Bergaran, emozio handiz agurtu zituzten hamaika egunez protagonista izan diren Ahobizi eta Belarriprest lagunak, Seminarixoan egindako igoera ekitaldian, eta, ondoren, Euskaraldiak iraun duen bitartean egin dituzten kale neurketen berri eman zuten. Emaitzen arabera, hamaika egun hauetan, euskararen erabilerak kalean nabarmen egin du gora adin tarte guztietan.
Aretxabaletan, berriz, Euskaraldiari atxikimendua emateko argazkia, dantza emanaldia eta flashmob-a izan zituzten. Baina ez ziren bakarrak izan, Antzuolan ere herri ikastetxeko ikasleek
flashmob-a egin baitzuten. Zapatuan, berriz, Izan dute eraginik genero rolek hitanoaren erabileran Antzuolan? hitzaldia egin zuen Onintza Legorburuk. Arrasaten ere egun handia izan zuten astelehenekoa; hain zuzen ere, UrflaXekin euskaraz...1,2,3 GoXaketaaaa
antzezlana, flashmob-a eta Potx eta Lotxen emanaldia izan zituzten.
Elgetarrek ere antzezlan beraz disfrutatzeko aukera izan zuten astelehenean, baina Euskaraldiaren ospakizun handia zapatuan egin zuten; izan ere, Elgetako kantuzaleek, Eibarkoen laguntzarekin, hainbat euskal kantu klasiko abestu zituzten.
Oñatin haratago joan ziren eta Euskaraldiak iraun duen hamaika egunetan hartutako ohiturak finkatzeko konpromisoa hartu zuten, Euskararen Kriseilua ekimenarekin. Bestalde, Ez dok hiru antzezlana izan zuten. Eskoriatzan, buruhandiak, txokolate-jana eta Euskaraldiko bizipenekin bideo emanaldia izan zituzten astelehenean. Zapatuan, berriz, Euskaraldiaren Herri Eguna ospatu zuten.
Aramaion aurreratu egin zuten Euskararen Eguna: abenduaren 2an ospatu zuten, herri lasterketa eginda; 120 lagunek hartu zuten parte. Astelehenean ere izan ziren etxeko txikienentzako ekitaldiak.
Herri batzordeei esker
Arrate Illaro Euskaraldiko koordinatzaileak Goienari adierazi dio "imajina zezaketena baino" masiboagoa izan dela Euskaraldia eta hori herritarrak aktibatzeari esker lortu dela.