Zaintza izango da martxoaren 8ko grebaren ardatza

Maialen Regueiro 2018ko aza. 6a, 13:10

Debagoieneko eta Debabarreneko hamabi talde feministatako ordezkariak Arrasaten elkartu dira, 2019ko Martxoaren 8ko greba antolatzeko helburuarekin; Arrasateko etxez etxeko lankide bat ere bileran izan da, grebaren oinarria zaintza izango da eta

2018ko Martxoaren 8ko greba inoizko jendetsuena eta eraginkorrena izan da, eta, hori aintzat hartuta, 2019koa prestatzen hasiak daude dagoeneko Debagoieneko eta Debabarreneko hainbat talde feminista. "2018koa antolatzeko denboraz estu ibili ginen, eta, 2019koari begira, erabaki dugu lehenbailehen biltzea, gure artean lehenengo kontaktua egiteko, talde batzuk ezagutzen ez genituelako. Bildu gara argitzeko eduki ditzakegun zalantzak eta kezkak, eta ikusteko nondik hasi gaitezkeen greba antolatzen. Iaz grebak izan zuen erantzuna ikusita, herri bakoitzean egindako balorazioetatik, positibotzat hartu genituen gauzak mantentzeko, eta sentsazio gazi-gozo horiek edo, agian, gehiegi landu ez genituen gauzak berreskuratu eta hobetzen saiatzeko", azaldu du Jasone Giraldok, Emakumeen Mundu Martxako kideak.

Irail hasieran Gasteizen egindako batzar batean abiatu zuten 2019ko Martxoaren 8ko greba antolatzeko bidea, eta orduan zehaztu zuten zaintza arloa izango dela grebaren ardatz nagusia, eta 24 orduko greba izango dela.

Hori kontuan hartuta, talde feminista ezberdinek herrian herriko egoerak aztertu, eta haien kezkak, zalantzak eta proposamenak eraman dituzte aste honetako batzarrera. Hala, ideia ezberdinak partekatu ahal izan dituzte taldeek.

Urretxu eta Donostia

Arrasaten elkarbanatutako ideiak eta ateratako ondorioak Urretxura eramango dituzte bihar, zapatua, egingo duten bilerara. Gipuzkoako eskualdeak koordinatzeko bilera izango da, eta 10:00etan emango zaio hasiera, Urola-Garaiko Emakumeen Etxean.

Ondoren, azaroaren 17an, Euskal Herri mailako batzar handi bat egingo dute Donostiako Emakumeen Etxean, Euskal Herriko Mugimendu Feministako grebaasanblada izenekoa. 10:00etan izango da hori ere, eta arratsaldean, Euskal Herriko Jardunaldi Feministak antolatzeko batzarra egingo dute. "Helburuak ondo finkatuko dira, eta egun horretatik aurrera norabide hori jarraituko dugu. Herri bakoitzak bere izaera propioa dauka, baina saiatuko gara bailara honetan indarrak batu, eta guztion artean aurrera egiten", dio Giraldok.

Horrez gain, 2019ko azaroaren 1eko zubirako jardunaldi batzuk antolatuko dituzte, eta abenduaren 1ean batzar irekia egingo dute, jardunaldi horiek zeren bueltan antolatuko diren erabakitzeko.

Zaintza, ardatz nagusia

Esan moduan, Gasteizen erabaki zuten zaintza arloan zentratuko dela greba, hori izango dela ardatz nagusia. "Ildo horretan, uste dugu oso garrantzitsua dela etxez etxeko zerbitzua eskaintzen duten langileen ikuspegia, Arrasaten lau hilabetez greban egon direnak, borroka handia eduki dutenak, eta esateko asko daukatenak. Eurek barrutik bizi izan dutena guri ikusarazteko, guk ere hortik ikas dezagun. Beraz, uste dugu oso aberasgarria izango dela haiek ere parte hartzea", azaldu du Giraldok.

Hala ere, greba feminista ez da horretan bakarrik zentratuko. Izan ere, ahalik eta emakume guztiengana iristea izango da helburua. "Aurtengo Martxoaren 8ak apur bat estututa eta denbora gutxirekin harrapatu gintuen, eta konturatu ginen emakume askorengana ez ginela heldu. Beraz, pentsatu genuen interesgarria izango zela herri bakoitzak batzar irekiak egitea eta talde feministetan parte hartzen ez duten emakume guzti horiek gonbidatzea euren ekarpenak egitea. Horrez gain, Martxoaren 8ra begirako antolaketan ere parte har dezaten nahiko genuke, konpromiso barik eta bakoitzak ahal duen heinean. Uste dugu emakume asko daudela esateko asko dutenak, eta, akaso, ikusten ez direnak. Beraz, landu beharko dugu modu bat emakume horiek aldarrikapenera batu, eta euren ahotsak gizarte guztiaren aurrean entzun daitezen".

Elkarlanaren garrantzia

Azken urteotan, feminismoa indarra hartzen ari da, eta horren gakoetako bat talde ezberdinen arteko elkarlana da. Gurean ere igartzen da elkarlan hori. "Iaztik hona nabari da elkartuago gaudela, batuago", dio Giraldok. Asteleheneko batzarra da horren erakusleetako bat. "Debagoieneko talde feministak komunikatuta gaude, eta edozein gauzetarako elkarren laguntza daukagu. Zenbat eta gauza gehiago egin elkarrekin, orduan eta gehiago batzen gara, aberatsagoa da lana. Gauzak elkarrekin eginda, erronka berriak eta bateratuak finkatu ditzakegu, indar handiagoa daukagu eta egiten dugun lana eraginkorragoa da". Arrasaten etxez etxeko zerbitzua eskaintzen duten langileen aldeko atxikimendua jarri du adibidetzat Giraldok. "Deialdia zabaldu genuen, eta, bi bailaretako talde feminista ezberdinen atxikimendu bateratu bat eskaintzeaz gain, manifestazioan ere guztiok egon ginen".

Azaroaren 25a

Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna, azaroaren 25a, ate joka den honetan, Debagoieneko talde feministak hainbat ekintza antolatzen ari dira. Herri bakoitzaren errealitatera egokitutako ekintzak izango dira. Hala ere, aldarrikapen bateratua izango da, "justizia patriarkalaren" aurkakoa. "Gaur egun dauden gaiak aintzat hartuta, justizia patriarkalari erantzukizuna eskatzeaz gain, haren aurkako aldarrikapenak plazaratuko ditugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak