'Goiena.eus': berrikuntzari lotuta, hasieratik

Maider Arregi 2018ko abe. 10a, 10:25

Orain dela hamabost urte, Goiena.net-en aurkezpenean; tartean, Miren Azkarate, orduko Kultura eta Euskara sailburua

2003ko azaroan, jaio zen Goiena.net webgunea. 2014an, berriz, .eus-era saltoa ematen aitzindaria izan zen Goiena. Internet, 15 urtetan abiadura bizian eta etengabe aldatu da. Puntan egoten jarraitzeko lanean dihardu Goiena.eus-ek.

Internetek eskatzen duen etengabeko berrikuntzari estuki lotuta egon da beti Goiena. Hala, teknologia berrien iraultzaren uholdearekin bat eginik, 2003ko azaroan Goiena.net webgunea jaio zen. Lehen urratsak ziren, eta gertuko eta euskarazko informazioa zen webgunearen ardatz nagusia. "Goienaren balioetako batean esaten dugu puntaren puntan egon behar dugula. Gure ikuskera helburuetan erreferente izatea eskatzen diogu geure buruari, baina ez hori irudiz ona delako, baizik eta puntan egonda eraginkorragoak garelako. Argi ikusi genuen Internet izango zela multimediaren laugarren hanka, mahaiari egonkortasuna emango zion hanka hori. Eta asmatu egin genuen. Gaur-gaurkoz, hanka oso inportantea da Goienarendako", azpimarratu du Goiena Komunikazio Taldeko zuzendari nagusi Iban Arantzabalek.

Euskara eta euskal komunitatea

Arantzabalek adierazi du orain dela 15 urte argi zutela bai Goienak eta baita euskarak ere sarearen aldeko apustua egin behar zutela. Euskarari eta euskal komunitateari asko eman diolako sareak: "Bi ekarri aipatuko nituzke: bata, euskara gertuko edukiekin zortzigarren probintzian ere egotea; bestea, euskal kulturako komunitatearekin bat-bateko harremana. Internetek ekarritako iraultzetako bat da komunikazioan igorle-hartzaile zena hartzaile-igorle noranzkoan ere gertatzea. Hori salto handia da, eta komunitatearekin informazioa landu nahi dugunondako ezinbesteko erreminta". Albistegi jarraituaren ideia teknologikoa Goienak CodeSyntax Eibarko enpresarekin batera garatu zuen. "Sustaturen sorreran egon ginen, bai. Nire jarduna Goienan Sustatu.com webguneari –orain .eus– lotuta hasi zen. Orduko hartan, telematika saila deitzen genion laugarren hanka horri. CodeSyntax enpresan ere hiru lagun ziren orduan eta albistegi jarraituaren ideia teknologikoa erakutsi ziguten. Segituan ikusi genuen zerua zabaltzen zela, mundu berri bat zetorkigula eta bai Goienak eta bai euskarak apustu egin behar zuela hor egoteko. Toki kazetaritzaren konstante bat izan da trenak azkar harrapatzea. Horren adibide dira Arrasate Press, Arrasate Telebista eta blog komunitatea bera. Apalago dago blogintza gaur egun, baina modu oso librean jarduteko gune aproposa da, eta 140 karaktereren diktaduratik harantzago jarduteko tresna egokia".

Diseinu berritzailea

Irisgarritasuna eta erabilgarritasuna, bi irizpideokin egindako gunea izan zen hasierako Goiena.net. Goio Arana (Goiena) eta Maite Rementeria (CodeSyntax) diseinatzaileek jardun zuten buru-belarri. "Duela hamabost urteko Internet eta egungoak ez dauka zerikusirik. Oso hedabide gutxi zegoen orduan sarean, eta zeudenak papereko produktuen isla soilak ziren, neurri batean. Albistegi eguneratuak –blog estiloan– hasi ziren han-hemenka sortzen, eta giro hartan sortu zen Goiena.net ere", azaldu du Rementeriak. Hamabost urte hauetan, plataformak aldaketa handiak izan ditu. 2004an, Goiena.net -ek Portugalgo eta Espainiako diseinu onenaren saria jaso zuen. Baina, hasierako urratsen ondoren, 2010a ezkero, erabateko berrikuntza izan zuen Goiena.net-ek. Multimedia izaera berezkoan sakontzeko urrats garrantzitsuak egin ziren. Besteak beste, Goiena telebistan landutako eguneko albisteen laburpena eta bideoak ikus zitezkeen. Berrikuntzen artean, zorion agurren eta Sailkatuen atalak zeuden, esaterako. Edonork bidaltzeko bidea ireki zen; partaidetza zabaltzen hasi zen. "Diseinua ere ikaragarri aldatu da. Ordukoari begirada bat ematea aski da horretaz ohartzeko. Orduan ez zen, adibidez, mugikorrik erabiltzen nabigatzeko, eta egun, bisiten gehiengoa horietatik dator. Diseinua aldatzen joan da urteetan zehar, moldatzen etengabe. Aldaketa handiak baino gehiago, aldaketa etengabea izan du".

'Net'-etik 'eus'-era

Goiena.net zena Goiena.eus da 2014a ezkero; guztiz eraberritua eta erronka gehiagori heltzeko gertu. "Eus-erako saltoa ematean aitzindariak izan ginen, bai. Gure jarduna lokala izan arren, inoiz ere ez dugu ahazten Euskal Herriko erreferentzia, eta euskararen eta euskal komunitatearen parte sentiarazten gaitu. Identitate arrazoiengatik .eus-ena oso argi ikusi genuen, gainontzeko hizkuntzen leku berean kokatzen gaituelako gu guztiok batuz. Gure lanak badu loturarik euskararen normalizazioarekin, eta horretan ere laguntzen du .eus ekimenak. Zelanbait, nazioarteko aitortza ere ematen digu .eus-ek", dio Iban Arantzabalek.

Euskarazko atariak

Goiena.net -en sorrerarekin etorri ziren hainbat euskarazko webgune. Guztiek zuten euskal komunitatea oinarri, baina bakoitzak bere esparrua betetzen zuen –aisialdia, tokiko merkataritza, informazioa...–: Merkatua.com, esaterako. Guztiz errotu ez bazen ere, bere fruituak eman dituena egun: Merkatari aplikazioa da horren isla. "Gure nahia izan da tokikoa eta euskara lehen lerroan egotea, eta porrot egin dugun proiektuetan inbertitzeak ere lagundu du horretan. Ezin da beti asmatu, eta porrot egiteko beharra ere errebindikatu nahi dut. Larri ibiltzen gara euskal kazetaritzan diruz-eta, baina, hala ere, Goienan, inbertitu egin dugu: Aurreztu, Zuzeu –gazteenendako plataforma–, Merkatua.net deitzen zen Internet bidezko salmenta lokaleko plataforma, musika lokalarendako blogak zituen Danbaka.com agerkaria... Batzuek beste batzuek baino gehiago funtzionatu zuten eta horiek denak izan dira oinarri Goienari egindako errekonozimenduak jasotzeko", dio Arantzabalek.

Etengabeko eboluzioa

Datuei erreparatuz, goranzko eboluzioa du Goiena.eus-ek. "Eten barik doa gora eta ez dugu goia jo oraindik. Eta horretan anai-arreba asko ditugu hedabide lokalak batzen gaituen Tokikom plataforman. Tokiko hedabideok, batuta, publizitatea modu eraginkorrenean egin dezakegu, eta eskaintza bateratua dugu Euskal Herri osora heltzeko. 250.000 irakurletara heltzen gara eta oso fidela den irakurlea da tokikoona. Sinesgarriak gara gertuko komunikabideok eta horrek publizitatea eraginkorra izaten ere laguntzen du", gaineratu du". Goiena.eus-ek, egunero-egunero, 5.000-6.000 bisitari inguru ditu. Albiste esanguratsuak dauden egunetan, 8.000 eta 9.000 bisitariren buelta dago. "6.500.000 orri ikusten dira urtean. Horri, baina, Twitter, Facebook eta Instagrameko datuak gehitu behar zaizkio; izugarriak dira datuak. Gure esparru geografikotik kanpora ere kontsumitzen da Goiena, eta hiriburuetatik %10eko trafikoa sartzen da, esaterako. Ez dugu goia jo eta hori da gure egitekoa, ahalik eta eraginkorrenak izatea", adierazi du Arantzabalek.

Rikardo Arregi Saria 2011

2011n, Rikardo Arregi Kazetaritza saria jaso zuen Goienak. Sariak, hain zuzen ere, Goienak Internetera egindako jauziari aitortza egin zion; tokiko eta euskarazko kazetaritzak teknologia berrien aldeko apustua egin izanari, alegia.

 "Askatasun esparru bat izan da bloga niretzat"

Euskal blogintzan aitzindarietakoa da Faroa bloga (goiena.eus/blogak/faroa). Orain dela 15 urte idatzi zuen lehen posta Joxe Aranzabal blogari arrasatearrak.

 

Zergatik erabaki zenuen blogari izatea?

Bizpahiru urte Sustatu-n eginda, erabaki nuen neure ahotsa izatea, eta orduan sortu nuen Faroa. Bertan nahi dudanaz idatz dezaket, eta nahi dudan unean, inori ezer galdetu behar barik, eta muga fisiko barik, blog batean artikuluak nahi adina luze izan daitezke eta. Niretzat, bloga izan da askatasun esparru bat, bai Sustatu-n eta baita Faroa-n ere, eta askotan balio izan dit nire iritziak besteenekin kontrastatzeko. Alde horretatik, eskola ere izan da bloga, bertan ikasi dugu-eta zelan eztabaidatu modu zibilizatuan.

Faroa-k duen oihartzuna espero zenuen? Sekulako feedbacka lortu zuen blogak.

Oihartzun hori sortu zenean izan zen; orain, askoz ere gutxiago. Sare sozialak sortu zirenetik, Twitter, batez ere, blogen inguruan sortzen diren eztabaidak eta iritzi-trukeak Twitterren gertatzen dira. Eta, gerora begira, ez dakit blogek berreskuratuko ote duten bertan eztabaidatzeko ahalmena. Eduki onak ateraz gero, seguruenik, bai; bestela, nekez.

Gaur egungo sare sozialen aurrekariak izan dira blogak?

Neurri batean, bai. Blogean denbora eta patxada hartzen duzu pentsamenduak garatzeko. Sare sozialetan, berriz, hori guztia di-da egiten da. Hala ere, denborak erakutsi digu sare sozialek badutela alde ilun bat, non manipulazioa eta zarata puri-purian dauden. Gainera, multinazional handiak erabiltzen ari dira sare sozialak gure datuak saldu eta gure iritziak manipulatzeko, Facebookek, adibidez, behin eta berriro erakutsi duen moduan. Panorama horretan, esan liteke blogak izan daitezkeela elementu egokiagoak itsaso nahasi horietan nabigatzeko.

Euskarazko blog komunitateak zer eman dio euskalgintzari?

Eman dio beste esparru bat, orduan sortu zena, blogena, eta euskal komunitateak nahiko bizkor bete zuena. Lehenbizikoa talde-bloga izan zen, Sustatu, eta hor, askok ikasi genuen zer ziren blogak, eta bertan zelan idatzi. Pare bat urte geroago sortu ziren blog pertsonalak, eta hor, esparrua izugarri zabaldu zen.

Desagertu egingo dira?

Egia esan, ez dakit zer gertatuko den, baina hortik zehar blog interesgarri askoak daude. Nik segitzen dut idazten; egia da, seguruenik, gura baino gutxiago idazten dudala, baina, zerbait esateko premia dudanean, ordenagailuaren aurrean jarri, eta idatzi egiten dut, gero Faroa-n ateratzeko. Eta horrela segituko dut.

Hezkuntzara eraman duzue blogintza; zein onura izan du Mondragon Unibertsitateko ikasleengan?

Ikasleek ikasten dute euren burua azaltzen –eta saltzen–, pentsamenduak antolatzen, eztabaidatzen… hori guztia, elementu multimediak erabilita: testua, argazkiak, bideoak, soinua. Euren ahotsaren jabe egiten dira, eta, konturatu barik ia, argitaratzaile bihurtzen dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak