Hasita daude Aixola urtegiko ur maila jaisteko hustuketa lanak

Larraitz Zeberio Lekuona 2019ko api. 9a, 17:38
Martxo amaieran Aixola urtegian antzemandako zebra-muskuilua.

Urtegian era guztietako arrantza debekatzeko erabakia ere hartuta dago. Gipuzkoako zein  Bizkaiko Aldundiek ezarriko dute debekua zebra-muskuiluaren hedapena saihesteko helburuarekin. Barikuan Donostian egindako batzarrean adostutako neurriak dira.

Zebra-muskuilu ale heldu bat Aixolan agertu izanak eragindako urgentziazko lehen azterketa lanak egin ostean Donostian elkartu ziren urtegiko jardueretan eskumena duten eragileak, barikuan. Bertan izan ziren hainbat erakundetako ordezkariak: Gipuzkoako Uren Partzuergoa, Gipuzkoako Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Oreka saila, Ingurumena eta Obra Hidraulikoetako saila, Bizkaiako Foru Aldundiko Iraunkortasun eta Ingurune Naturala zaintzeko saila, Kantauriko Konfederazio Hidrografikoa, eta Uraren Euskal Agentzia.

Egindako behaketetatik jasoko emaitzak aztertu eta urtegiaren ezaugarriak baloratu ostean ur maila jaistea eta era guztietako arrantza jarduerak galaraztea erabaki zuten. Lehen neurriak ahalbidetuko du zebra-muskuilu gehiago dagoen antzematea eta horrekin batera egonkortzeko gustuko dituen eremuak lehortzea.

Arrantza debekatu dute espezie inbaditzailearen hedapena oztopatzeko; izan ere, gizakien jarduerek ahalbidetzen dute neurri handienean larbak ur eremu batzuetatik besteetara pasatzea.

Uraren Euskal Agentziak egingo du jarraipena aurrerantzean. Ur maila jaitsitakoan zebra-muskuilu helduak antzemateko azterketak egingo dituztela iragarri dute, eta udan eta udazkenean laginketa horiek areagotu egingo dituzte larbak ere antzemateko. Uraren analisi genetikoak egin beharko dituzte horretarako.

Azpimarratu dute, hori bai, zebra-muskuiluak ez duela inolako osasun arriskurik sortzen pertsonak edateko ura ekoizteko erabiliko diren uretan, hori baita Aixolako urtegiaren kasua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak