Iparragirreri idatzitako gutuna, irabazle nagusia

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2019ko ots. 15a, 09:06
Aurtengo gazte-epaimahaia ere Bergarako ikasleekin osatu dute.Argazkia: Jardun elkartea.

Iñigo Legorburuk eskuratu du lehenengo saria; Ane Labakak, bigarrena; Gazte Saria Ainhoa Pardinarentzako izan da; eta Bergarako onenarena Mikel Azkarate-Askatsuak jaso du. Esaldi onena, berriz, Ainara Elizondok idatzitako 'Arma, tiro... zu: su! izan da.

San Valentin egunean, atzo, eguena, banatu zituen Jardun elkarteak aurtengo Amodiozko Gutunen eta Esaldien sariak Irizar jauregian egin zuten ekitaldian. Antolatzaileak "pozik daude" sariketak izan duen harrerarekin: 91 gutun eta 266 esaldi jaso dituzte.

Lehia estua sari nagusietan

Eneko Barberena Mondragon literaturzaleak, Nerea Ibarguren Salegi bertsolariak, Iñaki Etxezarraga Maiztegi musikariak eta iazko sariketako irabazle Itziar Ugarte Irizarrek osatu dute aurtengo helduen epaimahai nagusia. Haien esanetan, hasierako aukeraketa nahiko samur egin bazuten ere, zalantza handiak izan zituzten, gero, onenak izendatzerakoan: "Deserosoa eta zaila egin zaigu lehenengo bien artean aukeraketa egitea; bakoitzak bere ezaugarriekin, oso ondo idatzitakoak eta originalak dira biak ala biak". Azkenean, baina, Hernaniko Iñigo Legorburu Arregiri ematea erabaki zuten: "Anjelita Kerejetak, Jose Mari Iparragirreren emazteak, senarrari Uruguaitik idatzitakoa da. Planteamendu konplexua du, Iparragirreren kantuak txertatu ditu testuan; eta azpimarratzekoa da, era berean, Legorburuk egin duen ahalegina XIX. mendeko euskaran idazten".

Bigarren saria Ane Labaka Mayozek eskuratu zuen, epaimahaikideen esanetan; hizkuntza aldetik sinpleagoa da, baina tonu indartsua du: "Sinpletasuna, baina modu onean ulertuta, oso benetakoa egin zitzaigun-eta gutuna. Emakume heldu batek bere gorputz menopausikoari idatzitakoa da. Tonu indartsua eta enpoderatzailea du eta oso erakargarria egin zitzaigun bereziki horregatik. Gorputz horrek gizartean izan dezakeen lekua aldarrikatzen du gutunak".

Bergarako onena, 'Siri'-k idatzia

Telefonoetako aplikazio Siri-k sinatutakoarekin lortu du Mikel Azkarate-Askatsuak saria. "Telefono jabearen eta aplikazioaren maitasun istorioa da. Hizkera txukuna du eta originala da".

Gazteena ere herrian geratu da

Izar Kortabarriak, Nora Ormaetxeak, Maddi Bengoak eta Eider Etxanizek osatu duten epaimahaiak Ainhoa Pardina Arenaza bergararrari eman diote saria; eskale bati idatzitakoa da.

Iñigo Legurburu (Irabazle Nagusia): "Karta sinplea dirudien arren, landuta dago"

Birritan eskuratu du Jardunen sariketako bigarren saria; pozik hartu du, bada, nagusia.

Gai originala asmatu duzu; zergatik hori?

Uruguain emaztea bederatzi seme-alabekin utzita Iparragirre Euskal Herrira etorri zela jakin nuenean, aitzakia polita iruditu zitzaidan zerbait idazteko; emazteak senarrari Uruguaitik idatzitakoa da.

Idazketa prozesua zelakoa izan da?

Zalantza izan nuen euskalkian edo euskara batuan idatzi; hori argituta, nahiko erraz gero. Pozik nago emaitzarekin.

Jasotako iritziekin pozik?

Epaimahaikideenak oso politak dira, eta bat nator eurekin; hau da, karta sinplea badirudi ere, atzean lanketa bat dagoela.

Sariketa-zalea zara oso.

Halaxe da; poesia, narratiba, bertsoak... denetik aurkeztu izan dut lehiaketatara eta 70 sari inguru baditut dagoeneko.

Erlazionatuak

Jardunen 27. Amodiozko Gutunen Lehiaketako sarituen lanak

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2019 ots 15 Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak