HARIRA

Inboluzioa saihestea da lehentasuna

Eneko Azurmendi 2019ko api. 12a, 21:00

Gaur abiatu da ofizialki Espainiako Gorteetarako hauteskundeen kanpaina, eta, horren harira, Goiena telebistak mahai-inguru berezia prestatu du, Miren Gorrotxategi (Elkarrekin Ahal Dugu), Joseba Agirretxea (EAJ), Mertxe Aizpurua (EH Bildu) eta Maria Luisa Garciarekin (PSE-EE).

Apirilaren 28an egingo dituzte Espainiako Gorteetarako hauteskundeak, eta dagoeneko kanpainan sartuta daude alderdi politiko guztiak. Lau alderditako ordezkariak izan dira Goiena telebistako platoan, Harira: hauteskundeak programa berezian: Miren Gorrotxategi, Bizkaitik bigarrena Espainiako Diputatuen Kongresurako (Elkarrekin Ahal Dugu); Joseba Agirretxea, Gipuzkoako zerrendaburua Espainiako Diputatuen Kongresurako (EAJ); Mertxe Aizpurua, Gipuzkoako zerrendaburua Espainiako Diputatuen Kongresurako (EH Bildu); eta Maria Luisa Garcia, Gipuzkoatik bigarrena Espainiako Diputatuen Kongresurako (PSE-EE).

Askotariko gaiak izan dituzte hizpide: autogobernua, Kataluniako egoera politikoa eta pentsiodunen egoera, besteak beste.

Hauteskunde hauetan asko dago jokoan, eta horretan guztiak ados daude. "Eskuina bat eginda dator, eta erantzuna eman behar zaio horri. Irekitzen ari den egoera honetan arrisku asko daude, eta, horien artean, herri izatea egiten gaituzten ezaugarri horiek guztiak kolokan jartzen ari direla. Ezaugarri horiek mantendu nahi baditugu, lan handia egin behar dugu, eta erantzun sendoa eman datorkigun egoera horri", dio Aizpuruak. Agirretxea ere bat dator: "Euskadira begira, guri dagokigunari erreparatuta, inportantea izan daiteke gure autogobernuak defentsa izango duen, zeinek defendatuko duen eta ze eraso izan ditzakeen. Laino beltzen antzeko zerbait dator, itxuraz, behintzat, eta horretarako prest egon behar dugu. Legegintzaldi garrantzitsua izango da herri honen beharren defentsa sutsua egiteko, orain arte moduan".

Gorrotxategiren ustez, hauteskunde konstituziogileak izango dira. "Indarrean dagoen konstituzioak ez dauka indarrik eta datozen urteetan konstituzioaren irakurketa bat sortuko da datozen urteetarako. Une garrantzitsu baten aurrean gaude, eta aprobetxatu egin behar dugu". Garciak dio "momentu arriskutsua" dela. "Orain arte lorturiko eskubideak kolokan daude, gure autogobernua barne. Kolokan dago gehiengo progresista baten eraketa, eta inboluzioa benetako arriskua da. Eskuineko gobernua izaten bada, datozen hamarkadetan ere garapen demokratikoa baldintzatuta egongo da".

Autogobernua

Agirretxeak autogobernua defenditzearen garrantzia azpimarratu du. "Autogobernua diodanean, dira erakundeak, da kontzertu ekonomikoa, da autonomia, eta dira ditugun baliabideak. Ez dago guztia Madrilen esku, gure eskumenak hemen ditugu. Baina batzuk badatoz hori kendu nahian, eta euskaldun eta abertzale moduan hori defenditu behar dugu".

Aizpuruak gaineratu du "une historikoei erabaki historikoekin" erantzun behar zaiela. "Autonomia maila baino zerbait gehiago dago jokoan. Herri bezala erantzuteko garaia da eta une historiko hau aprobetxatu behar dugu. Aurrera ez bagoaz, atzera egiten dugu. Ataka batean gaude, eta pauso bat aurrera emanez irten gaitezke hortik. Herri gisa funtzionatu eta lan egin behar dugu, guztiok hobeto bizi ahal izateko".

Gorrotxategik, aldiz, zalantzan jarri du aurreko biek aipaturikoa. "Autogobernua, norena? Eta zer egiteko? Autogobernua, gaur egun, maila askotan kokatzen da, eta identitate loturak askotarikoak dira. Autogobernatzeko gaitasuna identitateari lotzen bazaio ere, askotariko identitate horiek lotzeko gaitasuna izan behar du. Herritarren parte hartzeko ahalmena handiagoa izan behar da, eta horren baitan dago autogobernu maila inportanteena", azaldu du.

Garciak, azkenik, hauxe dio: "Daukagunari eustea eta aldarrikatzea oso garrantzitsua da. Gure hezkuntza-sistema, Osakidetza, Ertzaintza, kontzertu ekonomikoa… Hori gabe ezin dugu ulertu gaur egungo Euskadi. Baina aurrera egiteko ituna eta akordioa beharrezkoak dira, eta hori ezberdinen artean ematen da. Akordioak beharrezkoak dira gaur egun sortu diren hainbat erronkari aurre egiteko. Identitate eta sentimendu ezberdinak daude herri honetan, eta hori aintzat hartu behar da".

Kataluniako egoera

Elkarrekin Ahal Duguko ordezkariaren esanetan, Katalunian "kontrajarri" egin dira zilegitasun demokratikoa eta zilegitasun juridikoa, "eta hori ez da inoiz egin behar". Lehenik egoera "normalizatu" egin behar dela dio. "Eta azkenean, bai edo bai, kontsulta egin beharko zaio Kataluniako herriari. Baina erreferendum hori ezin da aldebakarrekoa izan, ez duelako funtzionatzen, orain arte ikusi dugun moduan".

Jeltzaleak ere uste du konponbidea erreferenduma dela. "Estatuak beti dauka eskuan ez onartzea, eta, orduan, ez da inoiz legitimoa izango. Beraz, beti egongo gara ataka horretan bueltaka. Guztiok dakigu bi aldeek adostu beharko luketela erreferendum hori, eta Espainiako Estatuak daukan arazoa da ez duela plurinazionaltasun hori onartzen. Baina garbi dago azken konponbidea erreferenduma dela", nabarmendu du.

Koalizio abertzaleko kidearen esanetan, "sinpleki" jokatzeak baditu bere onurak politikan. "Herriaren borondatea errespetatuz, lortuko litzateke beharrezko konponbidea. Eta nik uste dut hori dela soluzio bakarra. Independentziaren aldeko sentimendua oso transbertsala da, eta ez du atzera egingo".

Sozialistak erantzun dio "herriaren borondatea baino gehiago, herri erdiaren borondatea izango litzatekeela, eta gaineratu du orain arteko bidea ez dela egokiena. "Marko legal bat dago, eta marko legal hori ezin da alde batetik bakarrik apurtu. Marko legal hori gainditzeko, desberdinen arteko akordioak behar dira. Kontsulta egiteko, legea aldatu beharko litzateke. Kataluniako herriari esaten zaio gauza bat denok dakiguna ezin dena egin, eta hori arriskutsua da".

Pentsioak

PSE-EEk "hasieratik babestu" ditu pentsionisten mobilizazioak, Garciaren esanetan. "Une hauetan Sanchezen Gobernuak badu konpromisoa 1.080 euroko pentsio horretara iristeko. %0,25eko igoera izan da, eta orain, Toledoko Ituna berreskuratzea da asmoa, baita pentsioak KPIaren arabera gaurkotzea ere. Bestalde, ondo pentsatu behar da pentsioen jasangarritasuna. Demografia arazo larri bat dugu eta Gizarte Segurantzari egindako ekarpen urriak prekarietatea eta langabezia ekarri du".

Izan den igoera "EAJri esker" gertatu dela dio Agirretxeak. Bestalde, "ikuspegi politikotik, planteatzen duguna da Gizarte Segurantzaren araubide ekonomikoaren kudeaketa arloko eskumenak Euskadira ekartzea, oraingo esparru juridikoa aldatuz. Iruditzen zaigu hori guri dagokigula, eta, gainera, hobeto kudeatuko genukeela".

Gorrotxategik azaldu du pentsioak KPIaren arabera igo beharko liratekeela. "Hala ere, hori legez bermatu beharko litzatekeela uste dugu". Toledoko Itunari dagokionez, ñabardura bat egin gura izan dio Garciari. "Toledoko Itunean proposatu zena pentsiodunek atzera bota zuten, euren aldarrikapenen aurkakoa izan zelako. Erretiroa 67 urtetik gora jartzea jarri zen mahai gainean, besteak beste".

EH Bilduk "erabat" bat egiten du pentsiodunen aldarrikapenekin. "Instituzioetan funtzionatu beharko genuke etxean funtzionatzen dugun moduan. Hau da, aurrekontu bat dago. Dirua badago. Kontua da nola banatzen dugun diru hori, zertan gastatzen dugun", dio Aizpuruak.

Balizko bat-egiteak

Azkenik, hauteskundeen emaitzen ostean alderdi politikoen artean eman daitezkeen balizko akordioak izan dituzte hizpide. "Oso argi dugu norekin akordioak egin eta norekin ez. Ciudadanosekin ez; zentsura mozioa ahalbidetu zuten indarrekin, bai", dio Gorrotxategik. Garciak, berriz, gehiengo progresista baten eraketari ematen dio lehentasuna. Aizpuruak Sanchez babestu lezakeela dio, "baldin eta guk eta ERCk aurkeztutako hainbat baldintza betetzen dituen". Agirretxea, azkenik, "Euskadiren interesak defenditzeko dagoen edonori" laguntzeko prest azaldu da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak