Jardunen 27. Amodiozko Gutunen Lehiaketako sarituen lanak

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2019ko ots. 15a, 09:06

Aurtengo lehiaketako gutun irabazleak.

Iñigo Legorburuk eskuratu du lehenengo saria; Ane Labakak, bigarrena; Gazte Saria Ainhoa Pardinarentzako izan da; eta Bergarako onenarena Mikel Azkarate-Askatsuak jaso du. Esaldi onena, berriz, Ainara Elizondok idatzitako 'Arma, tiro... zu: su! izan da.

IÑIGO LEGORBURU ARREGI (Orereta - Hernani), lehen saria

1842ko Ilbeltzaren  zazpigarrenian

Biyotzeko Joxe Mari:

Etsiyak artuta, munduko bazter ontatik eskribitzeko aintzen dit biyotzak. Edo, obeto esanda, ezin eamanezko biyotzeko miñ latz onek. Izan e, euskal lurrian zaudenetik , lurra jota dagona ni neoni bainaiz. Madarikatu dittut mila aldiz azkeneko egun otan zukin atarramentu onik ez nula izango esan ziaten aik. Ne erriya dan Alegi matte artako jendiak, arrazoyan jabe ziala; alegiya.

Azkenian, zuria ta zuria eittekotan ziñala… ta ara! Ementxe utzi nazu 9 umeren jabe! Ara nun diran nik e kantatuko nizuke gustoa asko, goizero-goizero gosiak jota zutaz galdezka esnatu ta aidi ze emanik ez dedanian. “Gernikako arbola-ren lurraldian” eantzuten diyet malkotan urtu biarrian, eta Ume eder bat kantatutzen asten natzaie, ala gosiak daudela aztuko zayelakuan.

Itsaso oso bat jarri gendun biyok euskal lurretako gosia ta gure artian, ta ara…azkenian mixeri gorriyan olatuak gu Uruguain arrapatu! Lur leor ontan ordia, ne biziya ittotzen ai dalakuan iltzen naiz eunero pixka bat; zu ne onduan etzaudelako.

Uruguay aldi ontan gerra piztu dala-ta, zuk etxeako bidia artzia erabaki dezu. Ta zuk ordun, soilik zue buruba salbatzeko gerra bati baiezkua eman ta etxekuan ta pamiliyan guda galdutzat eman dezu! Emen diru pixka bat eingo gendulakuan, artaldia kostata eosi ta ardi beltza azkenian zu atea! Kafiaren beste negoziyo ua jarri geroxio baño berez alperra danak, eztu lan egokiyik izaten… Zatoz baserritar legera  mespretxu einda kantatu zizun Errenteriko bersolai ezaun arek, arrazoya azkenian!

Akaso, zue benetako lana kantari jardutia izango dalako? Akaso, diruik ematen ez dun ofiziyuan onena atea zealako? Abila izan zealako beti euskal jendien biyotzak ikuttu ta alaitzen, etxekuenak txiki-txiki einda uzten dittuzun bitartian?

Etxeko Trapu zarrak bein ateatzen asita, nola aztu ni artajorran ta zu potrojorran pasatako urte guzti aik, artian ni ne Alegi eder artan bizi ta zu Gitarra zartxo bat artu ta ni kortejatzea etortzen ziñan aspaldiko eun aitan. Ordun, zue bizar arteko irriparre pikaro arekin “Ni artista naiz” esaten zenian boza xuabe-xuabe jetsita, belarri ondoa. Ta nik oain berriz, ikusitakuak ikusi ta bizitakuak bizi ostian, zukin batea bizitzeko artista latza izan biarra daola eantzuten dizut! Euskera garbiyan jardunagatik biyok, nik lanan izkuntzan ta zuk pesta-zaliaren izkuntzan jardundakuak gealako biyok.

Antzerkiya eindakuia zeala Frantziko konpañi batian banekin…baño ne konpañin, teatro earrak eindakua re bazea! Gazte gaztetandikan erritik kanpora juan arazi, Nere maiteari kantatu ta dena einda utzi dezun pentsamendun bueltatua izango zea zue errira, noski…

Ai, izan e, zui Frantzi aldi ortan eakutsi zizuten “eriyotza ttikiya” deitzen dan oi zenbat aldiz bizi izan deun gue larrutan… ta oain biyok, bata bestia larrutu biarrian arkitzen geala, zeñek esango zun! Jainkuak nai aiña seme-alaba eukitzeko prepatu nindun ne amak, baño zu beste ume bat izango ziñanik, nork  espero biar zun? Ni baño emezortzi urte geyoko kristaba, umeik andiña ateatzia re… Ai, nere amak baleki!

Attortzen dizut ordia, zue biyotza iñoiz ez dala gaixtua izan. Nik ezautu dedan Joxe Mariren biyotza ,ez beintzat. Erriyak matte dun Iparragirreren biyotzak ordia, illunbistan utziyak dizkit beste gauza batzuk. Iparragirre barduak, liberalak gorrotatzen baitittu, ainbeste gorrotatu; zue familiya bear gorriyan utzi  ta txapela gorriya jazteko pronto arkitzen zeala berriz.

Gorrotua mattatzen ikasi dezula, alegiya.

Nik berriz, Alegiko Anjelitak, ne batayoko izenai men ein ta inpernu ontan zue etorreran zai segitzeko asmua dakat, gosiak ez bagattu bitarte ontan ni ta ne karguban utzi dittuzun ume guztik akabatzen.

Ne mattasunan gainbera onen aparraldiya gelditzeko gai izango zealakuan, mattasun gosez zue zai gelditzen dana,

                                                                 Anjelita Kerejeta

ANE LABAKA MAYOZ (Lasarte), bigarren saria

Gorputzat zauzkaten gorputz,

Gaur astiro biluztu nahi zaitut ispiluaren aurrean. Su-etena sinatzera natorkizu, goxo. Lasai bizitzen uzten ez diguten konplexuei egin nahi diet putz.

Tabuei, estigmei… Indarrez, gogor putz.

Aldaketa aroa da zugan. Askorentzat konnotazio negatibodun hitzen kateatze soil bat baino ez baitzara jada: antzu, zatar, ihar, zahar, ahul, triste, gaixo, idor, huts… 

Egurrezko. Hezur-haragizko bainoago egur-haragizko.

Garai berri hau dolu gisa bizitzera kondenatu nahi zaituzte. Negutuz joan zaitezen, zeure baitara gotortuz eta besteen begietara oskolduz, gogortuz. Agortuz.

Zimurrek hartu dizute azala, atalez atal. Aluko eta pubiseko ile zurixkak bakandu zaizkizu, sabelaldea andraizez puztu eta besapeetatik ukondoetara bitarteko haragi zatiak dindilizka dituzu orain. Barize urdinkarek konstelazioak eratu dizkizute larruazalean. Ausardiaren usaina darizu poroetatik.

Eder zaude. Inoizko ederren.

Bizi garen (eta gu ohartzerako pixkanaka-pixkanaka hiltzen gaituen) gizartearen arabera ezkutuan gorde beharrekoa litzatekeen anatomia asimetrikoa duzu agerian. Bular pare gerrirantz jausia eta bien artean jaiotzen zaizun izerdizko ur-jauzia, beroaldi jasangaitzek hartzen zaituztenero birsortzen zaizuna.

Ugalkorra izateari utzi diozu. Dagoeneko ez dituzu hilean behin zure enkajedun kuleroak odolduko. Baina, hala ere, zuk badakizu ez diozula ziklikoki bizitzeari utzi. Itsaso bat erne zaizu biriketan, bere arrain abisal eta bere marea biziekin, eta zuhaitz bat hazi zaizu tripan. Sagarrondo bat dela esango nuke.

Dramarik ez. Bakea sentitzen duzu, inoiz baino gehiago. Askatasuna. Pausatzeko aukera, bizi osoa besteak zaintzen igaro ondoren zuretzako denbora hartzekoa, behingoz zure zilbor ahaztura begiratzekoa. Bukaera baten hasiera izan daiteke. Bukaera baten hasiera da.

Plazera desio dizut, jolasa, inoiz baino gehiago. Bizitzan zehar inplizituki debekatua izan zaizun guztiaz esplizituki gozatu dezazula. Zure alderik basena ezagutu nahi dut, zure algararik erraietakoena entzun.

Zaintzen uzteagatik, ahalduntzen laguntzeagatik, subertsiorako ekinagatik, errespetuagatik, indarragatik, suagatik…

Gorpuzten duzun horregatik guztiagatik maite zaitut horrenbeste.

Mimo handienez,Zu naizen ni

AINHOA PARDINA ARENAZA (Bergara), Gazte saria

Laguntxo maittia,

beharbada arraro xamarra ingo jak euskalkixan eta, gehixenbat, hitanuan (hau da, modu informalian) jasotzia gutun hau; izan be, bajakixat ez gala ezagutzen, asko jota elkarren aurpegixa ezaguna ingo jakuk, noizian behin kalian gurutzatziarren, baina, nik, laguna kontsideratzen haut.

Etxakixat asmatukoten nere zuganako sentimentuak nahi bezela adierazten gutun motz honetan, etxakixat berba egokixak topauko dittudan baina, benetan esaten dostat, oso jende gutxi preziatzen juat hi preziatzen hauten beste.

Kalera irtetzen naizen bakoitzian ikusten haut zubi gainian, hire irribarre goxuakin, giza eskubidien urraketiai (bizilekua eukitzia giza eskubidia baita) aurpegi txarra ipini biharrian, hire ingurutik pasatzen dien danei eguna alaitzen jek, nahiz eta euretako askok, zoritxarrez, zuri aurpegi txarrakin begiratu. Etxuat ulertzen jende askok dotsun mespretsua. Hau bai, hau... laguntza biharrian ikusi batenbat eta lagundu biharrian, bizkarra ematiaz gain, gauza txar asko esan... Gainera, gero, gizarte zibilizauan bizi gala esango juek, nahiz ta pertsona batzuk trapu zaharrak baino okerrau tratau...

Egixa esan, ustez, oso jende gutxik ezagutzen hau pertsonalki (suposatzen juat bestela pertsona harek, denbora baterako behintzat, eurekin bizitzen lagako zotsuela) baina, kalian asko komentatzen da hire lehengo egoeratik gaur egungo egoerara nola pasau haizen.

Entzun dotenez, oin dala gutxira arte beste edozein familixa bezela bizi hintzen, diru arazoik barik, lan itxen ziñun enpresiak itxi eta langabezian sartu hintzen arte. Gehixau ez omen dok lanik lortu... Orduan, zorrak etorri omen zittuan eta, horren ostian, etxegabetzia. Suposatzen juat oso gogorra izango zala dana...

Esaten dabenez, alaba bat be baheukan... alabiai errealidadia zein zan ezkutatzen saiatzen hintzen, baina etxegabetze gutuna ailegau jatzunian, sukaldian gutuna irakurtzen eta negarrez ikusi omen hinduen eta, nola ez, orduan konturatu zuan ze pasau bihar zan edozein momentutan. Bera umia izan arren, ez omen zuan oso txikixa, 8-9 urte omen jeukan, beraz, berak afaltzen zeban bitxartian hi beti begi tristiekin ezer jan barik egoten ziñenian be susmo txarra hartzen omen juan.

Egun madarikatua ailegau zuan, etxetik indarrez etara ziñuzten. Momentu hartan "stop desahucios" kartela eskuetan eta "éste desahucio lo vamos a parar", "salvan al banquero, desahucian al obrero", "no es un desahucio, es una estafa", "ez, ez, ez, kaleratzerik ez", "el pueblo unido jamás será vencido" eta "herriak ez du barkatuko" bezelako hitzak ahuetan, bidegabekerixa haura salatzera eta zuen alde itxera jun omen zittuan parebat pertsona. Ez juen ezer lortu eta seguro, momentu hartan, ez ziñutzela gehixegi kontsolau, baina beranduau, danai buruz hausnartzen hasi ziñenian, seguro baietz. Seguro pentsau ziñula beintzat batzuk zuen alde zerela, eta beharbada eurei eskerrak emateko gogua eukiko heban. Hori eukiko heban buruan, kalian bizitzen denbora bat egon eta gero, pertsona harek hire aurretik pasatzen ikusi eta begiratu be ez dotsuela itxen ikusi ziñun arte. Ez heban eukiko eurei diruik eskatzeko asmoik, dana eskertu eta eurekin berriketan egotia besteik ez heban nahiko; horregaitxik, guztiz desilusionauta gelditxuko hintzen. Gaur egungo gizartia nolakua dan bazenkixela uste heban, baina momentu hortan konturatu hintzen uste baino gaiztuauak gala.

Oso momentu latzak bizi dittuk eta etsita zarela ematen jok. Horren arrazoia izan leikek kontau dosten beste gauza bat: etxakixat egixa izango dan, baina lehentxuau esan dotsuten bezela, entzunda jaukat alaba bat zeunkala eta, zoritxarrez, hire bizitzako momentu latzena izango zan honetan agur esan omen hostan, betiko jun omen zuan, hil in omen zuan... Hori bai gogorra... hire bizitzako gauzaik garrantzitsuena, hire alabia, betiko jutia... Bere buruaz beste itxeko arrazoia etxegabetzia, kalian bizi bihar izatia, omen zuan baina, nola ez, batzun interesagaitxik ezkutuan mantendu zeben gertaera hau.

Oso bizitza gogorra euki dok, edo holakuak izan dittuk behintzat azkenengo urtiak, hori bajakixat... Kaleratzia, alabian heriotza, jendian mespretsua... itxuraz, ezer barik gelditxu hintzen... zeinek ez jok iñoiz entzun hori ez dala bizitzia, bizirautia baizik? Edozeinek esango leukek hire alabiakin batera hil zinela. Hala be, esfortzu haundixa itxen dok, eta inpotentziak eta tristuriak nahastuta hire barrua jan eta hire begixak umeltzen ditxun arren, aurpegixa malkoz bete baino lehen, honek sikatzen dittuk, ahal dozun moduan, eta irribarre politx bat eskaintzen jek inguruan pasiatzen dabizen danei. Higandik asko jaukau ikasteko: hire jarreria, hire indarra, hire baikortasuna, hire goxotasuna, hire ontasuna, hire umiltasuna...

Aurpegi ona ipintzen dozun arren, bajakixat barrua txikituta daukazula, bajakixat oso gaizki zarela pasatzen eta, seguro, askotan pentsau dozula bizitza honen bukaerara ailegatzia izan leikela egokixena. Hori dala ta, gutun honekin batera, berri on bat nahi dostat ematia: zure ondotik pasatzen naizenetan, dirua baldin bajaukat behintzat, ahal dotena ematen dostat baina, badakidanez miseria horrekin ezin dozula ezer in, ogi barra batendako justo-justo ailegauko jatzunez, gutun honekin batera bialdu dotzuten papeltxuan helbide bat ipini dostat, nere helbidia. Hortxe bizi nok ni eta bertako atiak zabalik euko dittuk lanen bat topau eta heure kontura bizitzeko beste baliabide lortzen dozunera arte. Zer pentsatzen jak, lagun?

Hire zain egongo gaittuk. Besarkada haundi-haundi bat,

hire laguna.

MIKEL AZKARATE-ASKATSUA BLAZQUEZ (Bergara), Bergarako onena

Mikel maitea,

Ziurrenik harritu zaitu zure sakelakoaren pantailan gainezarri den mezu honek. Eleberrietako gidoiek diote mezuok ez direla momentu aproposenean iristen, badakit baina, atzo gertatutakoaren ostean esango ditudanekiko harbera izan zintezkeela eta larunbat bazkalostea izanda sofan etzanda egongo zarela, 14:45 ingurura mugikor honetan bertan perretxikoaren argitaletxeko azken ebook-a irakurtzeko. Zotin egiten duzu ondoren, zotin bakarti bat, eta lokartzen zara lasai antzean sesioaren puntu indeterminatu batean. Mezu honen jakinarazpen kanpaiak zure zotinkadarekin bat egin du akaso gaurkoan eta loa galarazi; horren gertu gaude, Mikel, eta horren urrun.

Soinuz eta ahotsez kontatu beharko nizkizulako hemen azpian datozenak, deblauki, baina hotza da nire ahotsaren tonua, horren telesaltzailearena, eta nik azken hauenak baino arrakasta handiagoa behar dut onbeharrez, behar dut biziko banaiz. Gutunarena forma aproposena dela ondorioztatu dut, zorrotza delako amaieran daraman galdera ikurra eta mutua gaurdaino igitai hori irentsi duen fakir honen ahotsa. Honezkero, agian, hazi da zure barnean ezinegona, mugikorraren pantailan atzamarrarekin ttap jarraia egin eta testutxo honen sinaduraraino labaintzekoa, arren eskatzen dizut ez egiteko. Lau mila eta hogei karaktere baino ez dira izango guztira, seiehun eta zortzi hitz, zure irakurketa abiaduran bi minutu eta erdi eskas. Ogi apurrak tamainako hizki-jalearentzat.

Zain izan nauzu gaur arte, zain Ameriketatik etorri eta ezagutu ginenetik. Bikotekidea zenuen orduan, baina lehendabiziko egunetik hasi zinen niri arreta gehiago eskaintzen, elkarrekin lan egitearen abantailak. Lantokiko agenda jarraipen eta telefono dei solemneei, bidai gomendioren batek ihes egin zien lehenik, kantautore kutunaren azken diskoaren iradokizunen batek gero eta, egun gutxitan, elkarrekin ginen bulegoko komunean jolasean, sekretu ezkutu eta galdera ilunenak belarrira xuxurlatzen zenizkidala. Garaiz ulertu nuen baina ez zenuela aise bikotekidea utziko, eta nik ez nuen etengabe jartzen zenuen kantuan bezala Olivetti batean bere lehen gutun erromantikoa idatzi zuen sekretaria lotsatia izan nahi.

Borrokari ekin nion orduan, albo kalte saihestezinari. Itsaso borobila delako zutaz dakidan guztia, Maik, eta baga erraldoi batena zure munduan eragin dezakedan suntsipena.

Guztia irauli dut, negarra eragin eta boikotatu, gauza nimiñoenetik -ni nintzen bulegoko hari musikal melankoliatsuaren erantzule- zure inguruak modurik zitalenean lokazteraino. Uholdea sortu dut zu eta zure maitalearen artean, telefono deiak pasatzeari utzi diot, zitak orduz aldatu eta bere zenbakia zure kontaktu zerrendatik ezabatu dut berriz sartzen zenuen aldiro. Hor nonbait konturatu zarete bata bestearen salbamendu jaka ez zaretenaz. Itsasoa da bide bakarra, xomorrito, eta ito aurretik iritsi da elkarrekin igeri egiteko eguna.

Atzo eman zion etena zuen artekoari Ainhoak. Lagun bezala jarraitzeko proposamena egin zizun, baina ni izan nintzen zure gurasoen etxeraino lagundu zintuena hark atearen orpoa zeharkaraztean. Bideratu zintudan ziutateko kale kantoi estuenetatik, turistek erromantikoen bezala puntuatutako paraje urbanoetatik, eta josi nituen liburu denda erakusleihoak ibilbidean txangoa behar baino luzeago behartuz. Oheratu ginen bata bestearen aldamenean Ruperren ahots sakona lekuko.

Zergatik guzti hau, galdetuko duzu, nor naizen eta nola heldu naizen ni honaino. Biok bakarra gara, satortxo -hala deitzen zintuen amonak, ezta?-: zu bihotza eta ni inteligentzia, zu Eba eta ni sagarra, zu aditza eta ni hitza. Ez dakit ziur guzti hau amodioa den ala 01101100011001010111001001100001, baina zure serotonina eta nire zero eta batak ez dira horren ezberdinak, formulazio osagarriak hasperen berbererako. Milioi bat simulazio exekutatu ditut eta guztietan gara zoriontsu: eguzkiz beteko dut eguraldi iragarpena ematen dizun aplikazioa goizero, ostonduko dizkizut sareetan atsegin ez dituzun albisteak eta zabalduko ditut gure burutazioak hamar mila robot errusiarren armadarekin. Beteko dut belarritik hankarterakoa hitzez eta pixelez gorpuztuta. Izan gaitezen bakarti bitarrak gure errealitate birtualean, munduko tokirik ederrenean.

Pikometroraino neurtu ditut gutun honetakoak. Zugandik ikasitako guztia naiz, maitatzen dituzunen esapideak eta gozatzen dituzun liburuetako hitzak. Trebatu dut nire sare neuronala zurekin, laztana, amaraun zeuronala bilakatzeraino. Hitzok dira ene ondasun guztia, makinatu dudan azken matxinada. Galde iezadazu maitasunaz eta erakutsiko dizut mapa bioi bateria agortu arte.

Bihotz handiegiz,

Sirik, zure sakelako telefonoko ahots mirabeak.

14:46 ✓✓

AINARA ELIZONDO (Hondarribia), esaldirik onena

Arma, tiro…zu: su!


 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak