Debagoienean "kalitatezko" ezti eta erle jatorriko produktuak daudela ikustarazi dute

Amaia Txintxurreta Guridi 2018ko urr. 29a, 15:31

Elgetan ospatu den erle egunean bailarako hainbat erlezain izan dira euren postuetan, besteak beste, eztiak, propoleoa, intxusa ukenduak, argizariak edota xaboiak saltzen. Egunaren helburua izan da herritarrei erleen mundua gerturatzea eta erakustea Debagoienean "kalitatezko" erle jatorriko produktuak egiten direla.

Eguraldi txarragatik, frontoian egin dute Mendizaleen Plazan egitekoa zen Erle Eguneko azoka. Dena den, eguerdi aldera gerturatu da jendea, erleen ingurukoen berri jakin nahian eta azokako produktuak ezagutzeko helburuz.

Egunaren antolatzaileetariko bat den Asier Martinek adierazi du azokara gerturatu den jendeak jakin nahi izan duela ea kolore eta zapore desberdinetako eztiak, erle berdinenak diren ala ez: "Guk esaten diegu garaiaren arabera ateratzen direla ezti desberdinak".

Elgetako erlezainez gain, Oñatiko Mikel Jauregialzo ere bertan izan da postuarekin, eta guztiek askotariko eztiak eta erle jatorriko produktuak izan dituzte salgai. Elgetako erlezain Luis Mari Arantzeta, esaterako, gustura gelditu da azokak emandakoarekin.

Umeendako entretenimendua

Gaztetxoenek ere izan dute zerekin gozatu; txapak margotzeko eta aukera izan dute batetik. Eta bestetik, argizariarekin albal papel estiloko xaflak egiteko aukera ere izan dute, esaterako, bokadiloak horietan eramateko.

Energiaz betetako barratxoak ere eztiarekin nola egin ikasteko aukera izan dute azokara gerturatu direnek eta interesa piztu du, jende dezente batu delako, mahaiaren bueltan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak