Osakidetzako ustezko iruzurra salatu zuten langileak babesteko agerraldia egin dute Ospitalearen aurrealdean

Arantzazu Ezkibel Galdos 2019ko ots. 5a, 14:13

LAB eta ESK sindikatuek deituta elkarretaratzea egin dute Debagoieneko Ospitalearen aurrealdean. Iaz egindako lan deialdi publikoan izandako ustezko iruzurra salatu zuten hiru anestesistei elkartasuna eta babesa adierazi diete agerraldian. Horrez gain, Osakidetzak administrazio publikoaren kudeaketan duen "utzikeria" salatu dute.

Filtraziorik ez, jazarpenik ez! lelopean egin dute agerraldia. Iaz egindako lan deialdi publikoan izandako ustezko iruzurra salatu zuten hiru langileei elkartasuna eta babesa adierazi diete, eta horrez gain eskerrak eman diete egindako salaketagatik.

Ustezko iruzurraren berri bazutela diote

Debagoieneko Ospitaleko zuzendariak ustezko iruzurraren berri bazuela azaldu du Osakidetzako LAB-eko ordezkari Jesus Oñatek: "Azterketa baino 25 egun lehenago epaimahaikide batek emailez eman zion iruzurraren berri, eta ez ikusiarena egitea erabaki zuen". Gaineratu du Luisa Maria Diez Azurmendi Kardiologiako epaimahaiko buru ere bazela; eta, hain zuzen, lan eskaintza publiko hartan kardiologia izan zela kategoria deigarriena: "22 lanpostu eskaini ziren eta hamarreko 22 azterketa egon ziren".

Besteak beste, diote, hori dela "Arrasate eskandalu honen erdigunean" egotearen arrazoia.

Lan murrizketak izan dituzte

Roberto Sanchez, Manuel Martinez eta Marta Macho anestesistak ere agerraldian izan dira. "Lan murrizketak" izan dituztela diote, eta horren harira, Jon Darponek zuzentzen duen Osasun sailak "mendeku gosea" duela salatu dute; nahiago dutela euren lana murriztea, zerbitzuaren kalitatea bermatzea baino. LAB eta ESK sindikatuek gaineratu dute Debagoieneko Ospitaleko zuzendaritzak ere bat egiten duela "hiru langile horien aurkako jazarpenarekin".

Mikrobiologia eta patologia anatomikoa zerbitzuak kolokan

Osakidetzaren utzikeria salatu dute agerraldian. Debagoienako ospitaleko mikrobiologia eta patologia anatomikoa zerbitzuak kendu nahi dituztela salatu dute, "modu ilunean". LAB-ek 2018ko abuztuaz geroztik sarritan galdetu duela gaiaren gainean diote, baina ez dutela "erantzunik jaso".

Osakidetzaren erantzuna

Debagoiena ESIko Zuzendaritzak ukatu egin du azken EPEan irregulartasunak salatu zituztenen aurkako inolako errepresaliarik dagoenik. Hori dela eta zera adierazi gura izan du ohar bidez:

  • Osakidetzak "berdin tratatzen" dituela langile guztiak, eta horrek "ezingo lukeela bestela" izan.
  • "Egia ez" dela, inola ere, Debagoiena ESIko langile batzuk lan-diskriminazioa jasaten ari direnik.
  • 26.400 langiletik gorako "Osakidetzaren lan baldintza guztiek arau, eskubide eta betebehar berberak" dituztela.
  • Salaketa-egileek "lan-eskubideak" dituztela, eta horiek "errespetatzen" direla; baina beren kontratu-motaren araberako "betebeharrak ere" badituztela, eta horiek errespetatu beharko lituzketela, iritzi-publikoa manipulatzen saiatu gabe.
  • Elkarretaratzeek ez dutela "Osakidetzako gehiengo sindikalaren babesa" izan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak