Uztailaren 2a zen. Goizaldera. Modesta Azkarragaurizar elgetarra banku batean eserita zegoen, eta neska gazte bat hurbildu zitzaion, "lagunak" balira bezala. "Tabernara zerbait hartzera joateko esan zidan. Nik ez nuen ezagutu, eta ezetz esan nion. Hala ere, jarraitu egin zuen, besarkadak eta musuak ematen, nigandik oso gertu. Konturatu nintzenerako, bi lepokoak falta zitzaizkidan. Ez nuen tirakadarik sumatu, ondo soltatu zidan, antza. Mutil bat zeukan itxaroten auto batean, hogei bat metrora. Autoan sartu eta alde egin zuten", kontatu du.
Urrezko bi lepoko zituen jantzita Azkarragaurizarrek, bat bere izen-abizenekin, eta biak lapurtu zizkion. "Segidan" jarri zuen denuntzia Ertzaintzan, baina, oraingoz, ez dago lapurren berririk.
Besarkada solidarioa
Ertzaintzak jakinarazi duenez, besarkada solidarioa deritzo lapurreta mota horri, eta, Debagoienean horren ohikoak ez diren arren, leku askotan izaten dira kasuak. "Normalean, neska gazteak izaten dira, 20-30 urte bitartekoak, ijitoak edota errumaniarrak. Erretiratuengana joaten dira, kalean bakarrik daudenean. Gerturatu eta lagunak balira bezala tratatzen dituzte. Edozein aitzakia erabiltzen dute biktimarengana gerturatu, besarkatu edo musu bat emateko, eta momentu hori aprobetxatzen dute lapurtzeko", jakinarazi du Ertzaintzak.
Horrelako kasuak saihesteko, aholkua da "mesfidati jokatzea eta distantziak mantentzea ezagutzen ez dugun pertsona bat horren adeitsu etortzen zaigunean, eta besarkatu edo musukatu nahi digunean".