Bagarak agur esan du, egindakoa balioan jarri eta erreleboa aurkeztuz

Itziar Larrañaga Sarasola 2019ko urt. 31a, 19:43

Hamar urtez egindako lanetik ikasi eta aurrera egiteko grina erakutsi du Bagarak, gaur Arrasateko Kulturaten egin den Mugarri berrien bila ekitaldian. Tobera formatua berreskuratuz agurtu dute Bagara, izan ere, epaiketa erako antzezlan satirikoa elkartearen ekimenez sortu zen duela urte batzuk. Horrela, antzezlanean Bagarak bere ibilbidean egindako lana epaitu dute. Amaitzeko, Debagoiena eraldatzeko sortu den sare berriari ongi etorria eman diote.

'Mugarri berrien bila'

Debagoieneko askotariko elkartetako ordezkariek eskaini diote babesa Bagarari agur ekitaldian. 60 lagunetik gora elkartu dira Arrasateko Kulturaten, hala nola, erakunde, enpresa eta udaletako ordezkariak zein norbanakoak.

2010ean sortu zen Bagara eta urte hauetan hainbat proiektu bultzatu ditu, besteak beste; Ereindajan, Gureztatu, Eltzia, Herrigintza gaztea, Koopfabrika, Tobera... Orain, baina, mugarri berrien bila abiatzeko egitasmo berritzaile bat jarri dute abian. Horixe ebatzi du epaiak, "herritarrek, aurrerantzean ere, badutelako zuen beharra".

Antzezlana amaitu ostean, Aritz Otxandiano Bagarako presidenteak hartu du hitza. Bagararen ibilbideari aitortza egin ostean etorkizuneko erronkei buruz hitz egin du; klima aldaketa, berdintasuna edota hezkuntzaren garrantziaz jardun du, besteak beste. Ostean, Arianne Kareagak bazkide norbanakoen izenean hitz egin du, sortu berri den egitasmoari zer eskatzen dioten azalduz. Egindakoari aitortza egiten hasi da Kareaga ere, eta ostean, irekitasuna eta ilusioa nabarmendu ditu. 

Ekitaldiari amaiera emateko, bertaratu direnei beraien iritzia emateko ere eskatu die Otxandianok. Hala, lankidetza sarea sustatzeko etorkizunean zer eskatzen dioten iradokitzeko aukera eman die gonbidatuei. Horiek mugikor bidez eman dute iritzia; hitz laino formatuan ikusi dira erantzunak pantaila handian. Entzutea eta konfiantza gailendu dira beste guztien gainetik, baina baita, irekitasuna, gertutasuna, anbizioa, ausardia, gertutasuna, ilusioa, elkarlana eta lankidetza ere. 

Debagoiena eraldatzeko sarea bigarren aukera bat izango da proiektuaren sakontasun originala berrartzeko eta tresna berriekin aurrera egiteko. Antzeztutako epaiketan epaileak esan duen moduan "basoak biziberritzeko zuhaitz zaharrak erortzen utzi behar dira, berriei lekua egiteko". Bagarak pilatutako ezagupenak eta egindako harreman sarea aprobetxatuko ditu lankidetza sare berriak; horrekin batera, metodologia berritzaileak erabiliko ditu. Komunitatean eraldaketa soziala bultzatzeko jende asko eta askotariko entzuten hasi da dagoeneko egitasmo berria, mugarri eta ikuspuntu berrituekin aurrera egiteko. Era berean, Debagoieneko eraldaketa soziala lortzeko funtsezkoa izango da ezberdinen arteko lankidetza estua. 

Aldizkari digitala

Bagararen ibilbidearen eta etorkizuneko erronken argitalpen berezia egin dute. Aldizkari digitalean, Bagarak Debagoieneko gizarte eraldaketa eta garapen komunitarioa sustatzeko asmoz, eskualdean abiatutako prozesuaren sorrera, ibilbidea, elkarlana eta aurrera begirakoak islatu nahi izan dituzte. Horretarako, modu ezberdinetan ibilbide horretan parte izan diren aurpegi eta ahotsak batuz.

Doan deskargatu daiteke ale berezia Ttap aldizkariaren baitan. Google Play eta App Store-n aurki daiteke aplikazioa, mugikor zein tabletan deskargatzeko.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak