Antzuolako Gabilondo-Arregi harategian, esaterako, Gabonetan eta orokorrean abendu guztian "asko" saltzen dela eta oso hilabete ona izaten dela diote Itziar eta Lide Gabilondok, harategiko nagusiek. Gaineratu dute, ordea, gauza bereziagoak saltzen direla egunotan, eta ez, urteko aste arrunt batean bezala, denetik pixka bat. Egun hauei aurre egiteko nola prestatzen diren galdetuta, ordu gehiago sartzen dituztela diote: "Ardura handiko egunak izaten dira, bezeroak ahalik eta generorik onena nahi izaten du eta guk ere ahalik eta zerbitzu onena eman nahi izaten dugu; horrek urduritasuna ekartzen du". Azaldu dute bertako generoa ibiltzen dutela beti eta nahiz eta Gabonetan eskaera gehiago izan ez dutela kanpotik ekartzen, eta, ondorioz, enkargu batzuei ezezkoa eman behar izaten dietela. Erosteko joera aldatu al den galdetuta, berriz, lehen jendeak egun hauetako otorduak askoz ardura handiagoz hartzen zituela esan dute eta gaur egun enkargu asko azken egunetan jasotzen dituztela.
Bestalde, azaldu dute Errege bezperan lau sari zozketatzen dituztela bezeroen artean. Dendari Gabon kutsua emateko, aldiz, erakusleihoan Olentzero eta beste hainbat apaingarri ipini dituzte. Amaitzeko, bai Itziarrek eta bai Lidek azpimarratu nahi izan dute Antzuolako herritarrek herrian kontsumitzen dutela eta "oso kontzientziatuak" daudela horrekiko, "baita gazteak ere", horretaz jabetzen direla eta "asko" eskertzen dietela herritarrei.
Kuttun lentzeria
Oñatiko Kuttun lentzeriako Asun Arroyok ere Gabonak garai "emankorra" direla eta dendari guztiak zain egoten direla aitortu du; dena den, gaineratu du urte sasoi honetan ez dela lehen adina saltzen eta gehienak azkeneko momentuan ibiltzen direla. Arroyok dio Gabonetako oparietarako produktu espezialak ekartzen saiatzen dela beti; emakumeentzat bodyak eta gizonekoentzat boxerren loteak, esaterako.
Kuttun lentzeriako erakusleihoak ere badu Gabon ukitua, herrian antolatu den erakusleiho lehiaketan ere parte hartu baitu. Aurten, abesbatza bat iru dikatu du Arroyok. Horretaz gain, Txanda Oñatiko Merkatarien Elkarteak 200 euroko bonuak zozketatuko ditu bezeroen artean abenduaren 24an, herriko dendetan gastatu ahal izateko.
Online salmentez galdetuta, dio lehen merkataritza-etxe handiak zirela mehatxu, eta orain, berriz, online salmentak, eta askotan planteatu izan duela berak ere zerbitzu hori eskaintzea, nahiz eta oraindik ez duen pausoa eman. "Niri pertsonalki ez zait, ordea, online erostea gustatzen, guk eskaintzen dugun dendariaren eta bezeroaren arteko gertuko harreman hori galtzen baita", dio Arroyok.
Markiegi arropa denda
Arrasateko Markiegi gizonezkoen arropa dendako nagusi Jorge Markiegik ere salmentei dagokienez "urteko garairik garrantzitsuena" dela dio, baina salmentak orokorrean jaisten ari direla eta Gabonetan ere hori nabari dela. "Alde batetik, jendeak gero eta gehiago erosten
du online, eta, bestetik, jendearen erosahalmena jaitsi egin da; orain, jendeak ez ditu lehen adinako soldatak, eta gehiago dibertsifikatzen du".
Markiegin ere asko zaintzen dute erakusleihoa urte guztian zehar, eta Gabonetan gaiarekin loturiko apaingarriak jartzen dituzte. Dendako langileriari dagokionez, ez dute aparteko kontrataziorik egiten Gabonetan, eta dendako zozketa berezirik ere ez. Hori bai, Ibai-arte Merkatarien Elkarteko kide dira eta urte guztian zehar hainbat eskaintza dituzte bezeroentzat.
Dorleta liburu denda
Gainontzeko dendetan bezala, Eskoriatzako Dorleta liburu dendan ere pisu handia dute Gabonek, eta bertako nagusi Adela Cortazarrek argitu du "kopuru handia" saltzen dela sasoi honetan; dena den, urtean zehar ere saldu behar dela: "Gabonekin soilik ez da hainbesteko kaxarik egiten". Salmenta kopuruen joeraz galdetuta, ordea, hauxe dio: "Krisi urteetan asko nabaritu zen, baina azken urteetan berriro igo da lehengo kopuruetara; aurten, gainera, kopuru horiek gainditu egin dituela esango nuke".
Erakusleihoari dagokionez, Cortazar urte guztian saiatzen da "apain-apain eta erakargarri" izaten, eta, noski, Gabonetan ere bai. Urte sasoi honetan, berezitasun moduan, saski bat zozketatzen du bezeroen artean: "Egiten dudan laugarren urtea da aurtengoa; bezeroek erosketak egitean tiketa kutxa batean sartzen dute eta ondoren guztien artean zozketa egiten dut. Bezeroei asko gustatzen zaie eta arrakasta handia du".
Aurten, Eskoriatzako herriko merkatariek elkarlanean ez dute Gabonetarako kanpaina berezirik martxan jarri, baina Cortazarrek argitu du herriko 36 komertzio Merkatari aplikazioan sartu berriak direla eta hor bai, bezeroen artean astean bi zozketa egiten direla.
Amaitzeko, online salmentez galdetuta, Dorleta liburu dendan ere nabaritu dela dio Adela Cortazarrek: "Gazteek online erosteko gero eta joera handiagoa dute; horri aurre egiteko, zoritxarrez, ez daukagu konponbiderik".
Igaro lurrindegia
Bergarako Igaro Lurrindegiak Debagoieneko dendek emandako bitxia saria jaso berri du eta Ione Igartua bertako nagusiak aitortu du dendan sari honek eragina izan duen edo ez nabaritzea zaila den arren, pertsonalki satisfazio izugarria eman ziola.
Gabonei dagokienez, salmenta "asko" igotzen dela azaldu du Igartuak, nahiz eta azken urteetan "pixka bat jaitsi" egin den. "Pack bereziak edukitzen ditugu Gabonetan, bai lurrinenak eta baita tratamendu estetikoenak ere; azken hauek, bereziki, promozionatzen ditugu eta oso ondo saltzen dira", dio Igartuak.
Erakusleihoari dagokionez, bera "oso apetatsua" dela dio Igartuak, eta urte guztian zaintzen duela. Gabonetan, gainera, Bergarako Udalak erakusleiho zozketa egiten du eta Igartuak urtero hartzen du parte. Horretaz gain, herriko merkatarien elkarteak, Bedelkarrek, hainbat ekitaldi antolatzen ditu urtero herritarrak herriko dendetan erostera bultzatzeko: "Aurten, esaterako, puzgarriak eta txutxu-trena antolatu dituzte eta Bedelkarko txartelarekin ordaintzen dutenen artean hainbat zozketa egingo dira".
Gabonetako ospakizunez gain, ospakizunetarako beste arrazoi handi bat ere badu Igartuak; izan ere, Igaro lurrindegiak 30 urte bete ditu aurten. "Urteurrena ospatzeko zerbait berezia egin nahi izan dut eta bezeroen artean 600 eurotan baloratutako hiru saski zozketatuko ditut urtarrilaren 7an", azaldu du Igartuak.
Bertako produktua
Euskal Herriko Nekazarien Elkarteak Gabon hauetan kontsumo arduratsua izateko eta bertakoaren aldeko apustua egiteko deia luzatu dio gizarteari: "Bertako produktua erosteak baserritarren lana aintzat hartu eta lan baldintza duinak izan ditzagun laguntzen du".