Amantalak eskegi eta kalera irten dira aurten ere emakumeak euren aldarrikapenak ozen adieraztera. Pentsiodunak, hezkuntza arloko, industriako zein zerbitzuetako langileak kalera irten dira, eta aurten, batez ere, zaintza arloari eman nahi izan zaionez garrantzia, zaintza arloan jarduten dutenek izan dute presentzia nabarmena.
Horrela, Debagoieneko komertzio, lantegi, ikastetxe eta enpresetan nabaritu egin da greba eguna, eta hori dela eta ohikoa baino jende gehiago ibili da kalean goizean zehar. Denda ugari itxita egon dira egun osoan zehar, eta beste komertzio batzuek lanuztea egitea erabaki dute, elarretaratzeekin bat egiteko.
Eskoriatzan esaterako, lanuzteak egin dituzte hainbat eta hainbat komertziok, eta ikastetxeak ere itxita egon dira. Eskoriatzako mugimendu feministako kideek goizetik ekin diote indarrarekin egunari, eta elkarrekin gosaldu dute kultur etxean, ondoren aldarrikapenekin jarraitzeko.
Arrasaten ere hainbat komertziok geldiuneak edo lanuzteak egin dituzte, eta emakumeek elkarretaratzeetara joateko aukera izateko, besteak beste, zaintza gune kolektiboa antolatu du gizon talde batek. Izan ere aurten zaintza erdigunean jarri nahi izan du mugimendu feministak. Horrela, Arrasateko Gaztelekuan hainbat haur batu dira.
Oñatin, bestalde, manifestazio oso jendetsua egin dute eguerdian, eta herritarrek planto egitea erabaki dute Foruen Plaza lepo beteta. Grebaren eragina, bestalde, nabaritu egin dutela azaldu dute oñatiarrek.