Amaitu da bailarako artzainen amesgaiztoa

Imanol Beloki Unamuno 2019ko urt. 9a, 15:14

Debagoieneko artaldeei eraso egiten aritu diren bi txakurrak hilda daude. Erasokorrena zena azaroaren 16an agertu zen hilda eta bestea, berriz, urte amaieran, abenduaren 25eko azken erasoen ostean. Kalteak handiak izan dira, eta, horrenbestez, artzainek lasaitu ederra hartu dute

Urriaren 13az geroztik izan dira solte eta kontrolik gabe Kira eta Kaxka txakurrak Debagoieneko artaldeei eraso egiten. Leintz Gatzagako baserri batetik ihes egindako txakurrek 100 bat ardi akabatu dituzte, hainbat zauritu, eta, animaliek jasaten duten zauri psikologikoen eraginez, arkumeak galdu dituzte hainbatek. Txakurretako bat, erasokorrena zena, azaroaren 16an hilda agertu zen. Bigarrena, berriz, urte amaieran, abenduaren 25eko erasoen ostean agertu zen hilda, mendian. Hala, orain, baserritarrak ardiek jasan dituzten zauriak sendatzen ari dira.

Azken erasoaren ostean, hilda agertu da ardiak erasotzen zebilen txakurra

Azken erasoa, Agarrekoari

Degurixa, Kurtzebarri eta Alabita inguruetako artzainen ardiek jasan dituzte erasoak eta azken horiek jasan dituena Eskoriatzako Mazmela auzoko Agarre baserriko artaldea da. 120 ardiko artaldea dauka Agarreko Javier Villarrek, eta, kalte handiak izan dituen arren, bigarren txakurra hilik agertu izanak bailarako artzainei lasaitasuna emango diela adierazi du. Dagoeneko ardiak etxera jaitsi, eta zauriak sendatzen ari dela gaineratu du: "Ustez, abenduaren 25ean egin zion txakurrak eraso nire artaldeari; izan ere, orduan esan zidan Arabako Larrea aldeko baserritar batek solte zebilen txakurra gure artalde inguruan ikusi zuela… Abenduaren 26an, bertara igo ginen, eta artaldea sakabanatuta ikusi genuen. Batzuk zaurituta zeuden eta beste batzuk desagertuta; hori horrela, etxera ekarri genituen. Txakurraren ugazabak, bestalde, abenduaren 27an abisatu zidan ardi bat zaurituta ikusi zuela erreka zulo batean, eta hura ere etxera ekarri genuen. Harrezkero, ardiak osatu guran ari gara".

Ardiei zauriak sendatzen

Hainbat ardik hozkadak dituzte aurpegian, beste batzuek belarriak faltan; baina Villarrek adierazi du gogorrena dela ardiak sendatu arren, hauek arkumeak galtzea. Izan ere, orain da sasoia, eta hori ez dagoela berreskuratzerik gaineratu du.

"Mendian hildako nire ardiak sei direla uste dut. Izan ere, desagertuta daude, eta guk hiltzat ematen ditugu. Artaldea etxera ekarri ostean, baserrian, hiru hil zaizkigu zaurien eraginez, eta bakar bat geratzen zaigu bildotsa egiteko, baina oso larri dago, zauri handiekin, eta ez dut uste bizirik iraungo duenik. Zauritutako ardi batek, esate baterako, izan du bildotsa, eta onik dago. Horrez gainera, artaldeko zenbait ardi zaurituta daude, eta albaitariarekin nabil zauritutako horiek oneratzeko ahaleginetan, ea errekuperatzen diren…", adierazi du Villarrek.

Sarri gertatu arren, entzutetsua

Halako kasuak gogorrak direla eta sarri gertatzen direla adierazi du Villarrek. Gaineratu du oraingoan txakurrak ez direla etxera bueltatu, eta horregatik direla kalteak handiak. "Txakurrak mendian geratu dira eta ia egunero egin dituzte kalteak. Beste kasu batzuetan, normalean, txakurra, halakoak egiten dituenean, etxera bueltatzen da, baina txakurraren jabeak ez dakienean bere txakurrak direla erasotzaileak, halakoetan ere ez da samurra izaten konponbidea bilatzea".

Kaltetuak, harremanetan

Bigarren txakurra hilda agertu da, eta bukatu da bailarako artzainen amesgaiztoa. Kaltetuak izan diren artzainak txakurren jabearekin harremanetan daudela eta kalteen gainean erabakiko dutela zer egin adierazi du Villarrek. Gaineratu du laguntza falta sumatu dutela: "Administrazioak, basozainak… zerbait egingo zutelakoan geunden, baina hasieratik ez dute askorik lagundu. Gero, agerraldi bat egin zuten, eta azaldu zituzten hainbat gauza ez dira egiak".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak