren 4an, Arrasateko Arrostaitz eta Lore Gazteak, Aretxabaletako Leizarra eta Oñatiko Oñatz taldeak batuko zaizkio Antzuolako Oinari taldeari.
Abestuz eta dantzatuz
Goiz osoan zehar dantzak izango dira nagusi Antzuolako herriko kaleetan barrena. Kalejira eskolako patiotik hasiko dute bailarako dantza taldeek goizeko hamaiketan. 11:30ean, aldiz, saio nagusia egingo dute Herriko Plazan. Ondoren, dantzariak elkarrekin bazkaltzeko batuko dira. "Goizeko saioa luzeagoa egitea erabaki dugu aurten eta horregatik berezia izango da goizeko saioa; musika egongo da eta kantatu ere egingo dugu bazkalostean", nabarmendu du Oinarineko Xabier Iparragirrek.
Hala, 18:00etan hasita Larrain-dantza herrikoia egiteko batuko dira berriro Herriko Plazan. Elektro txaranga ere bertan izango da giroa berotzeko eta poteo-kalejira alaitzeko: "Arratsaldean, elektro txarangarekin ere egingo dugu dantza ikuskizun nagusia erakargarriagoa izan dadin eta herritarrek ere parte har dezaten".
Sasoi betean
Belaunaldi aldaketa eman da Oinarinen ere, eta oso osasuntsu dagoela une honetan dantza taldea aitortu du Iparragirrek: "Taldeko beteranoek taldea utzi dute eta berriak sartu dira orain. Belaunaldi berrien artean ere bada dantzarako zaletasuna. Hala ere, gizoneko gutxi gaudela aitortu behar dut. Une honetan zortzi dantzari gizonezko gaude soilik eta justu-justu osatzen dugu gainera taldea". Herriko txikitxoenen artean, sei urteko haurren artean ere zaletasuna sumatzen dutela gaineratu du Lizarraldek. "Helduen eguna izan arren biharkoan, umeek ere disfrutatzea da helburua. Txikiagoei ere erakutsi behar zaie dantzarekiko zaletasuna sustatzeko".