Udalek euren sarituak erabaki dituzte DKSetarako

Xabier Urtzelai 2019ko urt. 31a, 11:42

Alaitz Urkiola kopilotua eta Aingeru Castro, auto barruan.

Debagoiena Kirol Sariei begira (DKS), ibarreko udalek erabaki dute herrietako sariak nortzuek jasoko dituzten. Bestalde, publikoaren sarirako dagoeneko 1.700 lagun baino gehiagok eman dute botoa; otsailaren 8a da horretarako azken eguna –goiena.eus-en eman daiteke botoa–.

Otsailaren 13an Amaia antzokian egingo duten DKSen ekitaldiari begira, antolatzaileek aditzera eman dute banatuko dituzten hamalau sarietatik bederatzi zeintzuendako izango diren. Hain zuzen, Herrietako Sariak eman dituzte aditzera –behean duzue zerrenda– eta udaletako ordezkariak arduratu dira sari horiek nori eman erabakitzeaz –Antzuola izan da salbuespena, herritarren esku utzi dute-eta erabakia–.

Publikoaren sariak arrakasta handia

Bide batez, publikoaren sarirako botazioak arrakasta handia izan du lehen astean, 1.700 boto baino gehiago jaso dituzte-eta Goiena.eus atarian. Sariak errepikatzeko aukera Herri bakoitzak kirolari, kirol talde edo kirol eragile bat saritzeko aukera izan du, eta formula horrek aukera ematen du DKS sarietan herri guztiak ordezkatuta egoteko. Hala, saritu horiek izango dira Dorletako Ama Txirrindularitza Taldea (Leintz Gatzaga saria), Iñaki Uribetxeebarria (Arrasate saria), Odilo Vazquez (Aretxabaleta saria), Alaitz Urkiola (Antzuola saria), Iratxe Alonso (Elgeta saria), Martin Perez (Eskoriatza saria), Oñatiko Espeleologia taldea (Oñati saria) eta Jone Oianguren (Aramaio saria). Hori horrela, Mikel Linazisorok eta Martin Perezek bi sari jaso ditzakete, publikoaren sarian ere hautagaien artean daude eta:

Herrietako sarituak:

  • LEINTZ GATZAGA SARIA • Dorletako Ama Txirrindularitza Elkarteari 40 urte baino gehiagoko ibilbideari merezitako aitortza. Dorletako ama saria egutegian froga esanguratsua izan da beti, eta hutsik egin gabe 41. urtez antolatu dute. Honetaz aparte, BTT zeharkaldia antolatzen dute urtero. Azkenik, aurten euskal txirrindularitzari buruzko argazki erakusketa antolatu dute Dorletako santutegian. 
  • ARRASATE SARIA • Iñaki Uribeetxebarria Urteetan Arrasaten squasha sustatzeko egin duen ahaleginagatik. Squasheko erraketa bati itsatsita eman du bizitza. Gainera, herriko, bailarako eta baita Euskadiko txapelketak ere antolatu ditu herrian. 
  • BERGARA SARIA • Mikel Linazisoro nazioarte mailan bailaran dugun promesa handienetakoa da eta Tokioko 2020ko Jokoetarako aukera gehien duenetarikoa. 2018. urtean, 20 urte azpiko maila Europako azpitxapelduna izan da. Munichen jokatutako frogan, zailtasuneko Europako txapelketan barruan, txapeldun izan zen.
  • ARETXABALETA SARIA • Odilo Vazquez. UDA barruan karate saila sortu izanaren erantzule da, herrian borroka arte hori sustatzeko egin duen ahaleginagatik jasoko du bere herriaren saria. Gainera, bere eskutik herritar askok karatean emaitza oparoak lortu izan dituzte. 
  • ANTZUOLA SARIA • Antzuola Saria herritarrek erabaki zuten boto bidez. Guztira 271 lagunek eman zuten botoa ondo, eta boto kopuru handiena Alaitz Urkiolak jaso zuen. Alaitz Urkiola Euskal Herriko rally txapelduna izan da Aingeru Castro gidariarekin batera. Hamaika lasterketa baino gehiago irabazi zituzten 2018an. 
  • ELGETA SARIA • Iratxe Alonso. Mendi lasterketetan azken urtean izan duen bilakaeragatik. Hamar onenen artean izan da proba askotan, kilometro bertikaletan, Trail eta Ultra Trail lasterketetan lehiatu da
  • ESKORIATZA SARIA • Martin Perez. Gurpil aulkiko saskibaloi liga gorenean jokatzen du Gasteizko Zuzenak taldearekin. Europako 22 urtez azpiko Europako txapelketan brontzea irabazi zuen abuztuan. 
  • OÑATI SARIA • AMET taldea. Oñatiko espeleologia taldeak 50 urte betetzen dituelako sarituko dute. 
  • ARAMAIO SARIA • Jone Oianguren. Izotz hockeyan jokatzen du, Gasteizko Sumendi taldean, eta selekzioarekin ere jardun du dagoeneko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak