Azken urteotan eguberrietako protagonistetako bat bihurtu da Mari Domingi, gero eta gehiago ageri baita Euskal Herriko kaleetan Olentzerorekin batera opariak banatzen. Eskoriatzara, esaterako, 2012an iritsi zen, emakumeen figurari presentzia emateko helburuarekin, eta Arantxa Unzueta Kultura teknikariak dio geroztik Gabonetako "ezinbesteko" pertsonaia bihurtu dela Olentzerorekin batera.
Opariak guztiontzat
Opariek ere gero eta indar handiagoa dute Eguberrietan, eta, Arrasateko Olgeta jostailu dendako Itsaso Pagoagaren esanetan, "ortzadarra" izan da azken urteotako jostailu izarra: “Egurrezko ortzadar bat da, eta, jolas libre eta sortzailerako denez, adin guztietarako balio du”.
Azpimarratu du jostailurik egokiena, ordea, haur bakoitzaren gustuei dagokiena dela, eta, amaitzeko, gaineratu du mahai-jolasak, esaterako, beti direla aproposak, familian jolasteko bidea ematen dutelako.
Jostailua haurren garapenerako beharrezkoa den elementu bat izan arren, gaur egun, tamalez, eskubide hori ez dago haur guztien esku. Hori dela eta, Debagoieneko Gurutze Gorriak jostailu berriak biltzek. Jostailu Hezitzailea izeneko kanpaina jarri du martxan eta hainbat egunetan aritu dira Arrasateko Eroskin horiek batzen. Iaz, Debagoieneko 256 haurren ametsa bete zuten eta aurten, 201 haurren eskaerari erantzutea dute helburu.
Familiakoei eta lagunei ere ilusio handiz egin ohi zaizkie opariak Gabonetan, baina, askotan, zaila izaten da opari egokiarekin asmatzea, eta, ondorioz, gero eta gehiago bilatzen da praktikotasuna edo esperientziak oparitzea. Arrasateko Amagara estetika zentroan, esaterako, aurpegiko eta gorputzeko tratamenduak saltzen dituzte opari moduan. "Ordu eta erdiko tratamendu osoak dira eta hirurogei euro inguru balio dute, oso harrera ona izaten dute eta jendeak, normalean, bikotekideari, familiakoei edo lagunei oparitzen dizkie", dio Maite Agirrek, zentroko zuzendariak.
Itxaropenaren loteria
Loteria erostea edo oparitzea ere ohikoa da Gabonetan; dena den, batez beste pertsonako erosten den kopuruak nabarmen egin du behera azken urteetan, Aretxabaletako Ibar Loterietako Arantzazu Elkororen esanetan. Zenbaki salduenak zein diren galdetuta, berriz, ziurtasun osoz dio bakoitiak direla: 3, 5, 7 eta 9 zenbakiak, hain zuzen.
Jaki eta kutixi goxoak
Ospakizun egun handietarako plater goxoak prestatzen orduak pasatzen dira, sarritan, sukaldean; aurtengo Gabonetarako, ordea, plater erraz eta goxo baten proposamena ekarri du Oñatiko Zelai Zabal jatetxeko Alberto Elortza sukaldariak. "Zurrukutuna izena du eta zopako ogiarekin edo bezperan sobratutako ogiarekin berakatz-zopa bat egin eta ondoren honi bakalaoa gehitzean datza. Duela urte batzuk, urte sasoi honetan ohitura handia zen eta primerako platera da", dio Elortzak.
Eroski dendetan, esaterako, eskuragarri dago kalitatezko bakailaoa prezio onean.
Ondorengo garbiketa
Eguberrietan familiarekin, lagunekin eta lankideekin otordu ugari izan ohi dira; ondorioz, gorputza bere onera bueltatzekomodurik onena da ondorengo egunetan normal eta garbi jatea, gorputzak eskatzen duena emanez; hori gomendatu du Mireia Alberdi dietista bergararrak. Gorputza garbitzeko dieta bereziren bat egin behar al den galdetzean, berriz, ezetz esan du, eta gorputzak garbiketa berak bakarrik egiten duela argitu du. Gaineratu du garrantzitsua dela otordu berezi hauek egun zehatzetan egitea, eta ez luzatzea Gabon guztietara.
Gabon ezberdinak
Bada, ordea, Gabonak modu ezberdinean bizi izaten duenik, edo, besterik gabe, ospatzen ez dituenik; horietako bat Mohamed Bohouch da. Marokoarra da izatez eta 9 urterekin etorri zen Elgetara familiarekin; erlijioz musulmanak dira, eta, ondorioz, ez dituzte Eguberriak ospatzen, soilik Gabon zaharra. "Egun honetan lagun ezkutuaren bitartez opariak egiten dizkiogu elkarri, baina musulmanok, izatez, urtea hasi eta amaitzeko sistema ezberdina dugu. Aurten, esate baterako, urrian ospatu dugu, eta orduan bai, familia osoa bildu eta ospakizun eta otordu handiak egiten ditugu".
Ikasten edo lanean atzerrian dabiltzan debagoiendarrak ere asko dira munduan barrena; horietako bat Usoa Toledo antzuolarra da, 26 urte ditu eta Thailandiako Pattaya hirian Haur Hezkuntzako irakaslea da. Aurten lehen aldiz Gabonak atzerrian igaroko ditu. “Hiru urte egon naiz Finlandian bizi izaten, baina Eguberrietan beti itzuli izan naiz etxera; aurten, ordea, distantzia dela eta, herrira bueltatu beharrean bidaiatzeko aprobetxatuko ditut opor hauek eta mutil-lagunarekin Kanbodia zeharkatuko dut iparraldetik hegoaldera”. Aitortu du, hala ere, faltan igarriko duela familiarekin eta lagunekin elkartu eta ospatzea.
Gabon zaharreko jantziak
Urtezahar eguna berezia izan ohi da; urteari errepasoa egin eta datorren berrirako helburuak ezartzeko garaia, hain zuzen. Gaueko jaia ere ez da gutxiagorako izaten, eta, ziurrenik, janzkerari dagokionez, buruhauste gehien sortzen dituen urteko parranda izango da. Oñatiko Charm irudi aholkularitzako Olatz Agirrek azpimarratu du emakumeen kasuan aurtengo joera distiradun soinekoak izango direla, eta, look-a leuntzeko, kotoizko edo puntuzko zerbaitekin konbinatzea gomendatu digu. Gizonezkoen kasuan, berriz, pajaritak eta amerikana estiloko jakak eraman ohi direla dio. Azpiko arropa gorriei dagokienez, berriz, ohitura mantendu egiten dela esan du Agirrek.