Basozainen aldetik utzikeria izan zela salatu zutela artzainek Eskoriatzan, azaroaren 6an, egindako prentsaurrekoan diote. Ardiengan kalteak eragiten diharduten txakurrak akabatzearen erabakia, baina, ezin dutela basozainek hartu argitu gura izan dute: "Txakur horiek tiroz botatzeko, prozedura zorrotza jarraitu behar da; basozainok ezin dugu erabaki hori gure kabuz hartu eta tiroka hasi; Udalak eta Aldundiak hartu behar dute erabakia, beti ere arautegiak dioena jarraituz. Basozainok ez dugu orain arte zentzu horretan inolako eskaera edo agindurik jaso".
Hala ere, basozainok arazo honi konponbide bat topatzen laguntzeko daudela azpimarratu dute: "Kontrolik gabeko etxeko animalien arazoa gero eta larriagoa izanik, basozainok prest gaude arazo horri konponbidea topatzen laguntzeko, baina beti legeak zehaztutako moduan eta horretarako prozedurak eta baliabideak (nahiko basozain kopuru eta baliabide teknikoak) jartzen badira, artzainen alde, baina aldi berean babestu behar dugun animalien ongizate eta ingurumenaren alde".
Azkenik argi utzi dute ez direla beraien karguz aritzen eta indarren dagoen legedi zabala ahal den heinean ondo betetzen saiatzen direla. Are gehiago, Gipuzkoako Mendi Foru Arauak eta Aldundiak ezarritako protokoloari jarraituz egiten dute lan eta txakurren kasuan, berdin jokatuko dutela aitortu dute.
Kargu politikoen babes falta
Era berean, salatu dute Aldundiko kargu politikoen aldetik babes falta handia: "Ez gaituzte aintzakotzat hartzen; baztertuta gaude eta ez dago inolako komunikaziorik ezta erantzunik gure eskaerei eta beharrei. Hala ere, saiatzen gara indarrean dagoen legedia betearazten eta gure funtzio administratiboak burutzen. Horrela, oztopoak oztopo, ahal dugun lan txukunena egiten saiatzen gara, gure nagusien babesik gabe bada ere".
Hain zuzen babes falta horren aurrean 2017an Gipuzkoako Basozainen Elkartea sortu zuten, basozainen formazio profesionala sustatuz. Eskaera ere egin gura izan diote Aldundiari: "Bitarteko materialak; basozainon kopuru nahikoa gure lana behar bezala betetzeko; basozainon antolaketa egokia; eta basozainon lana gizarteratzea". Gaineratu dute Bizkaia, Araba eta Nafarroako basozainen elkarteekin eta Espainiako beste hainbatekin harremanak estutu dituztela eta antzeko arazoak dituztela guztiek: "Kasu askotan gure lana ez da aitzakotzat hartzen eta horri buelta emateko pauso sendoak eman behar ditugu".