Eider Ballina aramaioarraren lana saritu dute Baionan

Julen Iriondo 2018ko abe. 28a, 11:38

Eusko Ikaskuntza-Baiona Hiria saria jaso du Eider Ballina aramaioarrak Imanol Eppherre eta Anne Baskaran ikaskideekin batera egindako Mai da bai (eta ezetzik ez dago) dokumentalak; ez zuten espero, lana lehiaketan aurkeztu ere ez zutelako egin.

Bideo dokumental saria eman diote maputxeen mapudungun hizkuntzaren biziberritzea ardatz duen dokumentalari. "Estreinaldia Biarritzen egin genuen eta horren harira sortu da sari hau. Baionako lehiaketan aurkeztu ere ez genuen egin dokumentala, baina, Biarritzeko emanaldiaren ostean, erabaki zuten sari hau irabazi behar zuela gure lanak. Beraz, ezuste galanta izan da guretzat, baina oso pozik gaude, eta ilusioz beteta", azaldu du Ballinak. Pozik, batez ere, dokumentala oihartzun handia izaten ari delako. "Euskal Herrian sentsibilitatea sortzen duen gai bat da mapudungun hizkuntzarena, beste hizkuntza askok sortzen duten moduan, eta hedabideetan oihartzun handia eduki du. Guk ez genuen espero hori", dio.

Mondragon Unibertsitateko Ikus-entzunezko Komunikazio gradua ikasi dute hiru egileek, eta gradu amaierako proiektu gisa egin dute lan hau, Garabiderekin elkarlanean. "Garabidek kasu erreal bat aurkeztu zigun, eta hasieratik iruditu zitzaigun gai interesgarria, euskararekin ere lotura daukalako".

Hala, maletak egin eta Wallmapura joan ziren iaz martxoan. Maputxeen eremua da Wallmapu, Argentina eta Txile artean dagoena. Hizkuntzari dagokionez, mapudungun hizkuntzak 100.000 hiztun inguru ditu gaur egun, gehienak pertsona helduak, baina bada gazte ekintzaileek sortutako elkarte bat, hizkuntza biziberritzea helburu daukana, Mapuzuguletuaiñ izenekoa. Garabidek elkarte horrekin kooperatzen du, "kooperazio linguistikoa" egiten du, Ballinaren esanetan.

Dokumentalaren helburua bikoitza da: "Batetik, islatzea gaur egun ze egoera bizi duen mapudungun hizkuntzak, eta, bestetik, erakustea badagoela gazte talde bat hizkuntza honen alde borrokan ari dena eta ilusioz lan egiten duena hizkuntza aurrera ateratzeko. Gainera, ekimen mordoa egiten dute horretarako. Bukaeran ikusten da baita Garabide nola laguntzen ari zaien bide horretan".

Ballinak dioenez, euskara nolabaiteko erreferentzia da maputxeentzat. "Euskararekin oso islatuta sentitzen dira. Izan ere, gaur egun han bizi izaten ari dira euskarak duela 50 urte bizi izan zuena, errepresioa, zapalkuntza, eta abar".

Hilabeteko esperientzia

Martxoan joan, eta apirilera arte, hilabetez egon ziren Wallmapun dokumentala grabatzen. "Gehienbat, lehenengo hogei egunetan egon ginen haiekin; ez 24 orduz, baina ia egun osoa igarotzen genuen elkarrizketak egiten edota egunerokotasuna partekatzen. Hizkuntza biziberritzeko saioak ere egiten dituzte, eta saio horietan ere egon ginen, dinamika nolakoa den ikusteko eta irudi batzuk hartzeko. Hamabost pertsona inguru elkarrizketatu ditugu, nahiz eta dokumentalean ez diren guztiak agertzen, filtro batetik pasatu behar izan ditugulako". Esperientzia "zoragarria" izan da aramaioarrarentzat. "Ederra izan da ikustea gazte talde horrek nolako ilusioa daukan haien hizkuntza biziberritzeko. Euskara, guri, eginda eman digute eta konturatu gara askotan ez dugula baloratzen baloratu beharko genukeen moduan. Hango errealitatea zein den ikusita, ohartu gara hizkuntza batek nolako garrantzia daukan benetan", adierazi du.

Zabaltzen jarraitu gura dute

Aramaion dagoeneko aurkeztu du dokumentala Ballinak, eta orain, egileen asmoa da emanaldi gehiago egitea, Debagoieneko beste zenbait aretotan, besteak beste. Oraindik, baina, ez daukate ezer lotuta. Bestalde, hainbat lehiaketatan ere aurkeztuko dute lan hau, ahalik eta zabalkunde handiena izatea baita helburua.

 

Dokumentalaren hiru egileak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak