Espetxe politikarekin bukatzeko eta bizikidetzan aurrera egiteko garaia dela aldarrikatu dute

Miren Arregi Amasorrain 2019ko urt. 12a, 18:17

Lehen datuen arabera, 70.000 lagunetik gora batu dira Bilbon, eta 9.000 Baionan. Pili Kaltzadak irakurri du bukaerako euskarazko manifestua Bilbon; Javier Sadaba filosofoak, berriz, gaztelerazkoa. Espetxe politika aldatzeko eskatu diete Espainiako eta Frantziako gobernuei.

Pili Kaltzada kazetari eta idazleak izan du ekitaldia hasteko ardura. Adierazi du, bizikidetza oinarri duen gizarte justu batera egin gura duela bidea euskal gizarteak eta hala, ez duela espetxe politika jasaten dutenen eskubideen urraketarik nahi.

Manifestuak, 2011ko Aieteko adierazpeneko hirugarren puntua ere nabarmendu du izan ere, hark, "adiskidetzean aurrera egiteko pausuak eskatzen zituen". Espainiako gobernuari ere egin diote erreferentzia: "Hasieran, Espainiako gobernu berriak eman zituen urratsek sortu zuten esperantza bertan behera gelditu da. Hitza betetzen ez duen gobernu baten aurrean gaude. Gatazkaren ondorioak gainditzeko eskatzen du gizarteak eta Espainiako gobernuak ez du ulertu gura".

Salbuespenezko espetxe politikarekin behin betikoz bukatzeko garaia dela ere esan du Kaltzadak eta gogora ekarri, 200 presok baino gehiagok, "gizatasun izpirik gabeko tratua jasotzen" dutela. "Legea betetzeko garaia da", adierazi du. Gaixo larriek etxean behar luketela, Europan betetako urteak kontatzen hasi behar liratekeela, eta presoak euren etxeetara gerturatzen hastea ezinbestekoa dela, besteak beste.

Bukatzeko, Kataluniako preso politikoak izan dituzte gogoan Bilbon, bai eta Altsasuko gazteak ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak