Debagoieneko kirolari onena izateko nahikoa meritu egin dute Maialen Axpek (Arrasate, 1993), Markel Uriartek (Aretxabaleta, 1991) eta Mikel Linazisorok (Bergara, 2000). Eta ez eurek bakarrik, baita epaimahaiko kideek esku artean izan dituzten gainontzeko kirolariek ere. Hala ere, onenak aukeratzeko ardura izan dutenek hiru horiek nabarmendu dituzte –kirol teknikariekin eta kazetariekin osatutako sei laguneko taldeak osatu du epaimahaia–.
Hain zuzen, eguaztenean, otsailaren 13an, Amaia antzokian egingo duten ekitaldian hiru horietako batendako izango da kirolari onenaren garaikurra, nahiz eta aitortza hirurek jasoko duten.
Taldeka, Ointxe Araski edo Dragoi Gimnasia Taldea
DKSko beste sarietako bat talde onenarena izango da, eta hor bi finalista egongo dira: kadete mailako Kluben Espainiako Saskibaloi Txapelketan brontzea eskuratu zuen Ointxe Araski eta Espainiako Aerobik Txapelketan taldeka irabazi zuen Dragoi gimnasia taldeko hirukoa.
Saskibaloi taldeak sekulako txapelketa egin zuen maiatzean Huelvan. Estatuko talde indartsuenak izan zituzten aurrean, eta txapelketako azken fasean Celta eta Bartzelona mendean hartuta brontzearekin bueltatu ziren. Bestetik, Arrasate Dragoi gimnasia taldekoek urrea jantzi zuten Sorian egindako Espainiako Aerobik Txapelketan.
Hamalau sari, guztira
Kirolari onenaren saria, baina, hamalau sarietako bat baino ez da izango. Ikusteko dago Publikoaren Saria norendako izango den; hor, herritarrek Goiena.eus atarian botoa emateko hamar hautagairen artean aukeratzeko aukera izan dute azken asteotan. Eta egubakoitza, hilak 8, da sari horretarako botoa emateko azken eguna [hemen]; horren harira, antolatzaileek aditzera eman dutenez, hamar lagun horietako batek boto kopuru totalaren %30a jaso du oraingoz –1.850 boto jaso dituzte dagoeneko–. "Boto horien nondik norakoak ikusita, herritarrek euren herriko kirolarien alde egin izan dute, normalean, eta polita izan da ikustea klub batzuek zelako kanpaina egin duten sare sozialetan euren gogoko hautagaiaren alde", adierazi dute antolatzaileek. Hortaz, dena dago gertu otsailaren 13an Amaia Antzokian egingo duten ekitaldirako (19:00). Goiena.eus atarian zuzenean jarraitu ahal izango da ekitaldia, baita Goiena Telebistan ere.
Sari guztiak labur-labur:
Udalen bederatzi sariak:
- LEINTZ GATZAGA SARIA • Dorletako Ama Txirrindularitza Elkartea.
- ARRASATE SARIA • Iñaki Uribeetxebarria.
- BERGARA SARIA • Mikel Linazisoro.
- ARETXABALETA SARIA • Odilo Vazquez.
- ANTZUOLA SARIA • Alaitz Urkiola.
- ELGETA SARIA • Iratxe Alonso.
- ESKORIATZA SARIA • Martin Perez.
- OÑATI SARIA • AMET taldea.
- ARAMAIO SARIA • Jone Oianguren.
Sari nagusiak:
- PUBLIKOAREN SARIA –Citroen Chapimek eta KIA Chapimek babestuta– (Dagoeneko 1.850 lagunek eman dute botoa eta egubakoitza, hilak 8 da botoa emateko azken eguna, goiena.eus atarian).
- KIROL TALDERIK ONENA SARIA –Goiena aseguru artekaritzak, eta AXA Seguros Generalesek babestuta–. Ointxe Araski saskibaloi taldea, eta Arrasate Dragoi Gimnasia Taldeko aerobikeko hirukoa dira finalistak. Otsailaren 13ko ekitaldian esango dute nor den irabazlea.
- KIROLARI ONENA SARIA –Ekide Groupek babestuta–. Maialen Axpe, Markel Uriarte eta Mikel Linazisoro dira finalistak. Otsailaren 13ko ekitaldian esango dute nor den irabazlea.
- SARI BEREZIA –Obra Social La Caixak babestuta–. Otsailaren 13ko ekitaldian esango dute.
- GOIENA SARIA –Goienak babestuta–. Otsailaren 13ko ekitaldian esango dute.