Tximist espedizioak 45 urte

Oihana Elorza Gorostiza 2019ko ots. 5a, 12:40

Aurten dira 45 urte Tximist espedizioa abiatu zela Euskal Herritik Himalaiara, Everestera. Jaitsi eta berehala eskatu zuten berriz joateko baimena. 1980an egin zen bigarren euskal irteera. Talde bietako kide izan zen Felipe Uriarte eta biak ditu gogoan.

Otsailaren 13an beteko dira 45 urte Tximist espedizioa Madrilgo aireportutik abiatu zela. "1974an egin genuen lehen saiakera eta 1980an gailurra. Bi irteera izan ziren, baina espedizio bakarra. Horrela ikusten dut nik", dio Felipe Uriartek (Pasaia, 1941), bietan parte hartu zuen mendigoizaleak.

Tximist

30 urte zituen Felipe Uriartek Everest-erako (8.848 metro) lehen euskal espedizioan, 1974an; taldeko gazteena zen. "Urte batzuk lehenago, Andeetan ibili zen euskal talde bat, hango mendietan, eta haiei bururatu zitzaien Everestera joatea. Orduko hartan parte hartu zuen Rodolfo Kirch-ek gonbidatu ninduen ni eta baiezkoa eman nion, noski. Mendira joateko hegazkina hartzen nuen lehen aldia zen; ordura arte, auto-stop egiten joaten nintzen. Eta hegazkinak zeharkatzen zituen lurralde haietan zein paraje eder egongo ziren pentsatzen egin nuen bidaia osoa".

Espedizio hartan parte hartu zuen inork ez zuen aurretik 7.000 edo 8.000 metroko mendirik egin, baina ez ziren itsu-itsuan joan. "Europan, pertsona gutxi zeuden ordurako Everesten izandakoak, baina batzuekin berba egitea lortu genuen eta ahalik eta informazio gehien batu genuen. Taldekide bakoitzak bagenuen gure eginbeharra bidaia antolatzeko; nik neuk, esaterako, janariaz, jatekoaz, arduratu behar nuen", du gogoan Uriartek. Egitaraua egin, kontuak atera eta dena aurreikusi moduan joan zela dio.

1974ko otsailaren 13an abiatu ziren Madrilgo aireportutik eta maiatzaren 13an saiatu ziren Rosen eta Uriarte tontorrera heltzen. "Orduan, ez zegoen eguraldi iragarpenik, Internetik ere ez genuen ezer kontsultatzeko. Eta biko taldeak egiten genituen; txandaka joaten ginen. Anjel Vallejo Rosen-ek (Biarritz, 1942) eta biok osatzen genuen soka talde bat eta guri egokitu zitzaigun egun hartan tontorrerako bidea hartzea. Ez genuen lortu, baina lo-zakuak, denda, janaria eta gasa kanpaleku hartan utzi genituen hurrengoendako. Beste hiru saiakera egin ziren, baina eguraldi txarrarekin egin zuten talka eta ez ziren goraino heldu". Rosen eta biak 8.530 metrotan zeudela haizea atera zen eta lainoak ekarri zituen. "Zorte onik ez genuen izan, goiz hartan eguraldia zapuztu egin zelako. Orain, ordura begira jarrita, uste dut Rosenek eta biok ez genuela mendigoizaleen sena izan. Egun hartan goraino joateko ahalegina egin izan bagenu, bi aukera genituen gailurra egiteko: egun hartan bertan, edo behera jaitsi, gaua han pasa eta hurrengo goizean berriz saiatu. Baina ez genuen hori egin, han gelditu ginen gaua igarotzeko, eta aukera bakarra izan genuen. Pena. Orduko oxigeno botilek ere ez zuten ahalmenik tontorreraino joan eta jaisteko, gastatu egiten ziren. Gainerakoan, oso ondo joan zen dena, aurreikusi moduan eta inolako istripurik gabe. Eskumako eskuan bi izozketa txiki baino ez nituen izan nik".

Jaitsiera ez zen gozoa izan. Hego hegalera jaitsi ziren. Eguraldia txarra zen, haizea indartsu zebilen eta kanpin denda asko apurtu zituen. "Gelditzen zen azken dendan sartu ginen eta tapatu ginen beste denda baten zati batekin. Oxigeno botila bat topatu genuen eta hura partekatzen genuen Rosenek eta biok. Lo-zakurik gabe geunden, hotz genuela. Oxigenoa hartzea tokatzen zitzaigunean, lo gelditzen ginen; bat lo seko eta bestea hotzak", gogoratzen du Uriartek.

Oñatiko Cegasa enpresak jarri zuen dirua Everesterako lehen espedizio hartan. Hortik, Tximist espedizioaren izena. "Gailurra egin edo ez, marketin moduan hartu zuten irteera. Bigarrenerako, baina, erabaki zuten ezetz. Baina bi milioi eman zizkiguten, hasteko. Egia esan, ez dakit zehazki Cegasak edo zuzenean Juan Zelaiak. Euskaltzalea, abertzalea eta independentista zen Zelaia. Bere gogoa zen ikurrina bat jartzea lurreko tontorrik altuenean. Garai hartan, gutxi ziren euren bandera gailurrean jarri zuten herrialdeak, bakarrik lau, eta gura zuen bosgarrena Euskal Herria izatea. Beraz, alde batetik bazegoen enpresa interes bat, baina baita politikoa ere, garbi", dio Felipe Uriartek.

Zabaleta eta Arrue

Espedizio hartan behera jaitsi eta berriz joateko baimena eskatu zuten. 1982rako eman zieten baina Errusiak olinpiar jokoak antolatu zituen 1980rako eta ez zuen beste proiekturik gura urte hartarako. Hala, errusiarrekin aldatu zuten data euskaldunek. 980an iritsi zen Everesteko gailurrera euskal espedizioa. Martin Zabaletak (Hernani, 1949) lortu zuen tontorra iristea, Pasang Temba xerpa lagun zuela.

Zortea izan zen bigarren irteera hartan aldatu zen gauza bakarra ala egon zen gailurra ahalbideratu zuen beste prestaketarik ere? Uriarteren ustez, bai, zorte hobea izan zuten urte hartan sei urte lehenago baino. "Egia da bitarteko urte haietan guk ere irteera gehiago egin genituela goi mailako mendietara. Esperientzia handiagoa genuen, baina prestaketa antzerakoa izan zen. Bitarteko urte haietan, Martin Zabaleta, Ricardo Gallardo (Donostia, 1941) eta hirurok Perun izan ginen eskalatzen. Baita Alpeetan eta Himalaiako mendi zailak egiten ere. Teknikoki prestatuagoak geunden, bai. Oxigeno botilek ere bazuten gaitasuna hego hegaletik goraino joan eta jaisteko, eta garrantzitsua zen hori ere. Beraz, baliabideak eta materialak hobeak ziren, bai, eta urte hartan eguraldia alde genuen. Martin Zabaleta indartsu zegoen, eta, eguraldi on hura aprobetxatuta, tontorra egin genuen".

1980ko euskal espedizio hartan hartu zuen parte Juan Ramon Arrue oñatiarrak ere. "Gaur egun, espedizio bat baino gehiago egoten dira batera inguru haietan eta 500 lagunetik gora elkartu daitezke kanpamentu nagusian. Orduan, baina, askoz gutxiago ginen. Hamabiren bat izaten ginen hemendik joandako mendigoizaleak eta beste hamabiren bat edo, gutxi gorabehera, hangoak, xerpak. Guztira, 40 lagun inguru izaten ginen. Jendea etortzen zen arrautzak ekartzera, irratiz ere berba egin behar zen... Arrue ez zen mendira igo, baina kanpalekuko antolaketaz arduratu zen, dena koordinatzeaz, oinarrizko kanpalekua gobernatzeaz. Beharrezkoa zen lan hura ere, erabat".

Oñatiarrak 

Espedizio hura gertutik jarraitu zuen Begoña Murguzur oñatiarrak. Aurreko urtean, 1979an, Martin Zabaletarekin egin zuten topo Annapurnan. "Gu hilabeterako joan ginen inguru hartara trekking bat egitera. Gogoan dut Martin Zabaleta eta bere taldekideekin elkartu ginela han. Annapurnako gailurra egiteko saiakera egin zuten eurek, baina ez zuten lortu goraino heltzea. Hurrengo urtean, baina, munduko tontorrik altueneraino iritsi ziren", gogoratzen du.

1979an hasi zen lanean Ugarte Cegasan, eta, abuztuko oporrak urrian hartu eta Annapurnara trekkinga egitera joan zen herriko jaietan. "Soraluzeko lagun batzuekin joan ginen lau oñatiar. Urbian, Aizkorrin eta inguruko mendietan ibilitakoak ginen, baina inoiz ez 5.000 metrora. 23 urte nituen nik; argazki kamerarik ere ez nuen orduan hara eramateko. Izugarrizko esperientzia izan zen. Harrezkero, beste seitan egon naiz Himalaian trekkingak egiten", dio Begoña Murguzur oñatiarrak.

Euskal espedizioak 1980an Everesteko gailurra egin baino urtebete lehenago, 1979an, trekking bat egitera joan zen hogei bat laguneko talde bat Annapurna ingurura, Felipe Uriarte gidari zutela. Tartean ziren lau oñatiar: Begoña Murguzur, Mertxe Arregi, Iñaki Zabala eta Luxio Ugarte. Baita kale Zaharreko farmaziako Xabier Barrenetxea soraluzetarra eta haren lagun Agustin Txurruka eta Juan Rodriguez Juanillo. "Gutaz gain, Donostiakoak, Iruñekoak eta Madrilgoak ere baziren taldean. Ikaragarria izan zen irteera hura. Hilabetekoa izan zen; hiru asteko trekkinga egin genuen. Gurekin batera zamaketariak eta sukaldariak ere baziren. Kanpin dendetan egiten genuen lo; hiru aste haietan, oker ez banago, gau batean bakarrik egin genuen lo ostatuan. Felipe Uriarterekin joan ginen. Oso aberasgarria izan zen. Paisaia haiek eta hango jendeak, herritarrak, mundua ikusteko edo bizitzaz disfrutatzeko beste ikuspegi bat zabaldu zidaten", kontatzen du irteera hartan parte hartu zuen Begoña Murguzur oñatiarrak.

(Oñatiko Nekazarien Elkartean ateratakoak dira barruko argazkiak eta Oñatiko Atzeko kalean kanpokoak)

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak