Hamar urtez hondakinen kudeaketa eta plangintza arautuko duen plana

Eneko Azurmendi 2019ko ots. 15a, 09:45
Markel Olano, Jose Ignacio Asensio eta Denis Itxaso. Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia.

Gipuzkoako Batzar Nagusiek martxoaren 6an onartuko dute behin betiko Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Orokorra (2019-2030); EH Bildu aurka azaldu da eta adierazi du planarekin ez dela "hondakinen kudeaketaren arazoa konponduko".

Abenduan aurkeztu zuen Foru Aldundiak Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Orokorra, eta plan hori foru arau bilakatuko da, ezustekorik ezean, martxoaren 6an, Batzar Nagusiek behin betiko onarpena eman ostean.

Aldundiaren esanetan, foru arau berriaren helburua da Gipuzkoak ekonomia zirkularreko, prebentzioko eta klima aldaketaren aurkako borroka sustatzeko politika aktiboak sustatzea, arlo horretan Europan ezarrita dauden helburuak eta zuzentarauak txertatuz. Era berean, Zubietako "ingurumen plantako" lanak ia amaituta daudela jakinarazi du Diputazioak, eta lehenengo planta "martxorako" aurreikusten dutela. "Ingurumen gune" horrek 250 lanpostu sortuko dituela aurreratu du Aldundiak. Horrekin batera, nabarmendu du konposta sortzeko oinarrizko produktuen %25 gehiago ekoiztuko duela eta zabortegietan oinarritutako aurreko kudeaketa sistemaren CO2 isurien 72.000 tona murriztuko dituela. "Hondakinen birziklatzearen eta balorizazioaren zirkulua itxiko du, eta Gipuzkoa prest utziko du ekonomia zirkularraren eta klima aldaketaren erronkari aurre egiteko", dio Jose Ignacio Asensiok, Ingurumen diputatuak.

Azken honek azaldu duenez, plan berri horren helburua da birziklapenean %70 lortzea, "Europak 2030erako ezartzen duena baino bost puntu gehiago".

Ingurumen diputatuarekin batera, Markel Olano diputatu nagusiak eta Denis Itxaso diputatu nagusiordeak nabarmendu dute plan berria "Gipuzkoako egungo historiaren gertaera gogoangarria" dela.

Itxasoren esanetan, hondakinen arazoari "behin betiko" konponbidea emango dio horrek, "zabortegien erabileran oinarritutako eredu zaharra gaindituz eta kudeaketa jasangarrirantz aurrera eginez". Gipuzkoako Batzar Nagusietan batzarkide den Xabier Ezeizabarrena jeltzalea "pozik" azaldu da planarekin, eta dio Europako hondakinen kudeaketa estrategiarekin bat datorrela. "Prebentzio, murrizketa eta hondakinen birziklapen arloetan herrialde aurreratuenen sistemei erreparatzen die, hala nola Alemanian, Danimarkan eta Suedian indarrean diren sistemei".

EH Bildu, galdetzearen alde

EH Bilduk, plan berriaren aurka azaltzeaz gain, erraustegiaren aurkako jarrera berretsi du, eta, alderdien arteko desadostasunetatik harago, erabakia herritarrek eduki beharko luketela aldarrikatu. "Hondakinen kudeaketaren arazoari ez zaio ez irtenbiderik ez amaierarik eman EAJ-PSEk aurkeztutakoarekin. Gipuzkoako gizarteak beste irtenbide bat eskatzen jarraitzen du. Arazoa ez da konpondu eta adostasunak bilatzea ezinbestekoa da", dio ohar batean.

Batetik, "Aldundiaren parte-hartze prozesuaren porrota", azpimarratu du koalizio abertzaleak. Adierazi du herritarrek ez dutela prozesuaren berri izan, edota uko egin diotela parte hartzeari. "Donostiako kaleetara, sindikatuek eta eragile sozialek deituta eta Erraustegia gelditu lelopean milaka herritar kalera atera ziren hilabete berean eman zen partaidetza 'arrakastatsua' izan omen duen Aldundiko deliberazio prozesua. Horrek agerian uzten du herritarren eta instituzioaren arteko arrakala handitzen doala, nabarmen". Hori dela eta, "gipuzkoarrei hitza emateko konpromisoa" hartu du, "hauteskundeetan gobernatzeko ardura emanez gero".

Bestetik, koalizioak uste du hondakinen arazoa ikuspegi teknologiko huts batetik harago doala, eta ez dela ekinbide juridikoekin konponduko. "Arazoa sakona da, politikoa da, demokratikoa da, legitimazio gabeziarena da. Arazo honen konponbidea politikoa izan behar da eta soilik elkarrizketatik, negoziaziotik eta jendartearen oniritzitik etorriko da". Horren harira, EH Bilduk dio bazeudela eta badaudela "Gipuzkoako hondakinak tratatzeko modu merkeago, osasuntsuago eta ingurumenerako inpaktu gutxiagokoak".

GuraSOS elkartearen agerraldia

Zubietako planta ustiatzeko baimena duten enpresen Ingurumen Kultura eta Komunikazio Plana dokumentua ezagutarazi du GuraSOS elkarteak aste honetan. Dokumentuaren zehaztasunak ezagutzera ematearekin batera, eskuratu ahal izan duten dokumentazioa prozesatzen joan ahala xehetasun gehiago plazaratuko dituela iragarri du. "Paradoxikoki, dokumentuak erraustegi 'proiektuaren aurkako taldeen eragina txikiagotzeko' beharra azpimarratzen du. Tartean, herritarren eta talde ekologistenak", azaldu du elkarteak.

"Osasuna bermatuko duen akordioaren alde", otsailaren 23rako aurreikusia dagoen Adostasunari esan baietz manifestazioa deitzeko promozio bideoa aurkeztu du GuraSOSek. Donostian izango da hori, eta Antiguako tuneletik abiatuko da, 17:00etan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak