Deskargako autobidearen obraren %85 amaituta dago

Jokin Etxebarria 2018ko abe. 14a, 10:27

Bergara eta Deskargako mendatea (Antzuola) batzen dituen autobidea martxorako zabaltzea espero dute, neguan zehar ezer okertzen ez baldin bada, aurreikuspenak betetzen ari baitira. GOIENA esklusiban izan da obren nondik norakoak bisitatzen

Urteak dira Beasain eta Durango herriak batuko dituen errepidearen ideia gauzatzen hasi zirenetik. Gipuzkoako parteari dagokionez, autobidearen lehen zatia Beasain eta Ormaiztegi batu zituena izan zen. Hura 1995ean hasi ziren eraikitzen eta 1998 arte ez zen zabalik egon. Bigarren zatia –Ormaiztegi eta Zumarraga artekoa– martxan ikusteko zazpi urte gehiago pasa behar izan ziren. Beste zazpi urte pasa ziren Legazpi eta Urretxu arteko errepidea iristeko eta 2015eko martxoan inauguratu zen Deskargako portuaren azpitik pasatuz portuaren erdiraino iristen zen errepidea.

Tarterik gatazkatsuena eta zailena, ordea, Bergara eta Deskargako portua batzen dituen 5,2 kilometroko eremua izan da. Azken aurreikuspenak betetzen ari dira, baina, eta Aintzane Oiarbide Gipuzkoako Bide Azpiegitura diputatuak GOIENAri baieztatu dioenaren arabera, eta, betiere, "negu honetan ezustekorik gertatzen ez bada", martxorako zabalik egongo da autobidea, "obraren %85 dagoeneko amaituta baitago". Behin hori amaituta, Beasain-Durango korridorearen Gipuzkoako tarte guztia amaituta egongo da, eta Bizkaiko tartea egitea bakarrik faltako litzateke.

Bi urtez lanak geratuta

Bost kilometro eskasek banatzen dute Bergarako Bonbulu eremua eta Deskargako gaina, baina Gipuzkoako orografia mota horretako obrak egiteko orduan errazena ez dela adierazten duten adibiderik garbienetakoa izan daiteke. Arazoz josita egon den tartea da hori. "Obra guztiaren %80 mendiari eusteko lanak dira", jakinarazi du Aintzane Oiarbidek GOIENArekin egindako bisitan.

21 hilabete pasa dira obrak hasi zituztela, eta, nahiz eta pasa den urteko negua oso gogorra izan zen eta normalean baino euri gehiago egin zuen, obrek aurrera jarraitu ahal izan dute. Gogoratu beharra dago obra geldirik egon zela bi urtez, lurrak ematen zituen arazo geologikoen ondorioz. 2015ean, obren gainkostuagatik, bertan behera geratu ziren lanak, Gipuzkoako Foru Aldundiak –orduan EH Bildu zegoen Gobernuan– enpresa eraikitzaileekin kontratua eten eta gero.

IKERKETA GEOTEKNIKOA EGIN ZEN ETA HAREN EMAITZATIK SORTU ZEN PROIEKTU BERRIA

Gipuzkoako Foru Aldundian gobernu berria sartzearekin bat, Deskargako obra berriz ere martxan jartzea erabaki zuten. Horretarako, eta lurrak ematen zituen arazoak kontuan hartuta "ikerketa geoteknikoa egitea erabaki genuen, eta handik sortu proiektu berri bat", dio Oiarbidek. Hala ere, proiektu berriarekin hasi aurretik eduki zuten lan potolo bat egiteko: "Bergaratik Antzuolarako bidea hartu eta segituan ezponda handi bat egin behar izan genuen, lurra mugitu eta errepidea arriskuan jartzeko aukera zegoelako". Lehen, errepidetik oso gertu gelditzen zen pareta.

'Lur-erauzketa bako eremu'

Arrasatetik eta Bergaratik doazen ibilgailuentzat, Bonbulu-ko eremua da obrekin aurrez aurre topo egiten den lehen eremua. Azken egunetan, gainera, batek baino gehiagok epelak botako zituen bere ibilgailuaren barruan, auto-ilaran denbora luzea eman behar izan duelako obrak direla eta. Leku hori, baina, lur-erauzketa bako eremu izendatu dute obrako arduradunek. Izan ere, errepidearen alde batera dagoen mendi eremua guztiz josita dago piboteekin eta habeekin. Besteak beste, buloi batzuk ere ageri dira: "Kablez beteta daude eta haien funtzioa mendiaren tentsioa neurtzea da. Datuak etengabe ematen dituzte eta arazoren bat balego segituan jakingo genuke zer den eta zer egin beharko litzatekeen".

Hormigoiarekin josi dute harria, eta grisen kontrastea ikaragarria da, mendia izanda ere. Horrenbeste grisen artean, baina, berde zantzuak ere ikusten hasiak dira dagoeneko. "Obrak berreskuratze paisajistiko bat izango du, paretetan belarrak eta landareak botatzen ibili dira urteko bolada desberdinetan eta dagoeneko belar berdea ateratzen hasia dagoela ikus daiteke", gaineratu du diputatuak.

 

Erreka gaineko biribilgunea

Bergarako muga pasa eta Antzuolako lurretan sartuta, dator obra tarte honetako beste puntu gatazkatsuetako bat, Igiribarerrota baserriaren inguruan, hain zuzen ere. Aurreko proiektuan aurreikusita zeuden ezponda batzuk puskatu egin ziren, eta, soluziorik ez zutenez, proiektu berrian, autobidera sartzeko baliagarri izango diren biribilguneen kokalekuak aldatu egin behar izan zituzten, leku faltagatik. "Antzuola hasieran dago orain kokatuta bigarren biribilgunea, eta berezia da, errekaren gainean egin delako, eta hori ez da oso ohikoa obra mota hauetan", adierazi du Aintzane Oiarbidek.

ERREKA GAINEKO BIRIBILGUNEAK EZ DIRA OHIKOAK

Zona horretan nabarmena den obraren beste ezaugarrietako bat lubetak dira: "Lur eremu hori ez zen horrelakoa eta izugarrizko betelanak egin dira; tarte batzuetan, 20-25 metroko paretak ere aurkituko ditugu".

 

 

Eztala futbol zelai inguruak

Ez dago dudarik, obra hori herriren batek sufritu baldin badu, hori Antzuola izan da. Gainera, tarterik gatazkatsuenetako bat, gatazkatsuena izan ez bada, bertan izan da, Eztala futbol zelaiaren inguruetan, hain zuzen. "Lur horiek, historikoki, mugimenduan izan dira. Antzuolako lerradura mugimendu historikoa deitzen zaio", jakinarazi du diputatuak. Geoteknikoki sakonki aztertu zuten eta konturatu ziren lur azpian ur emari handia zegoela, hori lurrarekin batzerakoan buztina sortzen zela eta hura gogortzean lurrak mugitzea eragiten zuela. Horri irtenbidea emateko, lur azpiko putzuak sortu dituzte hogei metroko sakonerara eta elkarren artean hamabi metroko distantziarekin. Guztiak elkarren artean lotuta daude eta guztiek errekako bidea hartzen dute.

LUR MUGIMENDU HISTORIKO BATI IRTEERA EMATEN ZAIO

Eztala futbol zelaiarekin lotuta, aurreikusita ez zeuden hobekuntza batzuk ere egingo dira. Sareak handitu eta hobetu, aparkalekuak hobetu eta beste aparkaleku batzuk sortu eta aldageletako zona konpondu, besteak beste: "Antzuolakoek asko sufritu dute, denbora luzean jasan behar izan dute obra hau, baina, behintzat, obra honek emango die soluzioa lurren mugimenduei", dio Aintzane Oiarbidek.

Bergara-Beasain 11 minutuan

Martxotik aurrera, behin obra guztia amaituta, Bergara eta Beasain arteko errepide tartea 11 minutuan egin ahal izango da. Urteetan obra eremuen ondotik pasa behar izan eta gero, beraz, Goierritik Debagoienera datozenek eta alderantzizko bidea egiten dutenek ere beste arintasun batekin egingo dute bidea.

 

Ordainpekoa, bai ala ez? 

Gipuzkoako Foru Aldundiak betidanik esan du GI-632 autobidea izango dela, eta, hori erakusteko, N-1ean instalatuta dauden moduko arku bat ezarri zuten Deskargan. Ideia da auto guztiek ordaindu behar izango dutela, errepide berria izanda, baina, Abiatu sistemaren barruan sartuko litzatekeenez, gehienez 29 euro ordaintzen dituenak berdin ordaintzen jarraituko luke.

Hala ere, azkenean, ordainpekoa izango den edo ez erabakitzeke dago oraindik. Gaia aztertzen ari da Aldundia eta Europako komisioarekin egiten ari diren lanketan ere gai hori lantzen ari dira. Gainera, edozein ordainleku martxan jartzeko foru arau berri bat egin behar da, eta, oraindik errepidea bukatuta ez dagoenez, ezin dute foru araurik martxan jarri.

Erlazionatuak

Deskargako lanak argazkitan

Eneko Azkarate Laspiur 2018 abe 14 Antzuola   Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak