Gaur egindako prentsaurrekoan, Olazagoitiren biloba Nati Roak hartu du hitza. Azaldu du euren amonak 40 urte zituela eraman zutenean, hiru seme-alaba zituela eta haurdun zegoela. Familiak ez dakiela "nork edo nortzuk" eraman zuten ezta "nork hil zuen" ere. Gorpua Oiartzunen edo Hernanin dagoen ere ez dakitela nabarmendu du. Horrez gain, ekitaldia aprobetxatu du Maria Areitio eta Francisca Oianguren mondragoetarrak gogora ekartzeko.
Gizateriaren aurkako krimenak
Jon Mirena Landa, EHUko Giza Eskubideen eta Botere publikoen UNESCO katedraren zuzendariak ere hitza hartu du. Azaldu du frankismo garaian egindakoak gizateriaren aurkako krimenak izan zirela. "Ikuspegi juridiko batetik, guda batean, hainbat basakeria" onartu egiten direla esan du; baina, ez beste batzuk: "Ez dena onartzen da gudaren aitzakiaz armarik ez dituzten aurkariak hiltzea. Ezin da atxilotu bat hil, edo erietxeak bonbardatu. Guda krimenak dira horiek", azaldu du. “Estatu jazarpen-politika sistematikoa eta planifikatua, horren testuinguruan giza hilketak, erailketak, legez kontrako atxiloketak, torturak, pertsekuzioa eta antzeko delituak gauzatu zirelarik”. Hala, nazioarteko krimenak preskribaezinak direla dio Landak.
Hiru helburu lortu nahi dituzte kereilekin
Markel Olano diputatuak azaldu du aurkeztuko duten bi kereila horiekin ordezkatu nahi dituztela Gipuzkoan hil zituzten gainerako ia mila pertsonak, eta hiru helburu bilatzen dituztela. "Gizartean eragin bat lortzea; bestalde, nahi dugu egia judiziala argitan jartzea; eta, Espainiako jurisprudentzian aldaketa batzuk ezartzea".
Diputatuak nabarmendu du "egia, justizia eta erreparazioa" direla giza eskubideen urraketa larria jasan duten biktima guztien eskubideak.