Martxoaren 8a, urte osoko borrokaren baitan, egun soil bat denean...

Eneko Azurmendi 2019ko mar. 18a, 09:31
Goian, Bego Gainza eta Elvira Lopez. Behean, Ana Nogueiras eta Iratxe Martins.

Emakumeak gehiengoa diren hainbat sektore gatazka egoeran daude egun, arrazoi desberdinak direla eta; zaharren egoitzetako, eskola publikoetako jangeletako eta supermerkatuetako langileak eta epaitegi eta komisarietako garbitzaileak, adibidez.

Pasa den egubakoitzean, marka guztiak hautsi zituen greba feministak, eta argi geratu zen oraindik ere urrats dezente egiteko daudela parekidetasunera bidean. Martxoaren 8a, hala ere, egun bat gehiago besterik ez zen izan urte osoko borrokan diharduten hainbat sektore feminizatutako langileentzat; lan baldintza eta hitzarmen duinak lortzeko borrokan dirauten horientzat, alegia.

Zaharren egoitzetako langileek 35 greba egun izan dituzte iraila ezkero, eta hitzarmen berria sinatzeko negoziazioa "zeharo blokeatuta" dago, Mizpirualde egoitzako langile Bego Gainzaren esanetan. Soldata igoeraz gain, "lan baldintza duinak" eskatzen dituzte. "Negoziaketa serio batekin hastea gura dugu, 2017ko soldatetatik abiatuta. Langile askok jardunaldi partzialak dituzte, eta badago jendea 300 euroko soldatarekin. Langile batzuk egunean hiru aldiz joan behar izaten dira lanera, egun osoan hiru ordu bakarrik egiteko. Egun guztia libre egotea exijitzen die horrek, eta ezin dute beste leku batean lan egin, ordutegiak oso txarrak direlako. Ez dago eskubiderik. Hitzarmen honetan eskatzen duguna da ratioak igotzea eta jardunaldi osoak izan daitezela. Antzinatasuna ere oso gutxi ordaintzen digute eta hori igotzea ere eskatzen dugu", dio Gainzak.

Orain arteko negoziazioak "barregarriak" izan direla dio. "Proposamen serio batekin datozenean, itzuliko gara mahaira. Lehenengo pausoa Diputazioak eman behar du, jartzen duena baino dezente gehiago jarrita. Eta gero, patronalak negoziatzeko intentzioa erakutsi behar du, hori ere ez duelako egin orain arte –Adegi, Lares, Fundacion Matia eta Garen enpresek osatzen dute patronala–".

Bego Gainza: "Lan baldintza duinak lortu arte, borrokan jarraituko dugu"

Gipuzkoan 5.000 langile inguru daude sektore honetan, %90 baino gehiago emakumeak. "Borroka feminista bat da. Pentsatzen dute zaintza bigarren mailako zerbait dela, eta ez da hala. Zentzu horretan, pentsaera matxista dute askok. Hala ere, borrokan jarraituko dugu hitzarmen duina lortu arte, auto karabanak, elkarretaratzeak eta manifestazioak eginez".

Eredu berriaren aurrean, kezka

Gatazkan dagoen beste sektore bat eskola publikoetako jantokietako langileena da. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak eredu berri bat jarri gura du martxan, jantokiak gurasoen elkarteek kudeatu ditzaten. "Oso ideia ona iruditzen zaigu jantokiak guraso elkarteek gestionatzea eta tokiko produktuen aldeko apustua egitea. Baina horrek ez ditu gure lanpostuak bermatzen. Enpresa bateko langileak gara, eta eredu berri hau indarrean jarriz gero, gure lanpostuak kolokan egon daitezke", azaldu du Ana Nogueirasek, Arrasate Herri Eskolako Erguin zentroko jantokiko langileak. "Guk gura duguna da orain arte langile izan garenon eta gaur egun ere bagarenon lan baldintzak jasota eta bermatuta geratu daitezen. Horrez gain, hemengo hitzarmen batekin bermatzea, eta ez nazioarteko hitzarmen batekin. Orain arte, ez da inon jasota geratu zer gertatuko den gure lanpostuekin, eta horrek kezka eta beldurra sorrarazten digu".

Eredu berri hau otsailean zen indarrean sartzekoa, baina, langileen mobilizazioen ondorioz, urtebete atzeratu du Eusko Jaurlaritzak, eta, adostasun batera iristeko helburuarekin, batzorde bat eratu du sindikatu ezberdinetako ordezkariekin.

Ana Nogueiras: "Eredu berriarekin kolokan egon daitezke gure lanpostuak"

Erguinen 11 langile daude guztira, eta bi dira gizonezkoak. "Gure sektorea oso feminizatuta dago, %90 inguru emakumezkoak gara. Nahiago nuke ezetz esan, baina horrek eragina dauka gure lan baldintzetan. Hala ere, nik badakit gure lana oso garrantzitsua dela, eta duela 10 urte nirekin egon zen gazte batek kalean agurtzen nauenean konturatzen naiz horretaz".

Soldata arrakala orekatu guran

182 egun daramatzate greban komisaria eta epaitegietako garbitzaileek, irailaren 19tik. "Kaleko garbitzaileekin alderatuz gero, komisarietan %13ko soldata arrakala dugu eta epaitegietan, berriz, %7koa. Lan bera egiteagatik soldata altuagoak dituzte haiek, eta ez dugu ulertzen zergatik egon behar duen alde hori soldatetan", azaldu du Elvira Lopezek, ELA sindikatuko delegatuak.

Elvira Lopez: "Ez dugu ulertzen zergatik egon behar den alde hori soldatetan"

Hori dela eta, eskaera nagusia soldata arrakala hori amaitzea dela adierazi du Lopezek. "Gure eskaera nagusia soldata arrakala hori orekatzea eta guztiok soldata bera izatea da. Krisi garaian ezarri ziren soldata hauek, eta oraindik arrakalak hor jarraitzen du. Negoziazioa oso gaizki dago momentu hauetan, oso geldi. Komisarien kasuan, negoziaketak 2008tik daude geldi, eta epaitegien kasuan, 2017tik. Konturatu ginen kale garbitzaileen soldataren eta komisarietako eta epaitegietako garbitzaileen soldataren arteko diferentzia handia zela, eta enpresarekin hitz egiten hasi ginen –Garbialdi da enpresa, baina Eusko Jaurlaritzak ere kudeatzen du, hein batean–. Baina oso jarrera hotza izan dute hasieratik. Ez dakigu Eusko Jaurlaritzaren presioak eragindakoa den jarrera hori, edo enpresaren beraren ekimenezkoa. Ez daukate negoziatzeko intentziorik erakusten. Hori dela eta, oraingoz, behintzat, oso urrun ikusten dugu akordioa. Zaila daukagu hitzarmena lortzea". Edozelan ere, borrokan jarraituko dutela garbi daukate. "Lehenago edo geroago, negoziatu egin beharko dute, guk mobilizazioekin eta grebarekin jarraituko dugulako. Ezin dira langileak horrela tratatu, ez zaigu batere bidezkoa iruditzen".

Supermerkatuetako langileak

Emakumeak gehiengoa diren eta lan-gatazka bizitzen ari den beste sektore bat supermerkatuetako langileena da. Dia supermerkatuko langileak, adibidez, greba mugagabean gaude. Izan ere, enpresak ERE bat jarri du indarrean, eta Espainia osoan 2.100 langile kaleratuko dituztela iragarri du. ELAko delegatu Iratxe Martinsek azaldu duenez, negoziazio-mahaia Madrildik Euskal Herrira ekartzeko eskaera egin diote patronalari, "kaleratze horiek hemendik negoziatzeko" helburuarekin. "Madrilen negoziatzen bada, ezin dugu ezer egin, eta ez dakigu zein kaleratuko duten, nola, noiz eta zergatik. Ez digute inolako azalpenik ematen, eta egindako eskaeraren erantzunik ere ez dugu jaso. Horregatik gaude greban, kaleratze horiek hemendik negoziatu ahal izateko". Gaineratu du sektore prekarioa dela haiena. "Dian beti egin dugu lan baldintza prekarioetan, eta pertsonal handitzea eskatu izan dugu. Langile gehiago behar dira, oraingoak lanez gainezka dabiltzalako. Eta gehiago kontratatu beharrean, kaleratu egin dituzte. Ez dugu ezer ulertzen".

Iratxe Martins: "Langile gehiago kontratatu ordez, kaleratu egingo dituzte; ez dugu ezer ulertzen"

Martxoaren 20an akziodunak Madrilen elkartzekoak dira, eta Martinsek dio hara joango direla. "Konturatu daitezen benetan borrokan gaudela eta ez dugula etsiko. Jo eta ke, irabazi arte!", azpimarratu du.

Hemen ere, langileen gehiengoa emakumeak dira. "Askok, gainera, beste lan bat ere badute, biziraun ahal izateko. Izan ere, hilean 1.000 euro irabazita ezin dituzu eguneroko gastu guztiak ordaindu".

Diaz gain, Lidl eta BM supermerkatuetako langileak ere kalera atera dira asteon, "negoziazioa jasaten ari den blokeoa" salatzeko. "Sindikatuok aurkeztutako plataformetako aldarrikapenei betoak besterik ez dizkie jarri. Ez dute negoziatzeko borondaterik; denbora irabazi guran ari dira", bukatu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak