Mariasun Pagoaga aktoreak eta Jon Zubiaga aktore eta musikariak, biak arrasatearrak, irakurri dute plataformaren komunikatua, atzean hainbat eta hainbat kulturgile zituztela. Jaurlaritzaren dekretuak bi hilabete baino gutxiagoko epean taberna eta edukiera txikiko lokaletan kultur ekintzak murriztuko lituzkeela-eta, "ez zegoen lekuan arazoa sortu" dutela salatu dute, eta dekretuak, euren ustez, dituen gabeziak agerian utzi: "Araudi honek berdin eragingo die herri, auzo eta hiriei, bereizketarik gabe. Bilbo edo Arrasate, Agurain eta Durango, ostalaritzaren zati handi batek eta agente kultural guztiek lur honek sekula ezagutu ez duen murrizketa jasango dute".
Izan ere, gehienez hamabikoa izan beharko da urtean antolatu ahalko duten antzezlan, kontzertu, erakusketa, DJ sesio, bertso saio, koro, emanaldi musikatu, monologo eta abarrekoen kopurua.
Araudiaren kontra "milaka norbanako, sortzaile, auzokide, kultura zale eta bultzatzaile" azaldu direla ekarri dute gogora: "Komertzio txikiko ekonomia, turismoa, auzoen bizitza, gure herrietako jaiak eta, batez ere, kultura, gure kultura, zentzugabekeria honek kaltetua izango dira".
"Instituzioei ulertarazi nahi diegu espazio hauek gure egunerokoaren parte garrantzitsua direla, programatzaileek historikoki kulturari egin dioten aportazioa kalkulaezina da eta, horrez gain, hasiberrien eskola dira, herritarren elkargune eta kulturzaleen topaleku eta erakusleku.
Horrela, ez da posible festibal handien garapena ulertzea leku txikietan hasi eta garapena bermatuko duen bertako eszena bat sustatu eta babestu gabe. Ezin da ulertu areto handien programazioa tokian tokiko espazio hauek gabe, dena elkarloturik dagoelako.
Dekretu honen moduko neurriak beharrean, elkarrekin eraikitako estrategiak behar dira areto, taberna eta aforo txikiko lokalen segurtasun ez juridikoarekin eta prekarietatearekin amaitzeko.
Ez dugu ordutegiak eta dezibelio mailak erregulatzea kritikatzen, ezta auzotarrekin kontziliazioa, gu geu ere, auzokideak baikara. Baina, honek zer du ikustekorik egin daitezkeen emanaldi kopuruarekin? Benetan existitzen al da halako arazorik gizarte batean kultura bezain garrantzitsua den zerbait mozteko?", adierazi dute agerraldian.
Eta zenbait izen ezagun ere aipatu dituzte: "Hemen gauden guztiok jakitun gara, lokal hauek kontzertuak antolatuko ez balituzte, gaur egun ez liratekeela existituko La Otxoa, The Beatles, Fito Cabrales, Miren Gaztañaga, Edith Piaf, RIP, Berri Txarrak edo Maialen Lujanbio. Horregatik, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailari galdetzen diogu, argumentu sekurokratez harago, esan diezagula zer onura dakarkion dekretu honek kulturari".
Eta "formatu txikiko zuzeneko arteen aldeko marko normatibo berri bat" lortu beharra aldarrikatu dute.
Hau guztia dela-eta, "aktibazio kulturaleko eguna" deitu dute martxoaren 23rako, Hartu zure kultura espazioa leloarekin. Herrietan, aipatutako espazioen garrantzia azaleratzeko ekintzak antolatzeko da deia, Jaurlaritzari presio egiteko. Debagoieneko hainbat herritan ere egingo dira ekintzak; oraingoz konfirmatuta daude: Aramaion, Oñatin, Eskoriatzan eta Bergaran.
"Kultura ezin da arazo bat bezala ulertu, eta kultura defendatuko dugu", gehitu dute agerraldian, eta dei egin diote gizarteari "kultura behe-behetik defendatzera irteteko", "beraien bidea egiten hasi direnak defendatzeko, beraien sorkuntza agertu nahi dutenak defendatzeko, etorkizuneko artisten alde egiten dutenak babesteko, eta, batez ere, kultura eta berau gozatzeko eskubidea" aldarrikatzeko.