Gaur banatuko dituzte Debagoieneko Kirol Sariak

Mirari Altube Arrese 2019ko ots. 13a, 08:30

Debagoieneko kirolariak saritzea helburu duen ekimena bueltan da, eta gaur, otsailak 13, 2018an nabarmendutako kirolariek eta kirol taldeek sariak jasoko dituzte. Arrasateko Amaia antzokian izango da ekitaldia, 19:00etan, eta Goiena Telebistan eta goiena.eus atarian zuzen-zuzenean emango da.

Debagoieneko Udal bakoitzak herriko kirolari bat sarituko du. Hona hemen hautatuak:
 
  • LEINTZ GATZAGA SARIA • Dorletako Ama Txirrindularitza Elkarteari 40 urte baino gehiagoko ibilbideari merezitako aitortza. Dorletako ama saria egutegian froga esanguratsua izan da beti, eta hutsik egin gabe 41. urtez antolatu dute. Honetaz aparte, BTT zeharkaldia antolatzen dute urtero. Azkenik, aurten euskal txirrindularitzari buruzko argazki erakusketa antolatu dute Dorletako santutegian. 
  • ARRASATE SARIA • Iñaki Uribeetxebarria, urteetan Arrasaten squasha sustatzeko egin duen ahaleginagatik. Squasheko erraketa bati itsatsita eman du bizitza. Gainera, herriko, bailarako eta baita Euskadiko txapelketak ere antolatu ditu herrian. 
  • BERGARA SARIA • Mikel Linazisoro nazioarte mailan bailaran dugun promesa handienetakoa da eta Tokioko 2020ko Jokoetarako aukera gehien duenetarikoa. 2018. urtean, 20 urte azpiko maila Europako azpitxapelduna izan da. Munichen jokatutako frogan, zailtasuneko Europako txapelketan barruan, txapeldun izan zen.
  • ARETXABALETA SARIA • Odilo Vazquez. UDA barruan karate saila sortu izanaren erantzule da, herrian borroka arte hori sustatzeko egin duen ahaleginagatik jasoko du bere herriaren saria. Gainera, bere eskutik herritar askok karatean emaitza oparoak lortu izan dituzte. 
  • ANTZUOLA SARIA • Antzuola Saria herritarrek erabaki zuten boto bidez. Guztira 271 lagunek eman zuten botoa ondo, eta boto kopuru handiena Alaitz Urkiolak jaso zuen. Alaitz Urkiola Euskal Herriko rally txapelduna izan da Aingeru Castro gidariarekin batera. Hamaika lasterketa baino gehiago irabazi zituzten 2018an. 
  • ELGETA SARIA • Iratxe Alonso. Mendi lasterketetan azken urtean izan duen bilakaeragatik. Hamar onenen artean izan da proba askotan, kilometro bertikaletan, Trail eta Ultra Trail lasterketetan lehiatu da elgetarra
  • ESKORIATZA SARIA • Martin Perez. Gurpil aulkiko saskibaloi liga gorenean jokatzen du Gasteizko Zuzenak taldearekin. Europako 22 urtez azpiko Europako txapelketan brontzea irabazi zuen abuztuan. 
  • OÑATI SARIA • AMET taldea. Oñatiko espeleologia taldeak 50 urte betetzen dituelako sarituko dute. 
  • ARAMAIO SARIA • Ione Oyanguren. Izotz hockeyan jokatzen du, Gasteizko Sumendi taldean, eta selekzioarekin ere jardun du dagoeneko.

Sari nagusiak bost

Sari nagusiak, ostera, bost izango dira. 
 
  • Publikoaren Saria –Citroen Chapimek eta KIA Chapimek babestuta– . Guztira 1.865 boto baliagarri jaso ditugu, eta irabazleak alde politarekin irabazi du, botoen %29arekin. 536 boto jaso ditu guztira. 
  • 2018ko kirol talderik onena saria –Goiena aseguru artekaritzak, eta AXA Seguros Generalesek babestuta–. Bi finalista daude.
  • 2018ko kirolaririk onena saria –Ekide Groupek babestuta–. Hiru finalista daude.
  • Sari berezia –Obra Social La Caixak babestuta–.
  • Goiena saria.  
Kirolari Onenaren Sarirako hiru finalista daude:
  • Markel Uriarte (Orbeako biker-a, Aretxabaleta). Aretxabaletarra Espainiako Enduro txapelduna izan da egutegiko bost probetan puntu gehien batu eta gero. Tortosan (Katalunia), La Adradan (Avila), Montefaron (Coruña), Cuencan eta Tuñan (Asturias) izan ziren lasterketa horiek.
  • Mikel Linazisoro (Debagoiena Eskalatzaileak taldeko eskalatzailea, Bergara). 2018an lehenengoz eskalada joko olinpiko izan da, eta, Bergarakoa Buenos Airesen egin zituzten gazteen Olinpiar Jokoetan egon ahal izan zen. Horrekin batera, besteak beste, 20 urtez azpiko Europako azpitxapeldun izan da Overall modalitatean, 20 urtez azpiko azpitxapeldun Europako Kopan. Gurera etorrita, Euskal Herriko txapeldun izan berri da kategoria absolutuan. Helburua da 2020 Olipiar Jokoetan egotea, Tokion.
  • Maialen Axpe. (Atletico San Sebastian taldeko atleta. Arrasate) Urteko helburua lortu zuen uztailean Berlingo Europako Txapelketa absolutora sailkatuta. Abuztuan hartu zuen parte txapelketan, nahiz eta marka ona egin (4.35) ez zen finalera sailkatu. Aste gutxira, Iberoamerikano txapelketan zilarra eskuratu zuen.
 
Kirol Talde Onenaren Sarirako bi finalista daude:
  • Ointxe Araski saskibaloi taldea: Kadete mailako Kluben Espainiako Saskibaloi Txapelketan brontzea eskuratu zuen Ointxe Araski taldeak. Sekulako txapelketa egin zuten maiatzean Huelvan. Estatuko talde indartsuenak izan zituzten aurrean, eta txapelketako azken fasean Celta eta Bartzelona mendean hartuta brontzearekin bueltatu ziren. 
  • Arrasate Dragoi gimnasia taldea. Espainiako Aerobik Txapelketan taldeka irabazi zuen Dragoi gimnasia taldeko hirukoak. Urrezko domina jantzi zuten Sorian. Izaskun Garciak, Nahia Irazolak eta Noah Berrocalek osatu zuten hirukoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak