Lepoan zeraman urrezko katea eta kentzeko unean, gauean, konturatu zen falta zuela. Orduan ulertu zituen hainbat gauza. "Autoan Bergaratik Elgetarako bidean nentorrela atzetik zetorren beste ibilgailu batek argiak bota zizkidan behin baino gehiagotan. Zerbait gerta zitekeela beldurtuta gelditu egin nintzen eta emakume bat irten zen atzetik zetorren ibilgailutik. Lan bila zebilela esan zidan, premia handia zuela eta ea nik banuen lanik. Etxea garbitzen, umeak zaintzen… Ezetz esan nion, galdetzeko inguruko etxeetan eta oso jatorra nintzela esanda besarkada bat eman zidan. Oso arraroa egin zitzaidan kontua eta berehala aldendu nuen, baina ordurako berak hartua izango zuen nire katea”, azaltzen du biktimak.
Amarruaz jabetuta berehala ipini du salaketa Bergarako ertzain etxean. Ez da besarkada solidarioa delako lapurreta amarruaz Elgetan lapurreta egiten duten lehenengo aldia. Uztailaren 2an antzerako beste kasu bat izan zen, kasu honetan herrian bertan.
Besarkada solidarioa
Ertzaintzak jakinarazi duenez, besarkada solidarioa deritzo lapurreta mota horri, eta, Debagoienean horren ohikoak ez diren arren, leku askotan izaten dira kasuak. "Normalean, neska gazteak izaten dira, eta gehienetan bakarrik dauden erretiratuengana joaten dira. Gerturatu eta lagunak balira bezala tratatzen dituzte. Edozein aitzakia erabiltzen dute biktimarengana gerturatu, besarkatu edo musu bat emateko, eta momentu hori aprobetxatzen dute lapurtzeko".
Horrelako kasuak saihesteko, aholkua da "mesfidati jokatzea eta distantziak mantentzea ezagutzen ez dugun pertsona bat horren adeitsu etortzen zaigunean, eta besarkatu edo musukatu nahi digunean".
Martitzeneko kasuari dagokionean zabalik da ikerketa.