X. Koben Eguna egingo dute asteburuan Arrikrutz kobetan

Eneko Azurmendi 2019ko mar. 21a, 17:30

Lurpea elkarteak Koben Eguna ospatuko du domekan, hamargarrenez, eta elkartea osatzen duten koba guztiek bisita bereziak, erakustaldiak, zozketak eta beherapenak eskainiko dituzte. Koba horietako bat da Arrikrutz, eta asteburu osoan izango dituzte ekintzak.

Batetik, zapatuan, 53. galerian egiten diren ohiko bisitez gain, Espeleotxiki bisita osatuak egingo dituzte, haurrei eta familiei zuzendutakoak. "Haurrak ikertzaile lanetan jarriko ditugu eta kobazuloko ezezagun baina era berean ezinbestekoa den fauna ere ikertu beharko dute. Historiaurreko animalien erreplikak ikusi ondoren, eta pasabidea albo batera utziz, kobazuloa bere egoera naturalean ezagutzeko aukera izango dute bisitariek", azaldu dute. 10:30ean hasiko dute saioa, eta bi ordu eta erdi inguru iraungo du. Parte hartzeko, erreserba egitea beharrezkoa da, 943 08 20 00 telefonora deituz edo arrikrutz@onati.eus helbidera idatziz.

Bestalde, domekan, Arrikrutzeko 53. galeriako bisita turistikoa erdi prezioan egiteko aukera egongo da, baina, horretarako, aurrez erreserba egin beharko da.

Urteurren borobila

Esan moduan, hamargarren edizioa izango du aurten Koben Egunak. EHUko Geologiako doktore Arantza Aranburuk azaldu duenez, koba horiek duten garrantzia euren baitan gordetako informazioan datza, ikuspuntu ezberdinetatik analiza daitekeena. Geologoak zortzi kobak bereizi, eta guztiak goretsi ditu. "Bakoitzak bere bitxikeriak ditu: Pozalaguako kristaltxoak edonora begira hazten direnak, Arrikrutzen lehoiaren hezurrak ditugu, Ekainen eta Isturitzen gizakion aztarnak agertu ziren… Zortzietara joan gintezke libreki, bisitan, ikastera eta gure sentsazioen gozamenera".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak